Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berriro zigortu du Turkia Osman Kavalaren kasuagatik

Ankarak Giza Eskubideen Europako Hitzarmena urratu duela adierazi du Estrasburgok. Hala, Kavala ekintzailea «ahalik eta azkarren» askatzeko eskatu dio.

Osman Kavala, artxiboko irudi batean. ANF
Osman Kavala, artxiboko irudi batean. ANF
Iraia Leon Pego
2026ko abuztuaren 25a
14:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berriro eskatu dio Turkiari Osman Kavala enpresari eta ekintzaile turkiarra espetxetik ateratzeko. Bigarren aldia da Estrasburgok kasu horren inguruan epai bat kaleratzen duena, eta gaurkoan gogor kritikatu du Ankarak Giza Eskubideen Europako Hitzarmena urratzea. Hortaz, epaileek Turkia zigortu dute, eta galdegin diote Kavala «ahalik eta azkarren» askatzea.

Bederatzi urte daramatza Kavalak Turkian espetxeratuta, «ordena konstituzionalari eraso» egitea eta 2016ko estatu kolpe saiakerarekin «lotura izatea» leporatuta, besteak beste. 2019ko abenduan, Estrasburgok ebatzi zuen Kavala arbitrarioki atxilotu zuela Turkiak, eta espetxean egoteko arrazioak ez zirela nahikoa. Hala, auzitegiak Turkiari eskatu zion ekintzailea «berehala» aske uzteko.

Ankarak, ordea, ez zuen bete Estrasburgoren ebazpena. Are gehiago, 2022an bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zion Kavalari, Turkiako Gobernua «uzkailtzen saiatzea» egotzita. Urte luzez, Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganen aurkaritzat hartu zuten askok Kavala, eta giza eskubideen aldeko taldeek salatu dute kasua arrazoi politikoek bultzatu dutela.

Azken urteetan Turkiak haren egoera hobetzeko aurrerapausorik ez zuela eman ikusita, Kavalak bigarren aldiz jo zuen Estrasburgora; oraingoan, Turkiak 2019ko epaia ez betetzeagatik, eta horren ondoren jasandako eskubide urraketengatik. Estrasburgoko auzitegiak, beraz, aurten berriro ekin zion kasua aztertzeari.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak martxoaren 25ean egin zuen entzunaldia. Bertan, Kavalaren abokatuek adierazi zuten espetxeratuaren egoera ez zela aldatu, eta salatu Turkia oraindik ez dela gai izan Kavala errudun zela adierazten zuten «froga fidagarriak» aurkezteko. 

Europako Kontseiluaren Giza Eskubideetarako komisario Michael O'Flaherty ere mintzatu zen orduan auzi saioan, eta testuinguru zabalago batean jarri zuen Kavalaren kasua: «Turkiako giza eskubideen aldeko ekintzaileen, abokatuen, kazetarien eta oposizioko politikarien kontrako etengabeko presioaren isla da». Era berean, agerian utzi zituen Ankarak independentzia judizialarekin dituen arazoak, baita Turkiako Auzitegi Konstituzionalaren atzerapenak ere.

Auzi saioa egin eta egun batera, Kavalak berak komunikatu bat zabaldu zuen espetxetik, eta Turkiari «betebehar konstituzionalak» betetzeko eskatu zion. Gainera, nabarmendu zuen «aske bizitzeko eskubidea» ezin dela mugatu, delitu bat egin dela erakusten duten «froga fidagarririk eta zehatzik» ez dagoen bitartean.
 
Auzitegiak martxoan ez zuen  epairik kaleratu; gaur plazaratu du, ordea. Giza Eskubideen Europako Auzitegiko presidenteak, Mattias Guyomarrek, Turkiaren aurka egin du, eta adierazi kasuak agerian uzten duela Turkiak «arazo sistemiko bat» duela. Epaileek adierazi dute Turkiak Giza Eskubideen Europako Hitzarmena urratu duela, eta ohartarazi diote ezen, egoerak bere hartan segitzen badu, hitzarmenaren urraketen luzapentzat hartuko dutela. 

Hala, auzitegiak Turkiari galdegin dio Kavala hitzarmena urratu aurretik zegoen egoeran uzteko berriz, eta nabarmendu du bizi guztiko kartzela zigorra bertan behera uztea dela horretarako lehen pausoa. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA