Geroz eta erakunde gehiago ari dira batzen Gazako muturreko egoera geldiarazteko deira

NBEk, OMEk, EBk eta Gazako Defentsa Zibilak presioa egin diote Israeli, laguntza humanitarioa trabatu ez dezan eta hiltzeari utz diezaion. Maiatz bukaeratik hona, mila lagun hil dira laguntza jasotzeko guneetan.

Palestinaren aldeko manifestazio bat, gaur, Zisjordanian. ALAA BADARNEH / EFE
Palestinaren aldeko manifestazio bat, gaur, Zisjordanian. ALAA BADARNEH / EFE
Iratxe Muxika
2025eko uztailaren 22a
16:50
Entzun 00:00:0000:00:00

Maiatz bukaeratik GHF Gaza Humanitarian Foundation arduratzen da Gazan laguntza humanitarioa banatzeaz, eta, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak salatu duenez, egoera «larria, nekeza eta arriskutsua» da geroztik. NBEren agentzia horren zuzendariak, Philippe Lazzarinik, gaur eman du prentsaurrekoa, Genevan (Suitza), eta jakinarazi du bizirik irauteko osasun arloko materialak kolapsatuak daudela. Martxoa hasi eta maiatza bukatu arte, Israelek blokeatuta eduki zuen  zerrendan laguntza humanitarioa sartzeko bidea, eta, hain justu laguntza hori GHFren esku geratu zenetik, mila lagun baino gehiago hil dituzte laguntza eremuetan. Batik bat AEBetako militar ohiek osatzen dute GHF, eta Israelen babesa du.

Hainbat herrialdek eskaera egin zioten atzo Israeli zerrendako sarraskia bukatzeko; Mendebaldeko 25 estatuk ohar bateratua kaleratu zuten, eta egoera «onartezina» zela erran zioten Israeli. Gaur hainbat erakunde batu dira deira.

Lazzarinik, erraterako, agerraldian adierazi du «dozenaka» dei jaso dituela gaur Gazako langile humanitarioen partetik, gero eta jende gehiago goseak eta konortea galduta dagoela salatzeko. «Gosetuta, nekatuta eta arriskuan daude Gazan, bai hango biztanleak, bai langile humanitarioak», jakinarazi du. «Lurrean dago baina infernua da».

Goseak egoteaz gainera, Israelen erasoek jotzeko arriskuan dira laguntza humanitarioko eremuetan, hala nola Deir al-Balahn. Desplazatuentzako guneetako bat da hiri hori, eta NBErentzat hura da laguntza humanitarioa eman ahal izateko zerrendako gune nagusia. Israel, baina, atzo lurreko erasoak egiten hasi zen han, eta OME Osasunaren Mundu Erakundeak ohar bat argitaratu du erasoak salatzeko.

Oharrean bildu dutenaren arabera, OMEren hainbat eraikin «erabat» suntsitu dituzte, eta osasun langileak aterpe hartzen zuten eraikin batzuen kontra ere egin dituzte erasoak. Osasun langileak ez dira arriskuan diren bakarrak; izan ere, AFP Agence France Press berri agentziak jaso duenez, Gazan dituen azken kazetariak «hil eginen dira» berehalako esku hartzerik egin ezean. Laguntza humanitarioa blokeatua den modu berean, nazioarteko kazetariek ere debekatua dute zerrendan sartzea.

Mahmud Bassal Gazako Defentsa Zibileko bozeramailea ere batu da Israelen aurkako deira, eta jakinarazi du gose greban dagoela, «munduari erakusteko palestinarrek bizitzeko eskubidea dutela». Hala kontatu du sare sozialetan: «Gure haurrak gosez hiltzen ari dira, eta eskatzen dugun bakarra laguntza humanitarioa ematea da, murrizketarik eta baldintzarik gabe».

Janaria «arma»

GHFren kontra egiteko ere probestu du hitza Bassalek, eta salatu du janaria «arma» bilakatu duela. Kaja Kallas Europako Batasuneko diplomaziaburua ere sare sozialen bidez mintzatu da, eta jakinarazi du ezen, Israelek laguntza humanitarioa sartzen uzteko bidea irekitzen ez badu, «aukera guztiak mahai gainean» egongo direla. Bide batez, zibilen sarraskia «defendaezina» dela erran du, baita Israelgo Atzerri ministroarekin elkartu zela ere, «laguntza guneetan pertsonak hiltzeari utzi behar diola errateko».

Hori guztia ikusita, Israelgo armadak ohar bat argitaratu du, zeinetan, bertzeak bertze, bere burua justifikatu nahi izan duen, Deir al-Balahn erasoaldia egiteagatik. Bertan argudiatu duenaren arabera, armadako tropek «tiro batzuk» identifikatu zituzten, eta «erantzun» egin zuten. Era berean, berretsi du igandean eremua ebakuatzeko agindua eman zuela, eta «segurtasuna bermatu» zuela.

Setioa hasi zuenetik, Israelek ia 60.000 palestinar hil ditu zerrendan; gaur bertan, 63.

Aurtengo haur desplazatuen kopurua erregistratutako handiena da Zisjordanian

Urteko lehen seihilekoa betea den honetan, Save the Children erakundeak NBEren agentzia batean oinarritutako txosten bat argitaratu du, eta, hor jakinarazi duenez, errekorra egin du datu batek: inoizko handiena da urtearen lehen erdialdean Zisjordanian desplazatu behar izan duten haurren kopurua. 

 

2009an abiatu zuen OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak desplazatuei buruzko kontaketa. Azken datuen arabera, 2023. urteko lehen seihilekoan 328 haur desplazatu ziren; hurrengo urtearen lehen zatian, 542; eta aurtengo urtarriletik uztailera, berriz, 1.200. Dena den, OCHAk ondorioztatu du 2.850 haurrek baino gehiagok ibili behar izan dutela joan-etorrian, bizitokien eraisteen eta osasun arazoen ondorioz. 2009. urtetik gaurdaino, 10.300 haur baino gehiago lekualdatu behar izan dituzte Zisjordanian.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.