Nepalgo lehen ministroak dimisioa eman du, protestek bultzatuta

Agintariei ustelkeria egozten diete manifestariek. Besteak beste, parlamentuaren egoitza hartu dute.

Manifestari talde bat Parlamentuaren egoitzaren kanpoaldean Katmandun, gaur. NARENDRA SHRESTHA / EFE
Manifestari talde bat Parlamentuaren egoitzaren kanpoaldean Katmandun, gaur. NARENDRA SHRESTHA / EFE
Igor Susaeta.
2025eko irailaren 9a
14:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gobernuari ustelkeria leporatuta Nepalen atzo hasitako protestek aurrean eraman dute Sharma Oli lehen ministroa. Ram Chandra Poudel​​ presidenteari gutun batean adierazi dionez, hautu hori egin du herrialdeak «irtenbide politiko baterako urratsak» egin ahal ditzan — atzo «anarkistak» izatea egotzi zien manifestariei—. Beste ministro batzuenari bezala, Oliren etxeari ere su eman diote manifestariek, eta horren ondoren plazaratu du erabakia.

Kaosean murgilduta dago Asia erdialdeko herrialdea —India eta Txina artean dago—, protestariek Parlamentuaren egoitza ere hartu baitute, Olik dimisioak emanda ere. Katmandu hiriburuko alkate Balendra Shahek manifestariei hitz egin die sare sozialetan, eta eskatu ez ditzatela jomugan hartu eraikinak. «Zuen hiltzaileak dimisioa eman du», nabarmendu du, Oliri erreferentziari eginez. Izan ere, estatuko indarren eta manifestarien arteko istiluetan hemeretzi pertsona hil dira, eta 300 inguru zauritu. Nazioarteko hedabideek lekukoen esanak jaso dituzte, eta lekukoek azpimarratu dute agenteek tiro ere egin dietela manifestariei.

(ID_15299196) FOTODELDÍA NEPAL REDES SOCIALES
Estatu indarrak eta manifestariak atzo, Katmandun. NARENDRA SHRESTHA / EFE

Gazteek deituta egin dituzte manifestazioak. Hain zuzen ere, sare sozialei ezarritako blokeoak piztu du protesten txinparta; besteak beste, Facebooki, Instagrami, X-ri, Youtuberi eta Whatsappi ezarri dizkiote blokeoak. Gobernuak plataformei eskatu zien zazpi eguneko epean erregistratzeko, Sare Sozialen Erabilera Arautzeko 2023ko Zuzentaraua jarraituz, eta, horretarako, enpresek lizentzia bat lortu behar zuten hiru hilabeteko epean, hiru urtez behin berritu, eta ordezkari bat izendatu Nepalen. 

13

Zenbat gobernu eduki dituen Nepalek 2008tik. Instituzionalki herrialde ezegonkorra da Nepal, eta, horren erakusgarri, azkeneko hamazazpi urteotan hamahiru gobernu eduki ditu. Sharma Olik urtebete pasa egin du azken agintaldian; aurrez ere izana zen gobernuburua: 2015etik 2016ra, eta 2018tik 2021era.

Plataforma gehienak ez zirenez eskatutako epean erregistratu, gobernuak horietarako sarbidea blokeatu zuen irailaren 4an. Kontuan hartu behar da Nepalen Interneteko trafikoaren %80 sare sozialek bereganatzen dutela.

Manifestari batzuk Katmandun, gaur. NARENDRA SHRESTHA / EFE
Manifestari batzuk Katmandun, gaur. NARENDRA SHRESTHA / EFE

Sua piztu zuen txinparta izan zen hori. Aintzat hartu behar da, gainera, aste batzuk lehenago Tiktoken eta Redditen bideo batzuk biral egin zirela. Bideo horietan politikarien eta enpresarien semeak kritikatzen zituzten, eta leporatu harrokeriaz erakusten zituztela luxuzko ibilgailuak, edo, esaterako, oporretan nola ibili ziren; ustez, ustelkeriaren bidez lortutako diruarekin.

Horren guztiaren harira, herrialdeko alderdi nagusiak ustelkeriagatik ikertu izan dituzte; izan, esaterako, errefuxiatu bhutandarrekin egindako iruzurragatik, izan urrearekin kontrabandoan aritzeagatik. Herritarren arteko desberdintasunak handiak dira, eta urteko per capita errenta 1.300 dolar ingurukoa besterik ez da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.