Bihar hiru urte beteko dira Israelek Gazako sarraskia abiatu zuenetik. Geroztik, gutxienez 73.000 pertsona hil eta 170.000 inguru zauritu ditu Israelgo armadak. Israelgo bozen kanpaina betean murgilduta dauden honetan beteko da urteurrena. Hilaren 27an egingo dituzte parlamenturako hauteskundeak, eta, nahiz eta Israelek palestinarrak hiltzen dituen oraindik ere, gauza bakarra dago hautagaien mahai gainean: ea norena den Hamasek egindako erasoaren erantzukizuna —1.200 lagun inguru hil zituen Israelen egindako erasoaldi hartan—.
Haaretz-ek kaleratu zuen berria duela aste gutxi: Arabiar Emirerri Batuetako presidente Mohamed bin Zayedek Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari ohartarazi zion Hamasek asmoa zuela Israelen eraso handi bat egiteko. Israelgo kazeta horrek kaleratu zuenez, 45 minutu inguru iraun zuen Bin Zayeden eta Netanyahuren arteko elkarrizketak. Israelgo lehen ministroak, baina, ez zion kasurik egin.
Horrez gain, Nazioarteko Zigor Auzitegiak Israelgo lehen ministroa atxilotzeko agindua emana du, Gazan egiten ari dena «gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak» direla argudiatuta. Hori dela eta, Netanyahuren aurka agertu direnek argi daukate: harena da Hamasek egindako erasoaldiaren erantzukizuna, eta gobernuak bere kasa uko egin beharko lioke agintaldiari; eta, bestela, bozetan erorarazi beharko litzateke.
Netanyahuk, ordea, erantzukizuna ukatzen jarraitzen du. Hareetz-ek albistea argitaratu eta ordu gutxira jakinarazi zuen kazeta horren aurkako salaketa bat jarri duela «gezurrak» esateagatik. Une oro ukatu du Bin Zayedek ohartarazpen hori egin ziola, eta salatu du kazeta horrek «helburu politikoak» dauzkala; alegia, Netanyahu lehen ministro kargutik kendu nahi duela.
Israelgo Keshet 12 telebista kateak argitaratu duen azken inkestaren arabera, hamabi eserleku galduko lituzke Likudek —32 izatetik 20 izatera igaroko litzateke—, eta hura babesten duten eskuineko alderdien multzoak gehiengoa galtzeko arriskua dauka. Iturri beraren arabera, Gadi Eisenkot Yashar alderdiko buruak lortuko lituzke eserleku gehien —23 guztira—, eta hura buru duen oposizioko blokeak 54 eserleku lortuko lituzke, eskuineko blokeak baino lau gehiago. Hala ere, bi blokeetako batentzat ere ez litzateke nahikoa izango —gobernua osatzeko 61 eserleku behar dira, gutxienez, Israelgo Knessetean—.
Gazan, okerrera
Israelen hauteskundeei begira ari diren bitartean, Gazako zerrendan egoerak okerrera egin du. Gurutze Gorriak argitaratu dituen datuen arabera, Gazako herritarren %90ek baino gehiagok utzi behar izan dute bere etxea Israelgo armadaren erasoen ondorioz. Gainera, Gurutze Gorriak ohartarazi du 1,5 milioi pertsonak aterpe bat beharko dutela hotzari eta euriteei aurre egiteko.
Gazako Osasun Ministerioak atzo ohar batean zehaztu zuenez, «su etena» ezarri zutenetik Israelgo armadak 1.460 lagun hil ditu, eta 5.000 baino gehiago zauritu ditu Gazan.
Iazko urrian adostu zuten su etena bi aldeek, AEB Ameriketako Estatu Batuak bitartekari zirela, eta orduan sartu zen indarrean Donald Trump AEBetako presidenteak ondutako hogei puntuko bake akordioa. Zera zioen, besteak beste: Gaza berreraikiko zutela, eta herritar bakar bat ere ez zutela behartuko bertatik alde egitera.
Su etena indarrean dagoen arren, Palestinako agintariek salatu dute Israelek erasoak egiten jarraitzen duela, eta laguntza humanitarioa iristeko zailtasunak dituztela. Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak, esaterako, duela bi aste NBEren Batzar Nagusiko bilkuran salatu zuen Israelek «garbiketa etnikoa» egin nahi duela. Eta «terrorismoa» ere egotzi zion Netanyahuri. «Hau genozidioa ote den? Horixe ezetz! Kontrakoa baizik. Israelek ez du genozidiorik gauzatu; genozidioa eragotzi du», erantzun zuen Israelgo lehen ministroak.