Gazatarren gogo aldarteak ez du zalantza izpirik uzten. «Su-etenaren ostean oso baikor geunden, eta blokeoaren amaiera ekar zezakeela uste genuen. Baina Israelen azken eraso militarraren aitzinetik baino okerrago gaude orain». Hala uste du Ahmed Abu Shokry izeneko arrantzaleak. Duela hiru aste sei milietan arrantzatzeko eskubidea kendu zion Israelek. Hari, eta Gazako beste arrantzale guztiei.
Abu Shokryren haserrea ez da kasu bakarra. Gaza hiriko herritar andanak uste du egoerak okerrera egin duela. Dagoeneko ezer gutxi espero dute politikaz, eta ziur daude poltsikoan zuloa handiagotu zaiela. Funtsean, bi kexa nagusi entzuten zaizkie gazatarrei: jarduera ekonomikoak geldirik daude eta elikagaien prezioak biziki egin du gora.
Omar Shaban ikertzailearen arabera, iaz baino une hauskorragoa bizi dute Gazan, eta Israelgo blokeoaz gain, arrazoi nagusi bat aipatu du: «Egiptok Ekialdeko tunelak suntsitu ditu, baina ez du Rafaheko muga lehengaientzat ireki. Hori dela eta, inportazioak gutxitu dira, eta ezegonkortasun ekonomikoa nagusitu da».
Bada beste arrazoi bat, haatik. Qatarko emirrak iragan urrian iragarritako 400 milioi dolarreko inbertsioa ez da martxan jarri. «Ziurgabetasuna sortzen ari da, gelditasun ekonomikoa. Atzera bota dira negozio bat hasi edo etxe bat erosi nahi zuten gazatarrak», irizten dio eraikuntza enpresa bateko arduradunak. Hala, Hamasek gogorarazi behar izan du gazatarrek dagoeneko badakitena: Gazak finantza krisi latza dauka.
Eraikuntza sektoreak sentitu du gehien inportazioen jaitsiera. Urtero 14.000 etxebizitza gehiago behar ditu Gazak, Giza Eskubideen Aldeko Zentro Palestinarraren arabera. Su-etenaren ostean, Rafahetik zementua eta eraikuntzarako materialak sartzeko baimena eman zuen Egiptok, baina era sinboliko batean. Hala, tuneletatik hiru tona zementu iristen dira egunero. «Ez da nahikoa. Esaterako, kostaldeko errepide nagusia konpontzeko milioi bat tonako ekarpena behar da. Nola inportatu hori dena, ordea?», nabarmendu du Shabanek.
Jarduera ekonomikoen jaitsierak eta eraikuntza sektorearen gelditasunak biziki arduratzen ditu Hamaseko agintariak. Herritarrak urduri daude, eta orain arte adeitsu agertu zaizkion barruko indarrak kontrolatzeko gaitasuna galtzen ari da Ismail Haniyeren gobernua.
Hamas, minduta
Al Mezan erakundeko zuzendaria da Isam Yonis. Haren ustez, denboraren aurka ari dira gazatarrak: «Gazako populazioa 1,5 milioi biztanletik 2,1 milioira handituko da zortzi urtetan. 400 eskola gehiago behar ditugu 360 kilometro koadroko eremu batean. Egunero gero eta mehartuago gaude, eta presio demografikoak eztanda egitera eramango gaitu».
Krisi politiko bat ere aise begiztatu daiteke Gazan. Hamasen gobernua indarberrituta irten zen azken gatazkatik, bai palestinarren artean eta baita nazioartean ere. Garaipen moraltzat jo zuten gazatarrek; izan ere, Ekialde Hurbileko Anaia Musulmanen eta Mendebaldeko gobernuen babesa jaso zuen Hamasek.
Baina Gazak bide berean jarraitzen du bost hilabeteren ondoren, eta inor gutxik sinesten du su-eten akordioa errealitate egingo denik. Israelek pasabideak irekitzeko hitzarmena bete ez duela ikusita, Hamas «leunegi» jokatzen ari dela uste dute Gazako hainbat talde politikok. Israeli erabateko erantzun bat emateko eskatu diote, batez ere, Jihad Islamikotik hurbil dauden fakzioek. «Zisjordaniako gobernua baino askoz hobeto gobernatzen ari da Hamas, baina okupazioaren aurka tinko jarraitzen duela frogatu behar digu», nabarmendu du Dawood Shihab Jihad Islamikoaren bozeramaileak.
Shabanen ustez, krisi kontzeptuala dute Hamasen, eta Israelgo blokeoak derrigortutako «akzio-erreakzio printzipioaz» baliatzen da oraindik: «Erresistentzia mugimendu bat izan nahi dute aurrerantzean ere, Gaza gobernatzen ari diren bitartean, eta ezinezkoa da hori. Lehenago edo geroago joko politikoaren parte direla onartu beharko dute».
Iritzi berekoa da Shihab: «Batzuetan ez dakigu nork hartzen dituen erabakiak, herritarrek demokratikoki aukeratutako gobernu batek edo erbestetik agintzen duen mugimenduak».
Tentsioak gizartean
Mugimendu bat bezala gobernatzen duelako agertu dira Hamasen eta gazatarren arteko tirabirak, Yonisen ustez. «Herritarren gogo aldartea hondoa jotzeko dagoela ikusita, ez da gizartea zatitzeko unea». Iragan astean iragarri duten «ohitura onen kanpainari» buruz ari da Yonis.
Hain zuzen, Giza Eskubideen Aldeko zenbait erakunde palestinarrek salatu dute Gazako poliziak ilea moztera derrigortu dituela estilo luzeegia edo modernoegia zuten hamar mutil. Gazteen protestak saihestu nahian, mugimendu islamikoak argi utzi du ez dela gobernuak abiarazitako kanpaina bat, eta atzera jotzeko agindu die poliziei.
Halere, Hamas atentzioa desbideratu nahian ari dela uste dute herritar askok. «Irakasleek eta administrazioko langileek greba hasiko dute, soldatak Zisjordaniako irakasleen parekoak izatea nahi dutelako. Hori aztertu beharrean, ile mozketei buruz dihardugu», gaitzetsi du Shabanek.
Yonisek ez dio hala irizten, ordea: «Argi dago Hamas mugimendu ideologiko bat dela eta bere agenda soziala daukala. Orain arte ez dute legeria aldatu, eta tentuz ibili dira gizarte gaietan gehiegi ez nahasteko; baina, poliki-poliki, hasiko dira».
Gaza. Su-etenaren ajeak
Gazaren hauskortasuna
Azken oldarralditik bost hilabetera, Israelen blokeoak gogor estutzen du Gaza, eta su-etenaren aurretik baino okerrago daude herritarrak. Egiptok lur azpiko tunelak itxi izanak ere kalte egin dio jarduera ekonomikoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu