«Nekatuta eta kezkatuta», baina «ilusio polit batekin» itzuli da Euskal Herrira Itziar Moreno (Bilbo, Bizkaia, 1982) Global Sumud Flotillan parte hartu duen ekintzailea. Atzo gauean iritsi ziren Moreno, Jotas Oses, Mikel Zuloaga eta Abdel Karim el-Khamlichi Loiura, Israelek flotillako ontziak atzeman eta ekintzaileak kanporatu ondoren. Abuztu amaieran ekin zioten Gazarako bideari, eta Israelen sarraskia pairatzen ari direnei ezin laguntza emanda bukatu behar izan dute ibilbidea. Dena den, Morenok uste du gisa honetako ekintzek itxaropena piztu dezaketela, eta borrokan jarraitzeko deia egin du.
Egun bat ere ez da igaro Euskal Herrira iritsi zinenetik. Nolakoa izan da itzulera?
Emozio asko ditut, guztiak aldi berean. Batetik, nekatuta nago, hilabete luzea izan delako, eta kartzelan egon garen egunotan ezer gutxi izan dugulako jateko eta edateko, eta lo ere gutxi egin dugulako; bestetik, kezkatuta nago, flotillako kide asko geratu direlako Israelgo kartzeletan, eta, noski, Gazan gertatzen denagatik. Halere, indar eta ilusio polit batekin ere itzuli naiz; izan ere, flotillak erakutsi du munduko zapalduak elkartzen garenean gauza handiak egin daitezkeela; gauza handia da itxaropena.
Ibilbideari ekin eta berehala atzera egin behar izan zenuten eguraldi txarraren ondorioz. Nola eragin zion horrek taldeari?
Itsasoan ibiltzea ez da erraza izan. Gu ez gara marinelak... batzuk dezente zorabiatu gara.
Droneak izan zenituzten atzetik Gazara gerturatu ahala...
Jakin bagenekien nor izango genuen aurrean, besteak beste, tropa sionistak haurrak tirokatzeko, jendea bizirik erretzeko edo gosez akabatzeko gai direlako. Gure aurkako erasoak, izugarriak izan arren, oso kalkulatuak izan dira; ez zuten inor zauritzerik nahi. Horrek agerian uzten du batzuen biziek gureek baino gutxiago balio dutela, eta horrek sutu egiten gaitu. Palestinarren egoerarekin alderatuta, txiki geratzen da flotillako kideok pairatutakoa; halere, jasandako erasoak salatu nahi ditugu. Israelek nazioarteko zuzenbideko lege oro urratzen du, eta ezin da ahaztu nazioarteko uretan atzeman gintuztela, eta laguntza humanitarioa generamala, ekintza baketsu baten bidez.
Gazara iristear zinetela, Israelgo armadak ontziak atzeman zituen. Zer etortzen zaizu gogora une horretan pentsatzean?
Horrelako egoera bati aurre egiteko prestakuntza jaso genuen; halere, legez kanpoko atxiloketa bat izan zen. Are, Israelgo armadak bahituta eduki gaitu hainbat egunez, legez kanpo, eta ekintzaile asko oraindik ez dituzte askatu.
Zer-nolako tratua eman zizueten Israelek atxilo hartu ondoren?
Israelek ahal beste eskubide urratu ditu: jipoitu egin gaituzte; lurretik arrastaka eraman gaituzte; ordu luzez urik eta janaririk gabe eduki gaituzte; arma handiak buruaren aurka jarrita behin eta berriz egin digute mehatxu; bero handia egiten zuela, kanpoan, dozenaka emakume pilatuta eduki dituzte ordu luzez urik eman gabe... Aldiz, hori guztia larria eta gaitzesgarria izanagatik, ez da deus palestinarrek pairatzen dutenaren aldean. Guri hori egiteko gai badira, zer ez diete egingo haiei?
Etxean zaude berriro ere. Merezi izan du?
Ekintza bakar batek ez du guztia aldatzeko gaitasunik, baina borroka askoren barruan keinu sinboliko handi bat dela uste dugu. Ez dugu lortu Gazara ailegatzea, baina asteotan gauza asko mugitu dira nazioartean. Gazan itxaropena piztu du flotillak, baita munduan ere. Palestinar herriak hori baino gehiago behar du, ordea: egiazko bakea, zeina soilik posible izango baita baldin eta palestinar guztiek etxera itzultzeko eta autodeterminaziorako eskubidea badute. Borrokan jarraituko dugu horren alde.