UNWRA-ren Espainiako zuzendari exekutiboa

Raquel Marti: «Gazatarrak ezlekuetara desplazatzera behartzen ari da Israel»

Israelek Gazako zerrenda okupatzeko planak are desplazatu gehiago eragingo dituela ohartarazi du Martik. «Ezertxo ere ez da aldatu 22 hilabeteotan. Eta okerrera doa».

Raquel Marti UNRWA Espainiako zuzendari exekutiboa, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ/FOKU
Raquel Marti UNRWA Espainiako zuzendari exekutiboa, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ/FOKU
Julen Otaegi Leonet.
2025eko abuztuaren 9a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelgo Segurtasun Kabineteak Gazako erasoaldia areagotzea erabaki du; milaka eta milaka palestinar zerrenda hegoalderantz lekualdatzera behartuko ditu horrek, herritarrek bizirauteko ezer gutxi dutela. Horretaz mintzatu da Raquel Marti UNWRA Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Agentziaren Espainiako zuzendari exekutiboa, Raquel Marti. Nazioarteak aurka egin die Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren asmoei, baina Martik ganorazko neurriak eskatu ditu: «Konplikatu diezaiotela Israeli ofentsiba basatia; behartu dezatela su etena sinatzera eta laguntza humanitarioari sarbidea ematera».

Gaza okupatzea erabaki berri du Israelgo Segurtasun Kabineteak. Zer ondorio izango ditu horrek?

Nabarmendu beharra dago Israelek jada zerrendaren hiru heren kontrolatzen dituela; beraz, Gaza hirian eta [hegoaldeko] Khan Yunis hiriaren inguruan geratzen diren herritarrak are hegoalderago desplazatzera behartuko ditu. Bonbardaketa masiboen berri izango dugu beste behin, ospitaleen aurkako erasoen berri ere bai. Israelen estrategia biolentzia gogortzea baita gune bat hustu nahi izan duen aldiro, hornidura oro eta laguntza humanitarioaren banaketa etenez, eta ospitaleetarako eta zer edana lortzeko bideak oztopatuz ere bai. Diotenez, urritik aurrera egingo dute operazio militar hori; orduan, iheslari gehiago ikusiko ditugu, hildako gehiago.

Dozenaka mila palestinar desplazatzera behartuko du Israelen planak. Bizimodu are larriagoa izango al da haiena?

Martxotik blokeoa ezarri dio laguntza humanitarioari; kanpadendez eta iheslarientzako larrialdietarako materialez ari naiz. Azken hilabeteotan lekualdatu direnek ez dute non babestu: ez dago oihal etxolarik, ez dago aterperik, askok kale gorrian egin behar izaten dute lo, hondakin artean, Israelek ez duelako uzten halakorik zerrendan sartzen. Gaza hirian eta beste tokietan hegoalderanzko desplazamendu masiboa inposatuz gero, gero eta herritar gehiagok galduko dute guzti-guztia. Leher eginda daude [2023ko urriaren 7an Gazaren kontrako erasoaldia hasi eta] 22 hilabete geroago. Han dauden gure kideek esaten digute ez dagoela nora joan, Israel zerrenda osoa bonbardatzen ari delako, edo desplazatzeko aginduak ematen dituelako, edo gune militarizatuak ezarri dituelako. Herritarrek ez dakite non gorde, inon ere ez baitago gune segururik. Gazatarrak ezlekuetara desplazatzera behartzen ari da Israel.

«Onenean ere, egunean ehun kamioi baino gutxiago sartu dira zerrendara. Gazatarrek ez dute nabaritu laguntza heldu denik»

Nazioarteak behin eta berriro salatu du Israelen setioa, baita hango segurtasun kabineteak onartu duen plana ere. Zergatik jarraitzen du entzungor?

Ez da batere konplikatua: nazioartearen gaitzespen eta deklarazio sorta hauek ez dute bultzarazten Israel su etena negoziatzera eta laguntza humanitarioaren sarbide masiboa baimentzera. Esateagatik esandakoak dira, eta Israelek ez ditu entzungo, noski, ez dutelako ondoriorik. Zorionez, Alemaniak iragarri berri du armak enbargatuko dituela Netanyahuren adierazpenen harira. Horrelakoxe neurriak behar dira sarraskia eta gose gerra buka daitezen.

Gehiago ere beharko dira...

Dudarik gabe. Hitzek ez badute eraginik, Israelek ez du zertan bere jarrera aldatu. Inor ez da hura behartzen ari, eta argi du berean jarraituko duela, Gazako herritarrak hiltzen, haiek laguntza humanitarioaz gabetzen ari den heinean.

Zer-nola geratuko dira laguntza humanitarioaren bermeak, AEBen eta Israelen kontrolpeko erakundearen kudeaketa ikusita?

Ez dago bermerik, inondik inora. Are, Israelek iragarri zuen bi astez laguntza sartzen utziko zuela, pasabideetatik eta airetik. Eta ikusi dugun bakarra izan da laguntza banatzeko saiakerek porrot egin dutela: gune militarizatuetan erori da, edo iristea zaila den guneetara, eta, askotan, laguntza hori merkatuetan saldu duen taldeen esku geratu da. Bestalde, kamioien auzia dago; Israelek erabat gutxitu ditu. Onenean ere, egunero ehun kamioi baino gutxiago sartu dira zerrendara, eta hedabideetan gehiago ikusi da hori, gero benetan izan duen eragina baino. Gazatarrek ez baitute nabaritu laguntza heldu denik.

Joan den hilabetean 12.000 haur artatu zituzten ospitaleetan, desnutrizioagatik —aurreko hilabetean halako bi—. Egunero hiltzen dira gosez haur zein heldu. Armadaren esku dauden laguntza banatzeko guneei eusten die Israelek: tranpa mortalak dira, herritarrak erakartzeko karnata. Erailtzen jarraitu du gune horietan, eta, oker ez banaiz, [maiatzaren amaieran ezarri zituztenetik] 1.500 lagun hil dituzte beren familientzako zer jana lortu nahian. Armadak hiltzeko lizentzia du.

«Armadaren esku dauden laguntza banatzeko guneei eusten die Israelek: tranpa mortalak dira, herritarrak erakartzeko karnata»

Gose gerra aipatu duzu, eta gero eta gehiago dira gosez hiltzen direnak.

Nazio Batuen Erakundeak laurehun gunetan baino gehiagotan banatzen zuen laguntza humanitarioa [Israelek martxoan blokeoa ezarri aurretik]: horiek desegin zituzten, eta trukean mertzenarioek kudeatutako hiruzpalau gune jarri, ez gosetea arintzeko, herritarrak erakartzeko eta horiekin akabatzeko baizik. Hori ezin da egin goseak jota dagoen bi milioi lagunekin. NBEren sistema martxan zegoen, gobernuz kanpoko erakundeek eta tokiko elkarteek kudeatutako sukaldeak zeuden; egunero ehunka mila otordu kozinatzen zituzten gazatar guztientzat. Gaur egun, bi milioi lagunentzat ehun mila otordu bero ari gara prestatzen.

Okerrera egin du, eta okerrera joango da?

Ez da elikagai kontua bakarrik. Gasik ere ez dago kozinatzeko, egurra ere berdin; pneumatikoak eta plastikoak erretzen aritu behar dute. Erregairik gabe daude, Israelek blokeatua duelako, eta premiazkoa da sistema guztia eror ez dadin, ez baitago elektrizitaterik. Ospitaleetan, esate baterako: sorgailuak behar dituzte pazienteek bizirik iraun dezaten, inkubagailuak martxan egon daitezen, zaurituak anestesiatu ditzaten... Erregaia behar da ur putzuak ponpatzeko ere, ura gezatzeko, anbulantziek zaurituak artatzeko, kamioiek laguntza banatzeko...

Horrez gain, sendagaiak eta hezkuntzarako materiala ere blokeatuta daude. Ikasleek hiru urte galdu dituzte, eta erasoaldia hasi aurretik ikasitakoari eutsi diezaioten saiatzen ari gara, horrelako egoera batean ezinezkoa baita ezer berririk ikastea.

Hiru urte daramatzate gorriak ikusten. Zer diote gazatarrek?

Nazioarteak abandonatu egin dituelako ustea dute. Ezertxo ere ez dela egiten beren alde, ezertxo ere ez duela axola egiten ari zaizkienak. Egintzak behar dira: konplikatu diezaiotela Israeli ofentsiba basatia; behartu dezatela su etena sinatzera eta laguntza humanitarioari sarbidea ematera. Gazatarrek ez dute inolako aldaketarik ikusi 22 hilabeteotan. Eta txarrera doa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.