Gazan laguntza humanitarioa «arma gisa» erabiltzea gaitzetsi du UNRWAk

Gazako Gobernuak salatu du Israelek bederatzi palestinar hil dituela laguntza humanitarioa jasotzera joandakoan. Netanyahuren arabera, Hamaseko burua hil dute.

Hainbat palestinar Gaza hirian, otordu bat jasotzeko itxaroten, joan den astean. HAITHAM IMAD / EFE
Hainbat palestinar Gaza hirian, otordu bat jasotzeko zain, joan den astean. HAITHAM IMAD / EFE
Julen Otaegi Leonet - Aitor Garmendia Etxeberria
2025eko maiatzaren 28a
11:20
Entzun 00:00:0000:00:00

UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak gaur adierazi du, sare sozialetan, zerrendan bizi diren bi milioi gazatarrek ezin dutela «gehiago itxaron», eta eskatu du utz diezaiotela laguntza humanitarioa zerrendan sartzen. Erakunde hartako arduradun Philippe Lazzarinik Tokion emandako prentsaurreko batean salatu du Gazako krisia ezin dela konpondu «presio politiko eta militarra ezarriz», eta laguntza humanitarioa «arma gisa» erabiltzea gaitzetsi du. Rafahn atzo izandako pilaketak «kaotikoak» izan zirela esan zuen, eta laguntza «oztoporik gabe» sartzea exijitu. MEP Munduko Elikadura Programak ohar batean jakinarazi du gutxienez bi pertsona hil direla gaur, «goseak jotako jende oldea» MEPen biltegi batera sartzen saiatu denean, zerrenda erdialdeko Deir al-Balah hirian.

Gaza Humanitarian Foundationek laguntza humanitariorik ez ematea erabaki du gaur goizean, «prestalanak» egiten ari delako, Hareetz Israelgo hedabideak erakundea aipatuz kaleratu duenez. Izan ere, atzo jende oldeak izan ziren banaketa egiten ari ziren guneetako batean. Geroago, Gaza Humanitarian Foundationek berak zehaztu du zerrendan dituen lau banaketa guneetatik batek laguntza ematen jarraitu duela gaur, «istilurik gabe», eta beste bat irekitzeko lanetan ari direla.

Ia hiru hilabeteko blokeoaren ostean, Gazan laguntza banatzeko baimena eman zuen iragan astean Tel Avivek. Gaza Humanitarian Foundation gobernuz kanpoko erakundea arduratzen da horretaz, eta bi gune ezarri zituen atzo zerrendaren hegoaldean, Morageko pasabidean eta Rafah hirian. Azken horretan kaosa nagusitu zen: milaka palestinar oldean sartu ziren, eta, Israelgo armadaren arabera, horiek sakabanatzeko «ohartarazpen tiroak» egin zituzten soldaduek. Gazako Gobernuak —Hamasen esku dago— gaur Al-Jazeera hedabideari jakinarazi dionez, ordea, hiru palestinar hil zituzten tiroz atzoko Israelen erasoaldian, eta 48 lagun ere zauritu zituzten. OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Bulegoak Palestinan duen ordezkaritzako buru Ajith Sunghayk jakinarazi du gehienak Israelgo armadaren tiroengatik zauritu zirela. Gobernuaren arabera, gaur beste sei palestinar hil dituzte, laguntza jasotzera joan direnean.

Gaza Humanitarian Foundation herenegun hasi zen laguntza humanitarioa banatzen, eta atzo arte 462.000 otordu banatu zituztela jakinarazi zuen. Estatubatuarrek kontrolatzen dituzte laguntza banatzeko guneak; Israelgo armadak, berriz, horien kanpoaldea. Gainera, bertara doazen gazatarrek Hamaseko kide ez direla egiaztatu beharra dute. Israelgo zenbait hedabidek Etxe Zuriko iturri ofizialak aipatuz kaleratu dutenez, «Israel salbu dago, eta Hamas esku hutsik, banaketa sistema seguruari esker».

Gaur, Israelek gutxienez 43 palestinar hil ditu Al-Jazeerak Gazako Osasun Ministerioko iturriak aipatuz kaleratu duenez. Wafa Palestinako berri agentziak gehitu duenez, Gaza hiriko Saftawi auzoan kazetari bat eta haren zazpi senide hil dira Israelen bonbardaketa batean; zerrenda erdialdeko Deir al-Balah hirian eraso egin diote etxe bati, eta familia bateko sei kide hil dituzte; Gaza hegoaldeko Khan Yunis hiritik gertu beste hiru lagun hil dituzte.

Hamaseko burua, hilda

Gaur, Israelgo Parlamentuan hitza hartzean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ziurtatu du Hamaseko buru Mohammed Sinwar hil dutela Israelek hilabete honetan egindako bonbardaketa horietako batean. Haren anaia Yahya Sinwar izan zen talde islamistako burua, baina iazko urrian Tel Avivek hura hil zuela jakinarazi zuen. Ordutik, erakundeko burua izan da Mohammed Sinwar. Hamasek ez du baieztatu Sinwar hila denik.

Bestalde, Hamasek ohar batean adierazi du Gazarako menia proposamen baten oinarriak adostu dituela AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkari Steve Witkoffekin. Hamasen arabera, Israelgo armadak tropa guztiak atera beharko ditu zerrendatik, eta erakunde islamistak hamar bahitu entregatuko ditu, baita zenbait bahituren gorpuak ere —ez dute zehaztu zenbat—. Trukean, Israelek zenbait preso palestinar askatuko lituzke —kopuru hori ere ez dute zehaztu—. Halere, erakunde palestinarrak adierazi du erantzun baten zain daudela. Ez Washingtonek, ez Tel Avivek ez du baieztatu halakorik, baina Witkoffek prentsaurreko batean jakinarazi du Etxe Zuria menia proposamen berri bat aurkeztekoa dela.

AMNESTY INTERNATIONALEk salatu du hamasek manifestariAK mehatxatZEN dituela

Gaza iparraldeko Beit Lahia hirian, palestinarrak behin baino gehiagotan atera dira kalera Israelen setioa salatzeko, eta, manifestazio horietan, Hamasen kontrako aldarriak ere entzun ohi dira. Gazako Gobernua erakunde islamista horren esku dago, eta AI Amnesty International GKE gobernuz kanpoko erakundeak salatu du Hamasek mehatxu egiten diela zerrendan «protesta baketsuak» egiten dituzten palestinarrei; erakundearen arabera, itaundu eta jipoitu egiten dituzte, eta jazarri egiten zaizkie. Horiek horrela, AIk exijitu du Hamasek «neurri zapaltzaile» horiek bertan behera utz ditzala berehala: «Salaketak asaldagarriak dira, eta [Hamasen neurriek] urratu egiten dituzte adierazpen askatasunerako eskubidea eta elkartzeko eskubidea». Erakundeak «gaitzesgarritzat» jo du erakunde islamistaren jokaera, ohar batean, eta herritarrek agintariak kritikatzeko eskubidea dutela nabarmendu du, ordainetan «errepresiorik» sufritu gabe.

Oharraren arabera, AI hainbat manifestarirekin mintzatu da joan den bi hilabeteotan, eta horietako batzuek adierazi dute galdeketetara deitu zituztela, makilekin egurtu zituztela, eta tiro egiteko mehatxua ere egin zietela. Manifestarien adierazpenak ere jaso ditu AIk oharrean; honako hau dio batek: «Protestan hasi ginen gure sufrimendua konpondu nahi genuelako. Segurtasun indarrak mehatxuka ari zaizkigu; ahotsa goratzeagatik, traidoreak izatea leporatzen digute». Herritarren eskubideak errespetatzea galdegin du erakundeak: «Gazako palestinarrei basakeriak jasanarazten dizkie Israelek, eta lotsagarria da Hamaseko agintariek are gehiago biziagotzea sufrimendu hori».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.