Bi hautagai nagusiek aurrera egin dute Poloniako presidentetzarako bozetako lehen itzulian. Hala, poloniarrek Plataforma Zibila zentro-eskuineko koalizioko Rafal Trzaskowskiren eta Karol Nawrocki hautagai independente ultrakontserbadorean artean hautatuko dute ekainaren 1ean. Trzaskowski aurretik izan zen atzo, nahiz eta alde txikia atera: botoen %31,3 lortu zituen, eta Nawrockik, %29,5. Donald Tusk Poloniako lehen ministroaren alderdikidea da Trzaskowski, egun gobernuan dagoen koalizioaren hautagaia. Nawrockik, ostera, PiS Legea eta Justizia alderdi ultrakontserbadorearen babesa du, egungo presidente Andrzej Dudaren alderdiarena.
Bigarren itzuliari begira, honela mintzatu zen atzoko garailea emaitzen berri izan ostean: «Oraindik lan asko dago egiteko». Iritzi berekoa da haren alderdikide Tusk; atzo gauean sare sozialetan adierazi zuenean, uste du «asko borrokatu» beharko dutela botoak biltzeko. Bigarren itzulirako kanpaina abian da jada. Atzo gauen emandako hitzaldian, hautagai ultrakontserbadoreak eskatu zuen bere alde bozkatzeko, helburutzat hartuta «Polonia salbatzea»: «Ezin dugu onartu Plataforma Zibileko hautagaia presidente bihurtzea. Hauteskundeak irabazi behar ditugu talde politiko batek ez dezan boterearen monopolioa izan».
Presidentearen eta agintean dagoen koalizioaren arteko talka nabarmena da Polonian. 2023ko urriko bozetan, Dudaren PiS alderdia nagusitu zen, baina, jarduneko gobernua osatu bazuen ere, ez zuten behar beste babes agintean jarraitzeko. Urte bereko abenduan gobernu koalizioa osatu, eta Tusk izendatu zuten lehen ministro.
Europazalea da egungo gobernu koalizioa. Nawrocki, hau da, PiSen babesa duen presidentetzarako hautagaia kritiko agertu da Bruselarekin, ordea. Bigarren itzulian Nawrocki nagusituko balitz, gobernuaren eta presidentearen arteko tentsioa ez litzateke baretuko. Poloniako presidente kargua Trzaskowskik hartzen baldin badu, berriz, alderdi berekoak izango dira presidentea eta lehen ministroa.