Gloria Steinem ikono feminista hil da

Emakumezkoen eskubide zibilen eta ugaltze eskubideen defendatzaile gisa nabarmendu da, kazetaritzaren esparruan batez ere.

Gloria Steinem ekintzailea hitzaldi bat ematen, 2012an. BERRIA
Gloria Steinem ekintzailea hitzaldi bat ematen, 2012an. BERRIA
Igor Susaeta.
2026ko irailaren 3a
13:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gloria Steinem hil da, feminismoaren ikur eta aitzindarietako bat. 92 urte zituen. Azkeneko hamarkadetan mugimendu feministaren bultzatzaile nagusietako bat izan da AEBetan, eta hala emakumezkoen eskubide zibilen nola sexu eta ugaltze eskubideen eta abortatzeko eskubidearen defendatzaile gisa nabarmendu da, kazetaritzaren esparruan batez ere. New Yorken zendu da, etxean, Instagrameko haren profilean jakinarazi dutenez.

Ikuspegi feminista txertatu zuen gizartean, eta kazetaritza, jendaurreko esku hartzeak eta aktibismoa baliatu zituen horretarako. Bederatzi liburu kaleratu zituen, eta indarkeria matxistaren, emakumeen mutilazio genitalaren eta pornografia industriaren aurka borrokatu zen, baita Vietnamgo gerraren eta Persiar golkoko gerraren aurka ere. Gainera, LGTBI kolektiboko kideen alde lan egin zuen, eta Black Lives Matter mugimendua babestu. Horren guztiaren adibide, 1984an atxilotu egin zuten, Hegoafrikak Washingtonen duen enbaxadaren aurrean protestan ari zela apartheida salatzeko. 

«Bakean hil da, eta inguruan izan ditu maite zituenak. Zorionez beteriko bizitza bat eduki du ia ehun urtez, eta bukaerara arte aritu da berdintasunaren alde lanean», nabarmendu dute Instagrameko mezuan. Hartan jaso dutenez, besteei entzuten jakitea zen Steinemen dohain nagusia, «besteek senti zezaten ulertzen eta entzuten zituztela». Azpimarratu dute, gainera, eredugarria izan zela, eta haren ekintzek eta hitzek «norbera» izateko askatasuna ematen zietela besteei. «Gloria bere espiritu independenteari fidel bizi izan zen; beti kuriositatez eta umore handiz».

1934an jaio zen, Ohio estatuan, eta 11 urte bete zituen arte ez zen modu jarraituan joan eskolara. AEBetan zehar ibili zen familiarekin. Bere memorietan kontatzen duenez, aita lan bila zebilelako aritzen ziren horrela. Depresio Handiaren garaian jaio zen Steinem. Honela mintzo da garai hartaz, 2015ean kaleratutako My Life on the Road liburuan (Nire bizitza errepidean): «Agenda eta egutegi zaharrak errepasatzean, eguneroko eta gutun zaharrak, bat-batean gogora datorkit aita errepideko mapa eta helbide liburuxka maiztuak gainbegiratzen, pentsatuz zenbat diru gastatuko zuen gasolinan toki batetik bestera joateko».

(ID_17884444692065) Gloria Steinem
Gloria Steinem datatu gabeko argazki batean. ALAMY

Gurasoak 10 urte zituela banandu zitzaizkion, eta amarekin bizi zela, konturatzen hasi zen hark, langile gisa, zer-nolako etsaitasunari aurre egin behar zion. Smith College Unibertsitatera joan zen Steinem, eta gobernuen funtzionamenduari buruzko ikasketak egin. 1956an graduatu zen.

Hain zuzen, orduan, 22 urterekin, Indiara bolada bat igarotzera zihoala, konturatu zen haurdun zegoela. Klandestinitatean izan bazen ere, haurdunaldia eten zuen bere borondatez. Bizi izan zuen hori material gisa erabili zuen kazetaritzan, eta abortuari ezarritako oztopoak salatu, baita horrek emakumezkoen bizitzan duen eragina ere. Horri buruz plazan hitz egitea ez zen ohikoa orduan. «Gure Vietnam da», esaten zuen abortatzeko eskubideaz hitz egitean. My Life on the Road liburua abortua egin zion medikuari eskaini zion.

Aldarrikapena

Kazetari feministatzat zeukan bere burua, eta esparru horretan egindako lanak aktibismoak ematen zion ikuspegiarekin jantzi eta aberastu zituen. Askotariko aldizkarietan idatzi zuen —Cosmopolitan-en eta Esquire-n, adibidez—, eta New York Magazine astekariaren sortzaileetako bat izan zen 1968an; alegia, Kazetaritza Berria mugimenduaren alde egin zuten lehen hedabideetako bat hauspotu zuen. Lau urte geroago, beste emakumezko kazetari batzuekin batera, Ms aldizkaria sortu zuen: emakumeek sortutako eta zuzendutako lehen argitalpen feminista.

Bere ibilbide profesionala hasi berritan ekin zion genero ikuspegia lantzeari. Esaterako, 1963an New Yorkeko Playboy klubean infiltratu zen, eta han lanean hasi. Haren helburua zen jakitea zer baldintzatan lan egiten zuten klub horretan beharrean ari ziren emakumeek. Show aldizkarian idatzitako erreportaje bat izan zen horren emaitza —eta salaketa—.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA