Herritarrek kaleak hartuz egin zioten harrera Sebastien Lecornuri, Frantziako lehen ministro izendatu eta biharamunean: 200.000 manifestarik gobernuaren aurrekontu proiektuaren kontra egin zuten Blokeatu dezagun guztia lelopean. Zortzi egun besterik ez dira igaro ordutik hona, eta berriro aterako dira kalera murrizketak salatzeko, intersindikalak grebara deituta oraingoan. Oposizioko alderdiek ez eze, sindikatuek ere eskatu dute datorren urteko aurrekontuetarako murrizketak bertan behera uzteko. Marylise Leon CFDT sindikatuko idazkari nagusiak «aurrekontu justuak» galdegin ditu BFM TV hedabideari emandako adierazpenetan: «Langileok ezin dugu izan faktura ordaintzen dugun bakarrak».
Herrialdearen defizit publikoa BPGaren %5,8 izan zen iaz, hau da, Europako Batasuneko arau fiskalek gomendatzen dutenetik —%3tik— urrun; eta Lecornuren aurrekoak, François Bayrouk, uztailean zor publikoa arintzeko ezarritako 43.800 milioi euroren murrizketek ez zuten harrera ona izan.
Besteak beste, pentsioak, gizarte laguntzak eta funtzionarioen soldatak izoztea aurreikusten zuen lehen ministro ohiaren proposamenak, baita zerbitzu publikoetarako diru sailak murriztea ere. Oposizioak mehatxu egin zion zentsura mozio bat aurkeztuko zuela, eta, azkenean lehen ministro ohiak konfiantza mozioa aurkeztu zuen Asanblea Nazionalean. Galdu egin zuen, alde handiz galdu ere.
Poliziaren arabera, aurreko manifestazioetan baino lau bider protestari gehiagok parte hartuko dute, alegia, 800.000 lagun inguruk; hori dela eta, 80.000 agente mobilizatzekoak dira.
Sophie Binet CGT sindikatuko buruak salatu du agenteek gogorki erantzun dietela protestei, eta «suari egurra» botatzen ari dela leporatu dio Barne Ministerioari, ez baitzituzten hainbeste agente jarri lanean azken urteotako protesta jendetsuenetan, erretreten erreformaren kontrakoetan, 2023aren hasieran. «Zergatik egin du indar erakustaldi hau?», galdetu du France Info irratian.
Greba egunak goizean goizetik eragina izan du hezkuntzan zein garraioan, besteak beste. Bruno Retailleau Barne ministroak agerraldia egin du Parisen, eta salatu du «blokeo eta sabotaje saiakerak» egon direla hiriburuan eta inguruan: ondasunen zein jendearen kontrako erasoak ikusi bezain pronto «esku hartzeko» agindua eman die poliziei eta jendarmeei. «Agindua arrunt sinplea da: ez dugu blokeorik onartuko».