Global Sumud Flotillak «orain arteko misiorik handiena» jarriko du martxan

Flotilla bat eta karabana humanitario bat bidaliko dituzte martxoaren 29an Palestinara. Bertan joango dira, besteak beste, osasun arloarekin lotura duten profesionalak, irakasleak, ingeniariak, eta gerra krimenen ikertzaileak.

GSFko Brasilgo kideak beren herrialdera iristean, Israelek haiek askatu ostean. ISAAC FONTANA / EFE
GSFko Brasilgo kideak beren herrialdera iristean, Israelek haiek askatu ostean. ISAAC FONTANA / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko otsailaren 5a
19:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

Palestinarako orain arte inoiz egin den «esku hartze koordinatu handiena» abiaraziko duela jakinarazi du Global Sumud Flotillak (GSF). Martxoaren 29an dira abiatzekoak Mediterraneotik, eta aldi berean bidaliko dituzte itsas flotilla bat eta karabana humanitario bat, azken hori lurretik. 

Johannesburgoko Nelson Mandela Fundazioan egin dute aurkezpen agerraldia, gaur. Antolatzaileen arabera, udaberrian gauzatzekoa den misioa «aurrekaririk gabeko erresistentzia zibileko» ekintza bat da. Gaineratu dutenez, nazioarteko gobernu eta erakundeen «porrot katastrofikoari» erantzuteko mobilizatu dira, Israelek abiatutako «genozidioa, blokeoa eta gosete masiboa» geldiarazteko. «Etsaia ez da pertsona bat, beste nazio batzuen etorkizuna baldintzatzen duen bizimodu bat baizik», adierazi du Saif Abukexek antolakuntza taldeko kideak.

Era berean, GSFko kideek prentsaurrekoan azpimarratu dute Gaza berreraikitzeko aurkeztu duten azken planaren aurkako mugimendu bat ere badela misioa. Izan ere, haien esanetan, Palestinako herriari «autodeterminazio eskubidea» ukatzen dio plan horrek, eta Palestinaren gaineko kontrola sendotu.

Operazioak aurrera egin dezan ehun herrialde baino gehiagoko milaka pertsona mobilizatuko direla iragarri dute antolatzaileek. Itsas flotilla Bartzelonatik eta Italiako eta Tunisiako hainbat portutatik abiatuko da, besteak beste. Eta, aldi berean, karabana batek Gazarako bidea abiatuko du Afrika iparraldetik.

Jakinarazi dutenez, osasun arloarekin lotura duten mila profesional baino gehiagok bidaiatuko dute misioan. Eta haiekin batera joango dira, besteak beste, irakasleak, ingeniariak, gerra krimenen ikertzaileak eta nazioarteko eskubidearen urraketak dokumentatzeaz arduratzen diren begiraleak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.