Espainiako Vueltan Palestinaren alde manifestatu ziren lau ekintzaileri zitazio bana igorri die Nafarroako Foruzaingoak. Honako hau egozten die Poliziak: kirol proba horrek Nafarroa zeharkatu zuenean errepidea inbaditu izana txirrindulariak igarotzen ari zirela. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, lau manifestariak errepidera sartu ziren txirrindulariak igarotzen ari zirenean, eta horrek arriskuan jarri zuen lasterketaren segurtasuna.
Palestinarekin Elkartasunak ohar batean jakinarazi duenez, uko egin diote Foruzaingoaren zitaziora joateari, «ezkutuko atxiloketa baten jokoan ez erortzeko». Oharrean diotenez, desobedientzia zibilerako eskubidea baliatu zuten «Palestinako herriaren apartheida eta Israelgo kolonialismoa» salatzeko, eta hori egiteagatik «noiznahi atxilotu eta auzitara eraman ahal gaituzte».
Izan ere, abuztuaren 23an abiatu zen Espainiako Vueltan Israel Premier Tech taldea zegoen parte hartzaileen artean, eta zenbait herri mugimenduk boikota egitera deitu zuten. Euskal Herrian ez ezik, kirol probaren ibilbide osoan izan ziren protestak.
Txibiteri hipokrisia leporatu diote
Bestalde, hipokrisiaz jokatzea leporatu diote ekintzaile nafarrek Maria Txibite Nafarroako lehendakariari. Izan ere, haien esanetan, Palestinari elkartasuna adierazteko, Israelgo estatuari boikota egiteko eta harekiko harremanak haustea eskatzeko manifestazioetara joaten da lehendakaria, baina, aldi berean, eskakizun horiekin koherente jokatzen dutenen aurkako jazarpen judiziala ahalbidetzen du haren administrazioak.
Gai horri buruz galdetu diote gaur bertan Carmen Maeztu Nafarroako Enplegu sailburuari, eta ukatu egin du hipokrisiaz jokatu denik. Haren aburuz, erabat bateragarriak dira ordena polizialarekin lotutako ekintza horiek eta Nafarroako Gobernuak genozidioaren kontra duen jarrera. Are gehiago, Foruzaingoaren zitazioak defendatu ditu: «Agerikoa da errepidea inbaditu zutela, eta horrek arriskuan jarri zuen lasterketaren segurtasuna».
Ekintzaileek, ostera, boikot kanpainetan parte hartu duten pertsonen aurka irekitako auzi guztiak artxibatzea exijitu dute. «Boikota ez da delitua, betebehar politiko eta etikoa baizik», adierazi dute.