Errusiak eta Ukrainak «aurrerapausoak» eman dituzte bien arteko gatazka konpontzeko bidean, baina pauso horien artean oraindik urratsak daude egiteke. Washingtongo, Moskuko eta Kieveko delegazioek ez dute akordiorik ondu azken bi egunetan Genevan (Suitza) egindako bilkuran. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak esan du menia gainbegiratzeko mekanismoen inguruan «aurrerapausoak» eman dituztela: «Militarrek badakite su etena nola gainbegiratu, horretarako borondatea dagoenerako». Kontua da gaur-gaurkoz su etenik ez dagoela.
Arlo militarrean aurrera egin badute ere arlo politikoan ez atzera ez aurrera jarraitzen dutela jakinarazi du Zelenskik. Kieven eta Moskuren exijentziek ez dute bat egiten. Aldeek ez dute lortzen lurraldetasunaren auzian ados jartzea, eta, azkenaldian, Kiev presiopean sentitu da. Eta Ukrainako presidenteak ez du uste hori «justua» denik. Atzo gauean Axios AEBetako hedabideak argitaratutako elkarrizketa batean aitortu zuen Etxe Zuriarentzat errazagoa dela Ukrainari presio egitea Errusiari presio egitea baino; halere, ohartarazi du Moskuri «garaipena emateak» ez duela bakea ekarriko. AEBetako presidente Donald Trumpek kontzesioak egiteko exijitu dio Ukrainari azken egunetan.
Oraingoz, baina, Kievek ez du kontzesiorik egingo. Bilkuraren bigarren saioa amaitu ostean —lehena atzo egin zuten—, Zelenskik jakinarazi du ez dutela lortu ados jartzea hainbat gai «delikaturen» inguruan; horien artean aipatu ditu Errusiak Ukrainaren ekialdean okupatutako lurraldeen auzia eta Zaporizhiako zentral nuklearraren kontrola. Zentral nuklear hori ere Errusiako armadaren esku dago 2022tik.
Kremlinek bere egin nahi du Donbass eremu osoa. Duela ia lau urte Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, eremu horren zati handiena okupatua du. Osorik kontrolatzen du Luhansk eskualdea, baita Donetsken %80 ere —bi eskualde horiek osatzen dute Donbass—. Horiek horrela, Kremlinen eskakizun nagusia da Kievek atera ditzala bere tropak oraindik kontrolpean duen zati horretatik. Kontuan hartu behar da Moskuk okupatuta dauzkala Zaporizhia eta Kharkiv eskualdeetako eremu zabalak ere, eta 2014tik anexionatua duela Krimeako penintsula.
AEBek Kievi proposatu diote erretiratzeko tropak Donbassetik, eta gune desmilitarizatu horretan «esparru ekonomiko aske bat» ezarriko dutela esan dute. Zelenskik Axiosi jakinarazi dionez, horren inguruan eztabaidatzeko prest dago, baina adierazi du Errusiari ere antzerako eskakizunak egin beharko zaizkiola. Gaineratu duenez, Washingtonekin adostu du edozein akordio eginda ere ukrainarrek onartu egin beharko dutela, erreferendum bidez. Hitzarmenean jasotzen badute Ukraina Donbassetik erretiratzea eta han bizi direnen «subiranotasunari eta herritartasunari uko egitea», ukrainarrek ez dute akordioa onartuko, Zelenskiren arabera. Aldiz, uste du agian herritarrek alde bozkatuko dutela gerra fronteak gaur egun dauden moduan uztea adostuz gero.
Bilkura «zaila, baina serioa»
Atzo sei orduz egon ziren bilduta, eta gaurko saioak bi ordu iraun ditu. Atzokoaren ostean ere «aurrerapausoak» eman zituztela jakinarazi zuen Steve Witkoff Etxe Zuriko ordezkariak. Rustem Umerov Ukrainako ordezkaritzaren buruak gaineratu zuenez, elkarrizketetan «kontu praktikoez» hitz egin zuten, baita «konponbide posibleak lortzeko mekanismoen» inguruan ere. Gaurko saioaren ostean, baina, argi geratu da oraingoan ere negoziazioek ez dutela aurrerabide handirik izan aurreko elkarrizketen aldean. Izan ere, Genevakoarekin hirugarrenez batzartu dira Washingtongo, Moskuko eta Kieveko ordezkariak. Aurrerantzean bilkura gehiago egingo dituztela iragarri dute Ukrainako eta Moskuko ordezkariek.
Aurreko elkarrizketak Abu Dhabin egin zituzten, eta ez zuten lortu gatazkaren konponbidean pauso esanguratsurik ematea. Kremlinen arabera, Genevako saiora kontu «garrantzitsuak» eraman ditu. Tass Errusiako berri agentziak Moskuren ordezkaritzako iturriak aipatuz kaleratu zuen atzoko saioa «tentsio handikoa» izan zela. Gaurkoaren ostean, bilkura «zaila, baina serioa» izan dela adierazi du Vladimir Medinski Errusiako ordezkaritzaren buruak.
Aldeak batzartuta zeuden bitartean, gerrak aurrera jarraitu du Ukrainan. Ukrainako armadaren arabera, Moskuk 120 dronerekin baino gehiagorekin egin dio eraso gaur Ukrainari. Bonbardaketa horietan gutxienez bost pertsona hil dituzte, The Kiev Independent egunkariak kaleratu duenez: Donetsk eskualdean bost, Zaporizhian bat, eta Dnipropetrovsken beste bat. Gainera, Ukrainako Energia Ministerioak jakinarazi du azpiegitura energetikoen aurkako erasoek dozenaka mila herritar utzi dituztela argindarrik gabe Zaporizhia, Dnipropetrovsk, Odesa eta Sumi eskualdeetan. Bestalde, Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera, Ukrainatik jaurtitako 48 drone eraitsi dituzte gaur.