Oposiziokoek klaru utzi zioten babesgabe zegoela Asanblea Nazionalean, eta jakitun izango zen konfiantza mozioa aurkeztu eta gero dimisioa eman beharko zuela. Ezusterik ez da izan bozketan: François Bayrou Frantziako lehen ministroak gobernu koalizioko diputatu gehienen aldeko botoak besterik ez ditu lortu; aldeko 194 boto lortu ditu, eta kontrako 364. Amaitu zaio, hortaz, Matignon jauregiko egonaldia. Iazko abenduan kargu hartu zuenetik hona, zortzi bider jarri dute kolokan lehen ministroa, zentsura mozioen bidez, eta aldi guztietan onik ateratzea lortu du. Harik eta, datorren urterako aurrekontu proiektua onartze aldera, bere alde egiteko eskatu dien arte. Gaur, oposizioak bat egin du Bayrouren kontra konfiantza mozioan. Ondorioz, konstituzioak hala aginduta, dimisioa eman beharko du, eta gobernua desegin; bihar goizean da kargua uztekoa.
«Arriskurik handiena ez zen hitzordu honetarako deia egitea, ezpada gauzak bere horretan uztea». Lehen ministroak hitzaldia eman du legebiltzarreko diputatuen aurrean, konfiantza mozioa bozkatu baino lehen, eta oposiziokoei aurpegiratu die gobernua desegiteko «boterea» izanagatik ere ez dutela «egia» ezabatzeko gaitasunik: «Gastua are gehiago igoko da, eta zorraren zama, zeina jada jasanezina baiten, are astunagoa izango da, eta are garestiagoa ere bai». Hori dela eta, «konpromisoa» eskatu die oposizioko alderdiei; ekonomia «suspertzeko betebeharrei» buruzko kontsentsurik gabe, haren ustez, gobernua, edonork aginduta ere, «zentzugabea» izango da.
Orain, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak hartu beharko du erabakia; bi aukera besterik ez du: behe ganberaren babesa edukiko duen beste lehen ministro bat izendatzea —azkeneko hiru urteotako bosgarrena litzateke—, edo legebiltzarrerako hauteskundeetara deitzea berriro, urtebete pasatxo geroago; iazko udan egin zituzten. Eliseoak ohar bidez jakinarazi duenez, presidenteak kontuan hartuko du mozioaren emaitza, eta «datozen egunetan» izendatuko du Bayrouren hurrengoa.
Baliteke PS Alderdi Sozialista kontuan hartzea hurrengo lehen ministroa izendatzerako orduan. Olivier Faure idazkari nagusia, hain zuzen, zenbait hedabidek azken egunotan kaleratu dutenez. Sozialisten buruak esana du Macronen «esanetara» egongo dela proposamena jasoz gero. Kontuan hartzekoa da legebiltzarrean gutxiengoa duela egungo gobernuak, eta koaliziora PSren diputatuak batuta ere gutxiengoa izango lukeela, 289 eserlekuko gehiengotik hurbil. «Gutxiengoa izango luke, bai, baina, gaur egun, zein gobernuk ez luke izango halakorik?», esan zuen atzo Faurek, France 3 telebista kateari emandako elkarrizketan.
Horrek bide emango lioke kohabitazioari: ideologia bat baino gehiagoko politikari edo alderdiak agintean elkarrekin egotea. Azkenekoz 1997 eta 2002 bitartean gertatu zen hori, Demokraziaren Aldeko Batasuneko Jacques Chirac presidente eta PSko Lionel Jospin lehen ministro zirelarik.
Oposizioak nahiago bozak
Oposizioko alderdi handienek nahiago dute, ordea, beste aukera; hots, Macronek legebiltzarra desegin eta berandu baino lehen hauteskundeetara dei dezala. Bayrouren hitzaldiaren ostean, talde parlamentarioetako ordezkariek hartu dute hitza. Marine Le Pen RN Batasun Nazionalekoak azpimarratu du zor publikoaren eztabaidak «mamu gobernuaren agonia» amaituko duela, eta Frantziak «berriro hastea» behar duela: «Legalki, politikoki zein moralki, [Asanblea Nazionala] disolbatzea ez da aukera bat, obligazioa baizik». Kargua uztea ere galdegin dio Frantziako presidenteari, baina harengandik «ezin da ezer espero».
LFI Frantzia Intsumisoaren taldeko presidenteak, Mathilde Panotek, ahoan bilorik gabe esan du Bayrou «zilegitasunik gabeko» politikaren aurpegia dela: «Ministro jauna, zuretzat ez dago etorkizunik, iraganaren parte zara eta. Osperik gabea, gutxiengoa eta gorrotatua, makronismoak beldurraren bidez soilik gobernatzen du». Presidenteari leporatu dio ez duela politika egiteko modua aldatu nahi, eta, hortaz, presidentea aldatu beharko dutela: «Aurrera, Bayrou jauna; Emmanuel Macron jarraika duzu, hurbil. Herria irrikaz dago».
Boris Vallaud sozialistak Macroni egotzi dio «krisiaren, gainbeheraren eta desordenaren» ardura; haren «jarraitzaileak» ere erantzule jo ditu: «Zu, lehen ministro, lehen apostolua zara». Erantsi du Macronek «behin eta berriro hondatu» duela herrialdea, eta «pobreak pobreago eta aberatsak aberatsago» direla. Talde parlamentario sozialistak Bayrouren kontra egingo duela iragarri du, eta prest daudela ezkerrarekin eta ekologistekin batera gobernatzeko, eta «oreka politikoa eta fiskala» lortzeko: «Gure erabakiak ez dira zureak, frantziarrenak baizik». Lehen ministroaren porrotaren ondoren, «beste bide politiko» bat proposatu du.
Ekologisten talde parlamentarioko buruak, Cyrielle Chatelainek, adierazi du Bayrouren dimisioak ez duela ekarriko «ez tristurarik, ez damurik». Are, NFP Fronte Popular Berriaren bueltako lehen ministroa izendatzeko eskatu dio Macroni, gobernuak «hautsi» duena «konpontze» aldera: «Herritarrek duela urtebete hautatu zuten kohabitazioa behar duzu».
Zor publikoa eztabaidagai
Azken bozetatik hona, Gabriel Attal Macronen alderdikoak behin-behinean egindako bost asteak alde batera utzita, bi gobernuburu eduki ditu Frantziak: Michel Barnier kontserbadorea eta Bayrou liberala. Aurrenekoa kargutik kendu zuten abenduan, ezkerrak eta eskuin muturrak babestutako zentsura mozio baten bidez. Bigarrenari eman zizkioten Matignon jauregiko giltzak, eta hark zortzi zentsura moziori aurre egin die. 2025erako aurrekontuak onartu zituen, bai, baina dekretuz.
Otsailean izan zen hori. Bost hilabete geroago, uztailean, iragarri zuen 2026rako aurrekontuetan 43.800 milioi euro inguruko murrizketa bat egin nahi zuela —argudiatuta zor publikoa txikitzeko beharra duela estatuak—. Oposizioak, bai ezkerreko blokeak eta bai RN Batasun Nazionala eskuin muturrekoak, lehen ministroaren proposamena kritikatu zuten. Legebiltzarrean, Bayrouk adierazi du gastu publikoa «adikzio hutsa» dela, eta gehiegizko zorpetzeak «konprometitua» duela Frantzia: ohiko gastuak, zerbitzu publikoak, pentsioak eta abar «kreditu bidez» finantzatzera «ohitu» direla erantsi du, eta horregatik duela herrialdeak dezenteko zorra.
Eurostaten azken datuen arabera, Frantzia da zor publikorik handiena duten EB Europako Batasuneko herrialdeen artean hirugarrena: 3,3 bilioi euro inguru, iazko urtearen amaieran. Herrialdearen barne produktu gordinaren %5,8an zen iaz; hau da, talde komunitarioko arau fiskalek gomendatzen dutenetik —%3tik— urrun.
Bayrouk horri heltzen dio planteatutakoa justifikatzeko, eta adierazi du «luze gabe» ekin behar zaiola zor publikoa arintzeari: «Guztiok mobilizatu behar dugu, eta guztiok egin behar dugu esfortzu moderatu bat». Baina, oposizioko alderdiekin aurrekontu proposamena negoziatu beharrean, lehen ministroak iragarri zuen abuztuaren 25ean konfiantza mozio bati aurre egingo ziola. Orduan esan zuen, agerraldi batean, ezer ez zegoela zehaztuta oraindik: «Eztabaidatu egin daitezke». Aurreko astean bilerak egin zituen oposizioko alderdiekin, eta bakoitzak bereari eutsiko ziola plazaratu zuten: ezkerrak eta ultrek kontra bozkatuko dutela, eta Bayrou ez dela hartutako erabakiaz damutzen, ostegun gauean France 2 telebista kateari esan zioenez. «Ez dugu austeritatea bultzatzen; gastua moteldu nahi dugu», argudiatu zuen.
Bien bitartean, Dena blokea dezagun lelopean, Frantzian geldialdira deituta daude etziko, hilaren 10erako. Sare sozialetan hasi ziren ideia hori hauspotzen, Bayrouk aurrekontuekin zer asmo zuen plazaratu ondoren, eta, Le Parisien egunkariaren arabera, hogei bat taldek antolatu dute mugimendua.