Gazteen sareak erabiliz, nagusien etxea bereganatu

Agintariei egotzitako ustelkeria eta nepotismoa salatzeko, Asia hegoaldean Z belaunaldiak protesta masiboak egin ditu azken urteetan, handiena Nepalen orain aste batzuk. Altxamendu bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina badituzte ezaugarri komunak ere.

Nepalgo zenbait gazte irailaren 8an eginiko prostetan, Katmandun. NARENDRA SHRESTHA / EFE
Nepalgo zenbait gazte irailaren 8an eginiko prostetan, Katmandun. NARENDRA SHRESTHA / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2025eko urriaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Asia hegoaldeko gazteak kaleak hartzen ari dira, azkenaldian gero eta sarriagotan. Z belaunaldiaren altxamendu gisa egin da ezagun mugimendua, eta kontinentearen eremu hartako hainbat herrialdetan loratu da: handiena Nepalen —parlamentuari sua eman zioten, eta lehen ministroak dimititu egin behar izan zuen—, baina baita Indonesian, Bangladeshen eta Filipinetan ere azken urtean, eta Sri Lankan 2022an. Horietako altxamendu bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina badira ezaugarri batzuk guztietan betetzen direnak —agintarien ustelkeriaren salaketa, adibidez—, eta gazteen sumina ulertzen laguntzen dute.

«Protesten kausa nagusia bera da kasu guztietan: desesperazio ekonomikoa. Herrialde horietako Z belaunaldiak txikitatik ikusi ditu agintean politikari ustelak eta haien familiak boterea eta aberastasuna inpunitate osoz monopolizatzen», adierazi du Rumela Sen Columbiako Unibertsitateko irakasleak; Asia hegoaldeko auziak ikertzen ditu.

Bide beretik, Nepalen bizi zenean izan zuen esperientzian oinarrituta, Irati Zozaia nazioarteko harremanetan adituak «ustelkeria eta nepotismoa» jo ditu protesten kausatzat. Azaldu du Nepalen herrialdeko lehen ministroak «beti estilo berekoak» izan direla azken urteetan, eta elkarren artean banatzen dutela boterea. «Nepalgo gazteek atzerrira joan behar izaten dute lanera. Gazteen langabezia tasa oso handia da, eta zaila da han etorkizun bat aurkitzea. Izan ere, Nepalgo ekonomiaren parte oso handi bat bidalketak dira, atzerrian dauden gazteek familiari egindakoak», esan du Zozaiak. 

«Gazteen langabezia tasa oso handia da, eta zaila da han etorkizun bat aurkitzea. Izan ere, Nepalgo ekonomiaren parte oso handi bat atzerritik egindako bidalketak dira»

IRATI ZOZAIANazioarteko harremanetan aditua

Asia hegoaldeko herrialdeetan, Z belaunaldiak kalean du indarrik handiena; baina ez instituzioetan. Senek «belaunaldi arrakala sakona» ikusten du agintarien eta herritarren artean, eta hori esplikatu du posta elektronikoz: «Demografikoki, gizarte hauek izugarri gazteak dira —batez besteko adina 20 urte inguru da—, eta klase politikoa, berriz, 60 urtetik gorakoa da oraindik ere. Gainera, dituzten erraztasun digitalek eta bizi dituzten marjinazio esperientzia sakonek gazteei aukera ematen diete belaunaldi nagusiagoek onartu dituzten arauak zalantzan jartzeko».

Protesta digitalaren eredua

Herritarren batez besteko adina 20 urte inguru izanik, sare sozialak asko erabiltzen dira herrialde haietan, eta horiek erabiltzen dituzte erlazionatzeko eta antolatzeko. «Hashtag-ek, memeek, zuzenekoek eta abarrek mugimendurako sarbidea irekitzen diote herritar askori, eta modua ematen dute protestak azkar heda daitezen. Borrokaren sinboloak eta taktikak ia bat-batean zabaltzen dira herrialdearen mugetatik harago ere», azaldu du Senek.

Nepalen, azkar hedatu zen sare sozialetan #nepokids izendapena. Dei bidez saiatu da Zozaia hori azaltzen: «Duela bi hilabete inguru hasi ziren Nepalgo gazteak nepokids edo nepotism kids (nepotismoaren seme-alabak) hashtag-a erabiltzen. Izendapen horren bidez, herritarrak Nepalgo agintarien seme-alaben irudiak eta bideoak zabaltzen hasi ziren, bizitza aberatsak irudikatuz: atzerrian ikasten, parrandan... Sareak mundu guztira zabaltzen direnez, bideo horietako batzuk biralak egin ziren, eta gobernuari ez zitzaion interesatzen. Beraz, gobernuak sare sozialak debekatuko zituela adierazi zuen, zergak herrialdean ordaintzen ez dituztelako aitzakiapean. Debekatu zituenean hasi ziren protesta masiboak».

(ID_15299196) FOTODELDÍA NEPAL REDES SOCIALES
Manifestariak eta Polizia Katmanduko parlamentuaren parean, irailaren 8ko protestetan. NARENDRA SHRESTHA / EFE

Beraz, sare sozialak herritarrak saretzeko eta gobernuaren aurka antolatzeko tresna izan dira. Baina, horrez gain, hainbat herrialdetako herritarrak ere antolatu dira horiei esker, eta altxamenduek elkar elikatu dute. Adibidez, One piece telesailaren bandera pirata izan da altxamenduaren sinboloetako bat Nepalen, Filipinetan eta Indonesian. Zozaiak «askatasun eta errebeldia» ikur gisa ulertu du hura, «gaztetasunaren eta borrokaren sinbolo» gisa. Ikur horretaz gain, Asia hegoaldeko manifestariek beste zenbait aldarri ere izan dituzte: herrialdearen beraren bandera, Poliziaren aurkako mezuak, gobernuaren aurkakoak...

Politika eredua aldatu

Aurretik aipatutako protesta guztiak masiboak izan dira; herritarrek hartu dute kalea, alderdi politikoen deialdien gainetik. Gogoeta bat egin du Senek horren inguruan: «Teoria demokratiko klasikoan, alderdi politikoak nahitaezkoak dira interesak bateratzeko, errepresentazio kanalak sortzeko eta herritarren erreguak politiketara eramateko. Baina aro digitaleko mugimendu hauek horizontalak izaten dira, deszentralizatuak, eta gehiago izaten dira adierazpen indibidualak adierazpen alderdikoiak baino».

«Protestak estrapartidistak edo antipartidistak direnean, konfiantza galera bat erakusten dute, ez alderdien gainekoa soilik, baizik baita demokraziako mekanismoen gainekoa ere. Horregatik hasi ziren Asia hegoaldean Z belaunaldiko altxamenduak. Gazteek uste dute alderdiak konprometituta daudela ustelkeriarekin eta nepotismoarekin, berezkoak direla horiek politika instituzionalean, eta horregatik baztertzen dute», zehaztu du Senek.

«Protestak estrapartidistak edo antipartidistak direnean, konfiantza galera bat erakusten dute, ez alderdien gainekoa soilik, baizik baita demokraziako mekanismoen gainekoa ere»

RUMELA SENColumbiako Unibertsitateko irakaslea

Zozaiarentzat ere, protestek lider garbirik ez izateak esan nahi du «arazoa handia» dela, eta «gazte guztiei era berean» eragiten diela. «Nepalen, Hami Nepal izan zen altxamendura deitu zuten alderdietako bat, baina horiek ere aitortu dute ez zirela beraiek sartu parlamentura, eta ideologia ezberdinetako jende asko batu zela», adierazi du nazioarteko harremanetan adituak.

Hala ere, Senek ohartarazi du lotura instituzionalik gabeko mugimenduek «desagertzeko arriskua» dutela, eta «presioa eragitea» erraza duten arren zaila dutela «aldaketa iraunkorrak» gauzatzea. «Bereziki Nepalen, epe luzera, ustelkeriaren eta porrotaren kausa izan da politika pertsonalista». Oraingoan, baina, Hami Nepal mugimenduak adierazi du martxoan egingo diren hauteskundeetara aurkeztuko dela. Sudan Gurung izango da mugimendu horren ordezkaria hautetsontzietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.