Gerra beharrezkoa zela esan die Bushek Iraken hildako estatubatuarren senideei

ESKEk azaroaren 2an hauteskundeak ikuskatzen izango dela baieztatu du

ERREDAKZIOA
2004ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Oraindik zalantzan dauden estatuetan ari dira bi hautagai nagusiak, George Bush errepublikanoa eta John Kerry demokrata, kanpaina egiten. Errepublikanoa Ohio eta Floridara joatekoa zen atzo; Kerry, aldiz, Nevada eta Coloradora. Aurretik Irak eta klonazioa izan zuten hizpide.

Bushek herenegun Telemundo telebistari eskaini zion elkarrizketan, Iraken eta Al Kaedaren arteko lotura egin zuen, eta Iraken hildako estatubatuarren senideei esan zien ulertu behar dutela ezinbestekoa zela gerra. «Estatu Batuen eta askatasunaren alde dauden herrialdeen aurkako gorroto gerrarekin jarraitu nahi duten horien erasoak jasaten ditu gure herrialdeak», esan zuen, «guk estrategia egokia erabili behar dugu, ez bakarrik Al Kaeda jazartzeko hala egiten ari gara, baita Al Kaedari eta bere erakundeari suntsipen handiko armak lortzea galarazteko ere». Kerryk Christopher Reeve zenaren emaztearekin egin zuen kanpaina, zelula amekin ikerketa zientifikoak babesteko. «Zientziaren aurrerapausoak gelditzea» egotzi zion Bushen «muturreko» ideologiari. AP-k egindako inkesta baten arabera, hautesle asko ez daude Bushekin gustura, baina ez dute uste Kerry alternatiba sinesgarria denik. Dena den, inkestak Kerry ematen du garaile botoen %49rekin eta Bushi botoen %46 aurreikusten dizkio.2000ko bozetako irregulartasunak kontuan hartuta, ESKE Europako Segurtasun eta Kooperaziorako Erakundeak azaroaren 2an AEBetan izango dela adierazi zuen atzo. Zenbait analistak iraingarritzat jo dute erakundearen presentzia eta ESKEk lasaitu nahi izan zituen. «Gure asmoa ez da bertara kritikatzera joatea», adierazi zuen Rita Suessmuth arduradunak.

-

Datua



3.900

Hauteskunde kanpainan hautagaiek xahututako dirua 3.900 milioi dolarretik gorakoa da, Politika Arduratsu baterako Zentroaren arabera. Kalkulua «oso kontserbadorea» dela onartu du, ez dituelako kontuan hartu alderdiei zuzenki lotuta ez dauden kanpaina taldeak. Beste erakunde batzuen arabera, gastua 6.000 milioi dolarrekoa da aurten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.