Nikaragua

Gizateriaren aurkako krimenen erantzule egin dituzte Ortega eta Murillo

Nikaraguako giza eskubideen egoera aztertzeko sortutako NBEren batzordeak bere lehen txostena aurkeztu du. Besteak beste, epaiz kanpoko exekuzioak eta sexu indarkeria egozten dizkiete.

Nkaraguako presidenteordea Rosario Murillo eta Daniel Ortega presidentea, Managuan, artxiboko argazki batean. CESAR PEREZ, EFE
arantxa elizegi egilegor
2023ko martxoaren 2a
15:35
Entzun

NBE Nazio Batuen Erakundeak Nikaraguako egoera aztertzeko osatutako batzorde bereziak gaur aurkeztu du bere lehen txostena. Hartan, gizateriaren aurkako krimenen erantzule egiten dituzte Daniel Ortega presidentea eta Rosario Murillo presidenteordea, baita hainbat poliziaburu eta bestelako goi kargudun ere. Leporatzen dizkieten krimenen artean daude epaiz kanpoko exekuzioak, sexu abusuak, torturak eta atxilotze arbitrarioak.

Txostenaren arabera, herrialdean gobernuak ezarritako zentsura neurriak «oso handiak» dira, eta, ondorioz, herritarrek ezinezkoa dute modu askean adieraztea, eztabaida publikoetan parte hartzea, biltzea edota erlijio askatasuna edukitzea. «Herritarrak beldur dira gobernuak bere aurka hartu ditzakeen neurriez», salatu du batzordeko buru Jan Simonek.

Giza eskubideen urraketak «orokortuak» direla ohartarazi dute adituek, «arrazoi politikoetan» oinarrituak, eta helburu dutela «edozein oposizio desegitea, edozein bide baliatuta». Hori dela eta, nazioarteko komunitateari eskatu diote har ditzala zigor neurriak Nikaraguako agintarien eta instituzioen aurka.

«Botere legegilea, judiziala eta exekutiboa instrumentalizatu egin dituzte gobernuko agintariek, eta, modu horretan, oposizioko kideei jazartzeko eta oinarrizko askatasunak mugatzeko modua ematen dien lege testuinguru bat eraiki dute», adierazi du Simonek. Txostenak jasotzen dituen datuen arabera, 2018tik 3.100 gizarte erakunde desegin dituzte, eta giza eskubideak gainbegiratzen dituzten erakunde guztiek atzerrira jo dute, baita komunikabide askok ere.

Azken asteetan, egoerak okerrera egin du, eta 316 laguni herritartasuna kendu die Ortegaren gobernuak, herrialdeari «traizio» egitea leporatuta; haietatik 222 erbesteratu egin ditu. Adituen batzordeko kide Ana Maria Buitragok zehaztu du gobernuak bultzatu duela «ahots kritiko oro isiltzea, haiek kriminalizatuz eta haiei jazarriz», modu horretan instituzioak «tresna gisa» baliatu ahal izateko. Ondorioz, milaka izan dira herrialdea uztea beste aukerarik ikusi ez dutenak. «Desagertutzat geneukan figura bat sortu dute: erbesteratuarena. Baina, gainera, biktimek pentsioak jasotzeko eskubidea galdu dute, haien datuak estatuko sistematik ezabatu baitituzte, eta horrekin galdu egiten dute bizirik irauteko aukera ere», azaldu du Buitragok.

Oztopoak

Urraketen inguruan orain arte egin diren ikerketa saiakerak ere oztopatu egin ditu Ortegak, batzordeak jaso duenez. Besteak beste, 2018ko protestetan parte hartu zuten manifestarien hilketen gainekoa. Dokumentuak jasotzen duenez, Poliziako kideek epaiz kanpoko exekuzioak baliatu zituzten manifestarien aurka, baina, salaketa horren berri izan arren, Ortegak geldiarazi egin zuen ikerketa oro.

Gobernuarekin kritikoak zirenak atxilotu ostean ere, haien aurka torturak, tratu txarrak eta sexu erasoak baliatzea egozten die batzordeak bi buruzagiei. Dokumentuaren arabera, espetxeko funtzionarioek presoen eskubideak urratu dituzte, informazioa lortzeko. Atxiloketa askoren kasuan, «indarkeria» baliatzea ere leporatzen diete Poliziari eta gobernuaren aldeko miliziei, baita jendea atxilotze agindurik gabe atzeman eta hainbat egunez bakartuta edukitzea ere. «Hori guztia posible izan da estatua arma gisa baliatu dutelako herritarren aurka», salatu du Buitragok.

Urraketen atzean «estatuaren erantzukizuna eta errudun diren banakoena» dagoela nabarmendu du Simonek, eta horiek ikertu eta epaitzeko eskatu du, bai Nikaraguan bertan, bai nazioartean. Baina, atzerriko agintariei ez ezik, Nikaraguako Gobernuari ere eskari zuzena egin diote txostengileek: aska ditzala modu arbitrarioan askatasunik gabe utzitako pertsonak, eta eten ditzala gehiegikeriak, indarkeria eta, batez ere, jazarpen politikoa. Horretaz gain, eskatu diote Managuari egin dezala ikerketa independente bat urraketen erantzuleak aurkitu eta zigortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.