Alain Lobognon Alassane Ouattararen ahokularia da. Golf hoteletik erantzun die galderei, han setiatuta baitaude orain artean oposizioan aritu direnak.
Laurent Gbagbok boterea utziko duela uste al duzu?
Gbagbok ez du modu baketsuan utziko boterea; ez da Tunisiako Ben Ali bezalakoa. Bere buruari eta ingurukoei sinetsarazi die bozak irabazi zituela, nahiz eta badakien galdu egin zituela. Horregatik egin die uko nazioarteak boterea uzteko egin dizkion eskariei. ECOWAS Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Elkarteak eta Afrikako Batasunak bultzatutako negoziazio guztiak antzuak izan dira; Raila Odinga Kenyako presidenteak esku-hutsik alde egin du. Azkar esku hartzen ez bada, hazten joango den tirano bat izango da Gbagbo.
Presio ekonomikoak bultza al dezake, agian, kargua uztera?
Horrek ere oraingoz ez du emaitzarik ekarri. Ekonomikoki oso estu dago, ez baitauka ia sarbiderik bere kontuetara. Atzerrian ordezkari diplomatiko bakar bat topatu ezinda dabil. Eskuak odolez zikinduta dauzkan arren, agintea era duinean uzteko aukera eman genion, baina ez du aintzat hartu.
Esku-hartze militarra nahi al duzue?
ECOWASek zenbat eta lehenago esku hartu, hobe, horrek demokrazia sendotuko lukeelako. Afrikaren demokratizazio prozesuan atzerapausoa da Gbagbo boterean egotea. Hemezortzi herrialdetan egingo dira aurten bozak; Gbagbori boterean jarraitzea bermatzen bazaio, horrek ideiak emango dizkie boterean betikotu nahi duten beste batzuei.
Zein da giza eskubideen egoera?
Gbagboren tribuko soldaduak gero eta era zakarragoan ari zaizkio jazartzen jendeari. Etxeetatik atera eta hil ere egiten dute batzuetan. Ez diogu utziko kriminalari nahi bezala jokatzen.
Ouattararen jarraitzaile batzuei ere hainbat giza eskubide urratzea egotzi zaie; batez ere, Liberiako errefuxiatuenak. Zer duzu esateko horren inguruan?
Ezin da egun argitan biktima borrero bihurtu. Ouattararen jarraitzaileak dira egunero hilketen biktima. NBEk 300 hildako zenbatu ditu. Gbagbo da Liberiako mertzenarioei armak ematen dizkiena bolikostarrak hiltzeko. Gertuegi daude gertakari hauek guztiak memoria kolektiboan, egia faltsutzeko.
Prest al zaudete oraindik batasun nazionaleko gobernu bat osatzeko?
Ouattarak bozak irabaziz gero alderdi politiko guztiak batuko dituen gobernu bat osatzeko promesa egin zuen. Irabazi zuenean, horri eutsi zion. Gbagbo ez bezala, hitzeko gizona da Ouattara. Gbagbo eta haren alderdia herri honetakoak dira, eta, horregatik, oraindik gobernua osatzeko aukera dute. Horretarako, baina, agintea utzi behar du.
Zein izango litzateke gobernu horren zeregin nagusia?
Egiaren eta elkarbizitzaren batzordea sortzea daukagu pentsatuta, Hegoafrikako ereduari jarraituz. Ez ditugu soilik kontuan hartuko azken gertakari hauek: atzerago joango gara eta azken bi hamarkadetako trauma denei helduko diegu. Herrialde bakarra dugu eta elkarrekin bizi beste erremediorik ez dugu. Horren alde egingo dugu lan.
Bestalde, Afrika mendebaldeko bigarren potentzia ekonomikoa ginen garai batean, Nigeriaren ondotik. Gure ekonomiak okerrera egin du, ustelkeriagatik eta baliabideen erabilera makurragatik. Giroa baretzean gure gobernuaren zeregina ekonomia bultzatzea eta pobrezia zein analfabetismoa desagerraraztea izango da.
Alain Lobognon. Alassane Ouattararen aholkularia
«Gbagbok ez du boterea modu baketsuan utziko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu