«Une hartan hiru aukera genituen: Tunisiara joan, Bruselara batu edo etxera itzuli. Berehala erabaki nuen nik Euskal Herrira itzuli behar nuela; Kairon ezin nuen gehiago». Halaxe oroitu du Reem Dandanek, Euskal Herriko ordezkaritzako kideetako batek, March to Gaza nazioarteko egitasmoa bertan behera utzi zutenekoa.
Joan den asteko ortziralean iritsi ziren berrehun lagun inguru Kairora, Gazaraino martxa bat abiatzeko asmotan. Hiru helburu nagusi zeramatzaten: Israel Gazan egiten ari den genozidioa amaitzea, laguntza humanitarioaren blokeoa apurtzea eta nazioarteak Israelekin dituen harremanak bertan behera uztea. Kairotik abiatzekoa zen karabanaz gain, bertze bi abiapuntu ere bazeuzkan martxak: Tunisia eta Brusela; 4.000 lagundik goiti ziren guztira.
Bidaiaren hasieran «baikor» eta «lasai» zeuden arren, Kairora ailegatu bezain laster okertu zitzaien bidea, Egiptoko Polizia ekintzaileak atxilotzen hasi baitzen aireportuan bertan, eta aterpe hartzen zuten hoteletan gero.
Atxilotu horien artean zortzi euskal herritar zeuden gutxienez; hain zuzen ere, Dandan izan zen horietako bat, eta hamalau orduz izan zuten aireportuko komisarian. «Hainbat gelatan banatu gintuzten aireportuan, emakumeak alde batetik eta gizonezkoak bestetik. Nahiko eremu txikiak ziren, eta ez ginen ondo sartzen, baina uste dut europarrak izateagatik nahiko ondo tratatu gintuztela», azaldu du. Arrats osoa pasatu zuen poliziekin; atxilotu horien artean, bertze hiru euskaldun zeuden. «Janaria guk geuk ordaindu behar izan genuen», erantsi du.
Kairotik Al-Arix hirira joan nahi zuten lehendabizi, Gazako mugatik 48 kilometrotara baitago hiria. Bi-hiru eguneko kontua izanen zela aurreikusten zuten: Rafahn kanpaldia egin ondotik, atzoko egunez zuten asmoa Kairora itzultzeko. Poliziaren errepresioa, baina, «jasangaitza» zela erran du Dandanek, eta, hortaz, «beldur handia» sentitzen zuela etengabe. «Polizia gainean izaten genuen beti, kaletik ez ziguten elkarrekin joaten uzten, hoteletara sartzen ziren, eta zeharo kontrolatuta geunden».
«Arrisku larriak»
Memoria antzekoa egin du Nere Etxebarria Euskal Herriko ordezkaritzako bertze kideetako batek: «Aireportura iritsi ahala, martxaren antolakuntzako kide asko atxilotzen hasi ziren bata bertzearen atzetik. Kalean errepresio handia zegoen, eta ezin genuen ezer egin. Ikusi genuen arriskuak geroz eta larriagoak izango zirela denbora pasatzen utziz gero, eta kartzelatuko gintuzten unea hurbiltzen ari zela pixkanaka». Egiptoko Gobernuak ez zien Gazarako sarbiderik eman, eta halaxe erabaki zuten martxa bertan behera uztea.
Antzekoa gertatu zaie Tunisiatik eta Bruselatik abiatu ziren ekintzaileei: deportatu ondotik etxerako bidea hartu behar izan dute berriz. Hortaz, etorkizunaz galdetzean zalantzati erantzun du Dandanek. «Ez dakit esaten hemendik aurrera zer egingo dugun; martxan ez da inor ari aginduak ematen, eta ez dakigu zein diren hurrengo urratsak. Denbora hartu beharko dugu, eta dena birplanteatu». Etxebarriak, ordea, argi du Euskal Herrira itzulita ere saiakera ez dela alferrikakoa izan: «Gazarako martxaren helburuekin jarraituko dugu Euskal Herrian, agerraldiak eta ekintza politikoak eginez». Dagoeneko Euskal Herrian da Etxebarria, eta Dandanek gaur iluntzean hartuko du etxeratzeko hegaldia.