Japonia, gero eta txikiagoa den herrialdea

Biztanleen %30ek baino gehiagok 65 urtetik gora dituzte, eta herrialdeak hamasei urte daramatza segidan atzeraldi demografikoan. Eskola batzuk itxi dituzte, gero eta etxe abandonatu gehiago daude, eta biztanleria Tokion pilatzen da.

Zenbat herritar Tokion, aurtengo martxoan. FRANCK ROBICHON / EFE
Zenbait herritar Tokion, aurtengo martxoan. FRANCK ROBICHON / EFE
Josep Solano
2026ko abuztuaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Japoniak 908.574 herritar galdu zituen iaz, eta estatistika konparagarriak egiten direnetik erregistratutako beherakadarik handiena da hori. Herrialdeak hamasei urte daramatza atzeraldi demografikoan, eta inoiz ez bezalako jaitsiera fase iraunkor batean sartu da: Japoniako historia hurbilean ez da inoiz halakorik izan. Barne Ministerioaren azken datuen arabera, 120,6 milioi japoniar daude gaur egun, eta biztanlerian inoizko beherakadarik handiena izan da azken urteetan, 2020aren aldean 3,1 milioi herritar gutxiago baitaude. Datu horiek agerian uzten dute eraldaketa demografiko bat gertatzen ari dela Japonian, eta bereziki azkar ari dela gertatzen, zaila baita halako datuak aurkitzea beste ekonomia garatu batzuetan.

Japonia ez da Asian hala dagoen bakarra. Hego Korean eta Taiwanen ere jaiotza tasa txikia dute, gero eta azkarrago zahartzen ari da biztanleria, eta hirietan gero eta jende gehiago bizi da. Japoniara, ordea, lehenago iritsi da hori guztia. Munduko gizarterik zahartuenetako bat dute han, biztanle kopuruak behera egin du hamasei urtez jarraian, eta uhartedia laborategi demografiko bihurtu da, eskualdetik kanpokoek ere arretaz behatzen baitiete ondorioei.

Japonian orain erantzun nahian dabiltzan galderak Europan ere hasiak dira sortzen: nola eutsi pentsioei eta osasun sistemari, biztanle aktiboak gero eta gutxiago badira? Nola mantendu bizirik gero eta biztanle gutxiago dituzten lurraldeak? Eta nola eragotzi jardun ekonomiko guztia metropolialde handi gutxi batzuen inguruan pilatzea?

Eraldaketa horren ondorioak hasiak dira nabaritzen. Tokio bihurtu da salbuespen bakarretako bat. Uhartediaren gainerako tokietatik datozen biztanleak hartzen ditu hiriburuak, eta immigrante atzerritarrak ere hara joaten dira gero eta gehiago: guztira 3,6 milioi bizi dira herrialde osoan. Japoniarrak gero eta gutxiago diren honetan, langile atzerritarren etorrera da beherakada demografikoa neurri batean arintzen duten faktore bakarretako bat.

Metropolialde handitik kanpo, oso bestelakoa da egoera. Akita, Aomori eta Kochi prefekturetan erregistratu dituzte biztanleriaren beherakadarik handienetakoak, hain zuzen zahartze gero eta azkarragoak, jaiotza tasa txikiak eta gazteen hiri handietarako migrazio etengabeak bultzatuta. Horren eraginez, japoniarrak gero eta pilatuago daude Tokio inguruan, eta herrialdearen periferiako eremu zabalak gero eta hutsago daude.  

Duela hamarkada batzuk, pentsaezina zen halakorik gertatzea munduko potentzia ekonomiko nagusietako batean. Milaka eskola itxi dituzte ikasle nahikorik ez dagoelako, udalerri asko borrokan ari dira oinarrizko zerbitzuei eusteko, eta gero eta etxe gehiago daude abandonatuta. Akiya deiturikoak dira krisi demografikoaren sinbolo agerikoenetako bat: etxe hutsak dira, eta batzuetan diru kopuru sinboliko baten truke saltzen dituzte, edo are, doan eman. Izan ere, krisi demografiko hori ez da bakarrik estatistiken bidez neurtzen: paisaiaren eta tokiko komunitateen eraldaketa fisikoari begiratuz ere antzematen da. 

Rol berriak eta prekarizazioa 

Baina kontua ez da urtetik urtera zenbat japoniar gutxiago dauden, ez behintzat hori bakarrik, baizik eta zergatik jaiotzen diren gero eta gutxiago. 2024an, 687.689 jaiotza baino ez ziren erregistratu Japonian; estatistika konparagarriak egiten direnetik bildutako daturik txikiena da hori, eta hildakoak, berriz, 1,59 milioi izan ziren. Desoreka horren atzean ez dago herritarren zahartzea bakarrik, baizik baita Japoniako gizartearen eraldaketa askoz handiago bat ere, familia eta lan harremanekin eta erlazio afektiboekin zerikusia duena. 

Meiji Yasuda ikerketa institutuak berriki egindako inkesta batean, erakutsi dute zenbaterainokoa den aldaketa hori. Japoniar ezkongabeen %76k esan dute ez dutela bikotekiderik, eta ezkontzeko asmoa gero eta txikiagoa da. Halako gizarte batean, non instituzioek eta legeek oraindik ere familia eredu tradizionala mesedetzen duten eta haurren %97 bikote ezkonduen barruan jaiotzen diren, aldaketa honek ondorio demografiko nabarmenak ditu. Galdekatutako emakumeen artean, askok uste dute ezkontzea jada ez dela behar ekonomiko edo pertsonal bat, eta hainbat gizonek esan dute kezkatuta daudela umeak edukitzeak finantza arloan dakarren eraginagatik. Emaitza: gero eta jende gehiagok atzeratu egiten duela ezkontzea edo umeak edukitzea, edo are, uko egiten diola horri.

Fenomeno horrek erakusten du belaunalditik belaunaldira eraldaketa bat gertatzen ari dela eta Japoniatik askoz harago doala. Emakumeak masiboki goi mailako hezkuntzara eta lan merkatura iritsi direnez, lanbide jakin batzuk prekarizatu direnez eta etxebizitza garestiagoa denez, zeharo aldatu dira hamarkadetan herritarrak seme-alabak edukitzera bultzatu dituzten pizgarriak.

Japonia salbuespen demografikotzat jo izan da, baina gero eta aditu gehiagok uste dute beste gizarte garatu batzuetan ere hasiak direla sortzen halako joerak. Zahartzea, jaiotza tasa txikia eta hirietako jende pilaketak erronka handia dira uharteditik kanpo ere. Anomalia demografikoa baino gehiago, ispilu bihurtu da Japonia: litekeena da orain han gertatzen denak erakustea zer erronka izango dituzten gizarte aurreratu askok datozen hamarkadetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA