Israelgo Gobernuko ministerio arteko batzorde bat ari da Golango gainen kolonizazioa areagotzeko plana gauzatzen. Egitasmo horren xedea argia dela adierazi dute agintari israeldarrek: hots,Siriari argi uztea Golango gainak "Israelgo Estatuaren zati" direla. "Mezu argi bat eman nahi dugu: Israelgo Estatuaren zati banaezina da Golan, eta gure kokaguneak indartzen eta zabaltzen jarraituko dugu", adierazi du gaur goizean irrati publikoan Israel Katz Nekazaritza ministro eta ministerio arteko batzordeko buruak.
Nolanahi ere, Ariel Sharonen Gobernu eskuindarraren kontrako oposizioa ez dator bat Golanen kolonizazioa areagotzeko asmoekin. Aitzitik, laboristek kritikatu egin dute plan hori: "Egitasmo horren helburu bakarra Siriarekin egon daitezkeen negoziazio aukerak oztopatzea da", agertu du Haim Ramon diputatu laboristak.
Azkenaldian, Israelekin negoziatzeko prest dagoela agertu du Siriak, eta elkarrizketa horiek gauzatzeko zenbait keinu ere egin ditu.
Israelek 1967an hartu zituen bere menpe Golango lurraldeak, Siriari ebatsita. Eremu hori garrantzi bizikoa da bai Israelentzat, bai Siriarentzat, besteak beste, ur iturri handia baita.
Ekialde Erdia