Kiev presiopean sentitzen da. Eta Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ez du uste hori «justua» denik. Atzo gauean Axios AEBetako hedabideak argitaratutako elkarrizketa batean aitortu zuen Etxe Zuriarentzat errazagoa dela Ukrainari presio egitea Errusiari presio egitea baino; halere, ohartarazi du Moskuri «garaipena emateak» ez duela bakea ekarriko. AEBetako presidente Donald Trumpek Ukrainari kontzesioak egiteko exijitu dio azken egunetan. Oraingoz, baina, Kievek ez du kontzesiorik egingo; akordiorik gabe amaitu da Genevan (Suitza) AEBetako, Errusiako eta Ukrainako ordezkarien arteko bilkura.
Atzo «aurrerapausoak» eman zituztela jakinarazi zuen Steve Witkoff Etxe Zuriaren ordezkariak. Rustem Umerov Ukrainako ordezkaritzaren buruak gaineratu zuenez, elkarrizketetan «kontu praktikoez» hitz egin zuten, baita «konponbide posibleak lortzeko mekanismoen» inguruan ere. Gaurko saioaren ostean ikusiko da ea negoziazioetan aurrerabiderik izan den aurreko elkarrizketen aldean. Izan ere, Genevakoarekin hirugarrenez batzartu dira Washingtongo, Moskuko eta Kieveko ordezkariak.
Aurreko biak Abu Dhabin egin zituzten, eta ez zuten lortu gatazkaren konponbidean pauso esanguratsurik ematea. Kremlinen arabera, Genevako saiora kontu «garrantzitsuak» eraman ditu. Tass Errusiako berri agentziak Moskuren ordezkaritzako iturriak aipatuz kaleratu zuen atzoko saioak sei ordu inguru iraun zuela, eta «tentsio handikoa» izan zela.
Aldeek ez dute lortzen lurraldetasunaren auzian ados jartzea. Errusiak bere egin nahi du Donetsk eremua. Duela ia lau urte Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, eremu horren zati handiena okupatua du. Osorik kontrolatzen du Luhansk eskualdea, baita Donetsken %80 ere —bi eskualde horiek osatzen dute Donbass—. Horiek horrela, Kremlinen eskakizun nagusia da Kievek atera ditzala bere tropak oraindik kontrolpean duen zati horretatik. Kontuan hartu behar da Moskuk okupatuta dauzkala Zaporizhia eta Kharkiv eskualdeetako eremu zabalak ere, eta 2014tik anexionatua duela Krimeako penintsula.
AEBek Kievi proposatu diote erretiratzeko tropak Donbassetik, eta gune desmilitarizatu horretan «esparru ekonomiko aske bat» ezarriko dutela esan dute. Zelenskik Axiosi jakinarazi dionez, horren inguruan eztabaidatzeko prest dago, baina adierazi du Errusiari ere antzerako eskakizunak egin beharko zaizkiola. Gaineratu duenez, Washingtonekin adostu du ezein akordio eginda ere ukrainarrek onartu egin beharko dutela, erreferendum bidez. Hitzarmenean jasotzen badute Ukraina Donbassetik erretiratzea eta han bizi direnen «subiranotasuna eta herritartasuna baztertzea», ukrainarrek baztertu egingo dute, Zelenskiren arabera. Aldiz, uste du agian herritarrek alde bozkatuko dutela gerra fronteak gaur egun dauden moduan uztea adostuz gero.
Bitartean, eraso gehiago
Aldeak batzartuta dauden bitartean, gerrak aurrera jarraitzen du Ukrainan. Ukrainako armadaren arabera, Moskuk 120 dronerekin baino gehiagorekin egin dio eraso gaur Ukrainari. Bonbardaketa horietan gutxienez bost pertsona hil dituzte, The Kiev Independent egunkariak kaleratu duenez: Donetsk eskualdean bost, Zaporizhian bat, eta Dnipropetrovsken beste bat. Gainera, Ukrainako Energia Ministerioak jakinarazi du azpiegitura energetikoen aurkako erasoek dozenaka mila herritar utzi dituztela argindarrik gabe Zaporizhia, Dnipropetrovsk, Odesa eta Sumi eskualdeetan. Bestalde, Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera, Ukrainatik jaurtitako 48 drone eraitsi dituzte gaur.