Jaka Horiak

Gizonezko bat hil da Perpinyan, Jaka Horien protesta batzuetan, trafiko istripuz

Jak Horien protestetan, hamar dira trafiko istripuz hil direnak. Mobilizazioak izan dira gaur ere, seigarren astebuz jarraian. Parisen ustekabean hartu dute Polizia, eta erdigunean mobilizatu dira.

Jaka Horien mobilizazioa, gaur, Parisko erdigunean. ETIENNE LAURENT, EFE
2018ko abenduaren 22a
17:35
Entzun

Perpinyako (Herrialde Katalanak) hegoaldeko ordainlekuan gertatu zen istripua, atzo. 36 urteko gizonezko batek bere autoarekin jo zuen Jaka Horiak protesta egiten ari ziren inguruan geldituta zegoen kamioi gurutzatu bat. Talkaren ondorioz, hil egin da gizonezkoa.

Frantziako fiskaltzak ikerketa abiatu du gertatutakoa argitzeko.

Jaka Horien protestak hasi zirenetik —joan den azaroaren 17an hasi ziren mobilizatzen— hamar dira protesten inguruan gertatutako istripuetan hil direnak.

Mobilizazioak Paris erdigunean

Seigarren asteburuz jarraian, Frantziako hainbat hirigune eta errepidetan mobilizatu dira gaur ere Jaka Horiak. Parisen, ustekabean harrapatu dute Polizia, eta erdigunera sartzea lortu dute, Frantziako presidentearen egoitza den Eliseo jauregitik gertu.

Manifestariek Versalleserako martxa zuten iragarria —Paris mendebaldean—, baina Montmartre auzoan hasi dira biltzen, Poliziaren harridurarako. Handik, Eliseo aldera egin dute martxa azkenean, harik eta Poliziak Madeleine plazan bidea itxi dien arte.

Lapurdin ere mobilizazioak izan dira. A-63 autobidearen Biriatuko ordainlekuan, bidea itxi diete kamioiei, eta 15 kilometroko kamioi ilarak sortu dira, Baionako noranzkoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.