Azken egunetan giro politikoa gaiztotzen ari da Katalunian. Preso politikoen alde hainbat herritan ezarritako xingola horiak kentzen hasi dira hainbat herritar eta Ciudadanos alderdiak ere kanpaina hauekin bat egin du. Atzo goizean, gainera, Ines Arrimadas eta Albert Rivera Ciudadanoseko politikariak xingola horiak kentzen ibili ziren Bartzelonan hainbat herritarrekin batera.
Larunbatean, emakume batek salatu baitzuen gizonezko batek Ciutadella parkean eraso egin ziola xingola horiak kentzen ari zela. Espainiako Polizia Nazionalak atxilotu egin zuen gizonezkoa baina, atzo, aske utzi zuten kargupean. Gizonak, ordea, emakumearen bertsioa gezurtatu du eta emakumea salatu du erasoa berak hasi zuela argudiatuta.
Kazetari baten aurkako erasoa
Atzo, Ciudadanosek deituta emakumea babesteko manifestazioa egin zuten Bartzelonan. Manifestazioa, ordea, bertze zauritu batekin amaitu zen. Telemadrid, Espainiako telebista kateko kazetari bat erasotu zuten, TV3 katekoa zela ustetan. Kazetariak berri agentziei zabaldu dienez, emakume bat bere lana eragozten hasi zen arropa horia zeramalako. Orduan, bi gizonezkok ukabilkadak eman zizkioten eta anbulantzian artatu behar izan zuten. Ciudadanos alderdiak erasoa gaitzetsi du baina erasotzaileak infiltratutako bi gizonezko direla adierazi du, ez alderdiko militanteak.
Kazetariak, gaur goizean Mossos d'Esquadran salaketa jarri du erasotzaileen aurka.
Giro gaiztotuaren erdian, TvBoy artistak sinatutako Francisco Francoren graffiti bat azaldu da Bartzelonako Urquinaona plazan. Graffitian Franco ikus daiteke Frankesteinen itxurarekin, hilarri baten ondoan.
FOTO Apareix un gran grafiti de Franco a mida real al centre de #Barcelona amb el lema «El despertar del pasado» https://t.co/Q4AFe4FRtopic.twitter.com/paV3w0bgdH
— NacióDigital (@naciodigital) 2018(e)ko abuztuaren 30(a)