Zenbait desinformazio kanpainak hankaz gora jarri izan dituzte hauteskunde prozesuak Ameriketako Estatu Batuetan eta Europan, baina, denbora luzez, ez da halakorik gertatu Japoniako politikan. Salbuespen hori, ordea, kolokan dago orain; izan ere, kaleratu berri duten ikerketa baten arabera, Sanae Takaichi lehen ministroaren ingurukoak daude beren alderdi politikoko buruzagien aurkako difamazio digitaleko ustezko operazio baten atzean. Akusazioak egiaztatzen badira, Japonian lehen aldiz egin beharko diote aurre halako gerra zikin digital bati: ustez botere politikoko ingurunean antolatua, eta sare sozialetako profil anonimoen, bideo manipulatuen eta kanpaina koordinatuen bidez gauzatua.
Shūkan Bunshun astekariak argitaratu du ikerketa, eta, han jasotakoaren arabera, Takaichiren kanpainako kideek profil anonimoen sare bat koordinatu dute LDP Alderdi Liberal Demokratikoaren barne hauteskundeen garaian, zenbait aurkariren ospea zikintzeko; besteak beste, Shinjiro Koizumi ministroarena. Lehen ministroak esan du ez duela halakorik egiteko agindu eta ez duela halako ezeren berririk izan, eta haren ingurukoek ere gezurtatu egin dituzte salaketak. Nolanahi ere, eskandaluak goitik behera astindu du Japoniako politika, eta berriz piztu da kanpaina digitalak araupetzeari buruzko eztabaida. Gainera, eztabaida noiz piztuko, eta Takaichi ospea nabarmen galtzen ari den honetan, dezente urritu baitzaio kargua hartu zuenean jasotako babes handia.
Politikan izango dituen ondorioak gorabehera, hainbat analistak uste dute gertakari hori mugarri izango dela Japoniako politikaren komunikazioan. Beste demokrazia batzuetan eragin handia izan du hauteskunde prozesuetan, baina Japonian, orain arte, desinformazio kanpainen hedapen antolatuak ez du toki nabarmenik izan eztabaida politikoan. «Oraingo honetan, berritasuna ez da kanpaina negatibo bat egin dela, baizik eta, lehen aldiz, susmoa dela boterearen inguruko kideek antolatu dutela operazio digital hori. Horrek aldaketa kualitatibo bat dakar Japoniako kultura politikoan», azaldu du Jun Sukadak, Kanagawako Unibertsitateko Komunikazio Politikoko irakasle elkartuak.
«Desinformazio kanpainek herritarrek erakundeetan duten konfiantza higatzen dute, eta sistema politiko osoaren sinesgarritasuna kolokan jartzen»
JUN SUKADA Kanagawako Unibertsitateko Komunikazio Politikoko irakaslea
Adituaren arabera, auzi horrek soka luzea ekarriko du, inplikatuen erantzukizuna edozein dela ere. Bideo manipulatuak zabaldu edo kontu anonimoak erabili izana baino gehiago, benetan kezkagarria zera da: halako estrategiek jendearen konfiantzan izango duten eragina. «Desinformazio kanpainek nekez aldatzen dituzte hauteskundeetako emaitzak berez. Sakonago eragiten dute: herritarrek erakundeetan duten konfiantza higatzen dute, eta sistema politiko osoaren sinesgarritasuna kolokan jartzen», adierazi du. Haren iritziz, gertatu denak argi uzten du, halaber, hauteskunde legedia ekosistema digitalera egokitzeko erronka dutela Japonian; izan ere, adimen artifiziala darabilten tresnek modua ematen dute eduki manipulatuak inoiz baino bizkorrago sortzeko eta zabaltzeko.
Itxuraz elkarren artean zerikusirik ez zuten dozenaka profiletan agertu ziren argitalpenak. Bideo editatuak eta hitzaldi puskak zabaldu zituzten —testuingurutik erabat aterata—, baita Takaichiren aurkari nagusien aurkako mezuak ere. Ikerketaren arabera, ekintza hori ez zen erabiltzaile batzuek nork bere kasa egindakoa izan, baizik eta ongi antolatutako estrategia bat, eta xedea ez zen Takaichiren hautagaitza sustatzea, ezpada haren aurkari nagusien sinesgarritasuna zalantzan jartzea; horretarako, betiere ikerketaren arabera, adimen artifizialeko tresna batzuk erabili zituzten, edukiak sortzeko eta askotariko plataformetara egokitzeko gai direnak. Automatizazioaren, anonimotasunaren eta bizkor zabaltzeko gaitasunaren bidez, erasoak ugaritu ahal izan zituzten, kanpaina ofizial batekin lotzeko moduko susmo argirik sorrarazi gabe.
Legedia, kinka larrian
Sanae Takaichiri zuzenean eragin dio horrek guztiak politikoki, baina, horretaz gain, gertatutakoak eztabaida piztu du Japonian, eta nekez baretuko da aste batzuk igarota ere. Kanpaina digitalen hedatze bizkorrak, sare sozialetako anonimotasunak eta adimen artifizialeko tresnen garapenak kinka larrian jarri dute Japoniako legedia, zeina komunikazio politikoa ingurune digitaleraino iritsi baino askoz lehenago ezarria baita. «Denbora luzez, Japoniak uste izan du beste demokrazia batzuen arazoa zela hauteskundeetako desinformazioa».
«Gertaera honek erakusten du uste hori jada ez dela hain sendoa», laburbildu du Sukadak. Haren hitzetan, orain benetako erronka ez da hauteskundeetako legedia aldatzea soilik: herritarren konfiantzari eustea ere bada, eremu publikoan gero eta zailagoa baita eztabaida politiko legitimoak eta manipulazio kanpaina antolatuak bereiztea.