NBEren Segurtasun Kontseiluak atzera bota du Gazan menia ezartzeko AEBen proposamena

Errusiak eta Txinak betoa jarri diote Washingtonek aurkeztu duen testuari. Europar Kontseiluak eskatu du zerrendan «menia ezartzeko modu emango duen eten humanitario bat» egiteko.

NBEren Segurtasun Kontseilua, artxiboko irudi batean. EDUARDO MUNOZ / EFE
NBEren Segurtasun Kontseilua, artxiboko irudi batean. EDUARDO MUNOZ / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko martxoaren 22a
14:45
Entzun

Hamaika izan dira azken hilabeteetan Gazarako su etena eskatu duten ahotsak. Eta hamaika izan dira aurka hitz egin dutenak ere —gutxiago ziren, hala ere—. Azken asteetan, baina, balantza lehen taldearen aldera mugitzen ari da. Israelgo armada geroz eta palestinar gehiago hiltzen ari da —32.000tik gora—; horietako gehienak, zibilak. Egoera latza da oso Gazan: lekualdatze masiboak izan dira hegoalderantz, eta goseak metrailak baino hildako gehiago eragiten ditu. Gaur eraman dute AEB Amerikako Estatu Batuek menia proposamena NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseilura, baina ez dute onartu, Errusiak eta Txinak betoa jarri baitiote.

Hamabost kidek osatzen dute NBEren Segurtasun Kontseilua. Horietako 11k alde bozkatu dute, eta Errusiak, Txinak eta Aljeriak, aldiz, kontra; Guyana abstenitu egin da. Zehazki, AEBen proposamenean, Gazan «berehalako su eten bat» ezartzearen alde egiten zuen, baina Errusiak NBEn duen enbaxadore Vasili Nebenziak esan du testuan proposaturiko su etena ez zihoala «inora».

Are gehiago, Nebenziak iritzi dio «ontzat» jotzen duela Israelgo armadak Rafahn (Gaza) operazio militar bat egitea; hain justu, bozketaren ondoren, Benjamin Nentanyahu Israelgo lehen ministroak X sare sozialean esan du Rafahn lurretik sartzeko asmoari eusten diotela, eta espero duela AEBen babesa izango dutela.

Netanyahuren adierazpen hori aurrez Aljeriaren NBEko enbaxadore Amar Bendjamak esandakoaren beste adibide bat izan da. Bendjamak, bere botoa azaltzean, argudiatu du testua ez zela «egokia», eta kritiko agertu da, ondorio jakin batzuk eragin zitzakeelakoan: «Israelgo okupazio indarrak bere nazioarteko betebeharrak errespetatuko zituela uste zuten horiek oker daude. Fikzio hori abandonatu behar dute». Gerora mintzatu da Txinaren enbaxadore Zhang Jun, eta esan du AEBen proposamena «nazioarteko komunitateak dituen espektatibetatik urrun geratu» dela, «anbiguoa» delako eta «berehalako su eten baterako deirik» egiten ez duelako.

AEBetako Estatu idazkari Antony Blinkenek atzo eman zuen proposamenaren berri, Kairon zegoela. Menia «Hamasek bahituak askatzeari loturik egotea» proposatu dute; horretarako, «esfortzu diplomatikoak babestu» beharko direla adierazi dute testuan: «Menia nahitaezkoa da bi aldeetako [Israelgo eta Gazako] zibilak babesteko eta giza sufrimendua baretzeko».

Proposamenak hilabete eman du gora eta behera. Sei bertsio idatzi ditu AEBen ordezkaritzak azken testu horretara heldu arte. Harrabotsa eragin du AEBek proposamena egiteak; izan ere, herrialde horrek hiru aldiz erabili du beto eskubidea menia bat eskatzen zuten testuak blokeatzeko. Hala ere, su etena «behar-beharrezkoa» dela adierazi dute orain.

AEBak ez dira gerra etetearen alde agertu diren bakarrak azken egunetan. Bart, EB Europako Batasuneko gobernuburuak eta estatuburuak biltzen dituen Europar Kontseiluak eskatu zuen «su etena ezartzeko modua emango duen eten humanitario bat» egiteko. Lehen aldia da EBko kide guztiek aho batez horrelako zerbait eskatzen dutena. Atzo bertan, Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak esan zuen AEBen mugimendu horrek ere eragina izan zuela haien erabakian.

Talde komunitarioko buruzagiak gaur arratsaldera arte egongo dira Bruselan, baina jadanik eman dute zeresana. «Berehalako eten humanitarioa» eskatu dute testu bateratu baten bitartez; horrek modua emango luke su etenak luze irauteko, bahituak askatzeko eta laguntza humanitarioa sartzeko. Aurrera egin dute eskariei dagokienez. Izan ere, urrian «eten humanitarioak» eskatu zituzten; su etenaren ideia, ordea, ez zuten mahai gainean jarri. EBko gobernuburuek eta estatuburuek adierazi dute «bi estatuen sisteman oinarritutako bake iraunkorrean» sinesten dutela. Are gehiago, «lehenbailehen» egin beharreko bake konferentziarako «prest» daudela ziurtatu dute ohar bateratuan.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Europa «bake proiektu bat» dela azpimarratu zuen atzo, Europar Kontseiluaren proposamenari helduta. Bakean irmo sineste horrek, hala ere, barne hartzen du estatuek beren burua defendatzeko eskubidea ere, EBko estatuburuen eta gobernuburuen ustez. Hori dela eta, adierazi dute Israelek «eskubidea» duela Palestinako milizia armatuen urriaren 7ko erasoei «erantzuteko», betiere «nazioarteko zuzenbidearen» barruan baldin bada.

Goseari aurre egin

Bestalde, EBko kideak «oso kezkaturik» agertu dira zerrendako «hondamenezko egoera humanitarioa» dela eta. «Gosetea pairatzeko arriskua geroz eta hedatuago» dagoela adierazi dute. Hortaz, laguntza humanitarioa «nahitaezkoa» dela adierazi dute. Ildo beretik jo zuen Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek, bart emandako prentsaurrekoan. Aurreko astean Open Arms GKE gobernuz kanpoko erakundearen itsasontziak zabaldu zuen laguntza humanitarioa eramateko itsasoko bidea txalotu zuen, baina, argi utzi nahi izan zuen laguntza hori bermatzeko «bide nagusi eta eraginkorrena» lurrekoa dela. Haren aburuz, 500 kamioi inguru sartu beharko lirateke egunean zerrendara.

Rafahko mugatik sartu beharko litzateke laguntza hori, baina, egunean bizpahiru kamioi sartzen direla soilik salatu izan dute hainbat eragilek. Beste denak, Egiptoko aldean geratzen dira, zain, Tel Avivek ez baitu ahalbidetzen horiek gazan sartzea.

Eten humanitarioaz gain, zigorrak areagotzea eskatu zuen bart Europar Kontseiluak, Hamaseko kideentzat zein Zisjordania okupatutako kolono juduentzat. Eskari hori iragan astelehenean Palestinako organizazio islamistako hiru kideren eta sei kolonoren aurka adostutako zigorren ostean dator. Pramila Patten NBE Nazio Batuen Erakundeko Gatazketako Sexu Indarkeriarako ordezkari bereziak egindako txostenean argudiatu zuen, besteak beste, Hamasi zigorrak areagotzea. Bertan, Pattenek azaltzen du Hamasek «biolentzia sexuala» erabili zuela joan den urriaren 7ko erasoetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.