Ginea Bissauko militar talde batek herrialdeko agintea hartu zuen atzo, estatu kolpea emanda. Umaro Sissoco Embalo presidentea kargutik kendu zuten, eta beste zenbait neurri ezarri. Oposizioko buru Fernando Dias da Costak, ordea, presidentearen trikimailu bat izan dela ziurtatu du gaur, eta adierazi estatu kolperik ez dela izan. Dias da Costaren esanetan, «hauteskundeak galtzeko beldurra» dago «asmakizun» horren atzean. Nazioarteko zenbait hedabideren arabera, ordea, Embalo presidentea atxilo hartuta daukate militarrek.
«Ginea Bissaun ez da estatu kolperik gertatu. Errepublikako presidentearen asmakizuna izan da, hauteskundeak irabazteko modurik ez zuela ikusita. Horregatik erabaki zuen zerbait asmatzea eta estatu kolpea deitzea», adierazi du Da Costak, Facebookeko bere profilean argitaratu duen bideo batean. Era berean, nabarmendu du egungo presidentearen «gertuko jendea» dela herrialdearen agintea hartu duen militar taldea: «Benetako estatu kolpe bat izango balitz, zergatik hartuko zuten kontrola presidentearen gertuko norbaiten langileek?».
Igandean egin ziren herrialdeko hauteskundeak, eta bi hautagai nagusiek jo zuten beren burua irabazletzat. Azken emaitzak, ordea, atzo ziren argitaratzekoak, eta haiek jakin aurretik jakinarazi zuten militarrek estatu kolpea eman zutela, eta herrialdearen «erabateko kontrola» hartua zutela. Era berean, Embalo kargutik kendu zutela jakinarazi zuten, eta hauteskunde prozesua berehala bertan behera uzteko agindu. Beste neurri batzuk ere hartu zituzten; besteak beste, herrialdeko mugak eta aire eremua itxi zituzten, baita estatuaren erakundeak eta hedabideak ere. Gainera, soldaduak hiriburuko zenbait irrati kateren egoitzetan sartu ziren, eta emisioak geldiarazteko agindu zieten bertako langileei. Etxeratze agindua ere ezarri zuten, arratsaldeko zazpietatik goizeko seietara.
Militarrengandik ihesi
Nazioarteko zenbait hedabidek atzo kaleratu zuten soldaduek Embalo presidentea atxilo hartu zutela eta kargutik kendu. Oposizioko buru Da Costak, berriz, gaur adierazi du militarrak bera atxilotzen ahalegindu direla, baina ihes egitea lortu duela «herritarren laguntzarekin». Baina, berak ihes egitea lortu duen arren, lehen ministro izandako Domingo Simoes Pereira atxilo hartuta dagoela jakinarazi du, eta aska dezatela exijitu. Pereira oposizioaren berezko liderra da, berez, baina ez zioten hauteskundeetako hautagai izaten utzi, arrazoi teknikoak argudiatuta. Haren ordez ari da Da Costa, independente moduan, baina Pereiraren alderdiaren babesarekin.
Egoera ikusita, Da Costak Afrikako Batasunari eskatu dio, organizazio goren den heinean, «bere gain» har dezala egoera. Eta, era berean, Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoari ere eskatu dio bere «erantzukizuna» onar dezala, hura izan baita hauteskunde prozesuan lagundu duen erakundea. Bi erakunde horiek deitoratu egin dute militarren altxamendua, elkarrekin argitaratu duten ohar batean.
Militarrek, berriz, Horta Nta Na Man jenerala jarri dute herrialdeko presidente karguan. Gaur egin dute juramentu ekitaldia, eta presidente berriak adierazi du hartu dituzten neurri guztiak «premiazkoak eta garrantzitsuak» direla.