Frantziako Poliziak 470 herritar inguru atxilotu ditu gobernuaren aurkako protesta egunean

Macronek Lecornu lehen ministro izendatu eta biharamunean, Frantziako Gobernuak 80.000 agente mobilizatu ditu. Barne Ministerioaren arabera, 200.000 lagunek hartu dute parte manifestazioetan; CGTk 250.000 kontatu ditu.

Manifestariak Poliziaren aurrean, gaur goizaldean, Montpellierren. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Manifestariak Poliziaren aurrean, gaur goizaldean, Montpellierren. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
maddi iztueta olano
2025eko irailaren 10a
19:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantziako presidente Emmanuel Macronek ahalegina egin badu ere, François Bayrouk konfiantza mozioa galdu eta biharamunean Sebastien Lecornu lehen ministro izendatzea ez da nahikoa izan mugimendu zibilek gaurko deitutako blokeo eguna bertan behera uzteko. Kontrara, herritarrek goizean goiz hasi dituzte aurreneko protesta ekintzak, eta herrialdeko bazter guztietan mobilizatu dira. Horren jakitun, Frantziako Gobernuak 80.000 polizia inguru jarri ditu lanerako, eta horietako batzuk oldartu egin dira protestarien aurka; Barne Ministerioaren arabera, 473 herritar atxilotu dituzte. 

Ikastetxeetan, errepideetan, tren geltokietan eta enpresen aitzinean, etengabeak izan dira blokeo saiaekra. Jende ugari mobilizatu da Frantziako Estatu osoan, eta Poliziarekin istiluak izan dira leku anitzetan. Parisen, ostatu baten fatxadak su hartu du; itxura guzien arabera, Frantziako Poliziak botatako granada batek piztu du sua. 

Parisen eta hango aldirietan, 200 pertsona atxilotu dituzte; gobernuak 6.000 polizia inguru mobilizatu ditu hiriburuan soilik. Herrialdeko hainbat hiritan eta herritan, manifestariek errepide nagusiak blokeatu dituzte goizaldean. Iturri ofizialek jakinarazi dutenez, blokeo horiek ez dute intzidentzia larririk eragin; halere, Frantziako zenbait hedabidek salatu dute Poliziak negar gasa jaurti diela herritarrei.

Goizean goiz agerraldia egin du Bruno Retailleau Barne ministroak eta esan du ez dutela onartuko «Frantziako oinarrizko azpiegituren aurkako indarkeriarik, blokeorik, ez eta okupaziorik ere», eta ohartarazi du Poliziak buru egingo diola halakorik egiten saiatzen den orori. Gaineratu du Frantzian badagoela «manifestatzeko askatasuna eta eskubidea», betiere horretarako «legea hausten ez bada». Parisko prefekturako Poliziako buru Laurent Nuñezek, berriz, uste du greba orokorrera deitu duten mugimenduak ez direla gai izango «herrialde osoa» mobilizatzeko.

(ID_15303172) FRANCE PROTEST
Manifestari bat negar gasaz inguratuta, Montpellierren, gaur. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE

Frantziako Barne Ministerioaren esanetan, 200.000 manifestari baino gehiago eta 80 mugimendu inguruk parte hartu dute protestetan, goizaldetik, eta 812 ekintza egin dituzte. Horrez gain, 550 elkarretaratze baino gehiago antolatu dituzte; horietako batzuk unibertsitateetan eta ikasle egoitzetan. Egun bukaeran, CGT sindikatuak erran du 250.000 pertsona zenbatu dituztela protestetan.

Blokeoa helburu

Mugimendu zibilek Blokeatu dezagun guztia lelopean hartu dituzte kaleak, protesta egunaren helburu nagusietako bat baita Macronen agintaldiko neurrien aurka herrialdea «paralizatzea». Baina blokeoez gainera, bestelako ekintzak ere egin dituzte. AFP albiste agentziak iturri ofizialak aipatuz zabaldu duenez, bi kable sabotatu dituzte Marmande eta Lot eta Garonako tren geltokietan; horren ondorioz, behin-behinean etenda egongo da Bordeleren eta Tolosaren (Okzitania) arteko tren zerbitzua. 

SNCF Frantziako trenbide konpainia publikoak jakinarazi du hasi dituztela konponketa lanak, eta ikerketa bat ere abian jarri dutela, zer gertatu den argitzeko eta egileak identifikatzeko.  

Giro horretan hartu du lehen ministro kargua Lecornuk. Bost minutu eskas iraun duen ekitaldi batean eman du hitzaldia, eta keinu txiki bat baino ez die egin gaurko mobilizazioei: «Bizitzen ari garen krisi politikoari eta egonkortasun faltari aurre egiteko, ezinbestekoa da umiltasuna eta lasaitasuna». Halere, esan du garrantzitsua dela politikaren eta bizitza errealaren arteko konexioari erreparatzea, eta ohartarazi bestela «ondorioak» etengabe jasan beharko dituztela.

lfi-k esan du lecornuren aurkako zentsura mozio bat aurkeztuko duela

Izendapena jaso eta gutxira egin beharko dio aurre Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministro berriak bere agintaldiko aurreneko oztopoari: LFI Frantzia Intsumisoak iragarri du haren aurkako zentsura mozio bat aurkeztuko duela Asanblea Nazionalaren aurreneko saioan. Antolakundeko koordinatzaile Manuel Bompardek eman du horren berri, Frantziako hainbat hedabideren bidez, eta argudiatu du erabaki hori hartu dutela uste dutelako hura izendatzea «demokraziaren ukazioa» dela. 

Olivier Faure PS Alderdi Sozialistako buruak, berriz, eskatu dio Lecornuri ez dezala erabili konstituzioko 49.3 artikulua —bide ematen dio lehen ministroari Asanblea Nazionalaren babesik gabe dekretuz neurri bat legeztatzeko»—, eta ez dezala jarraitu aurreko agintarien bide berean. France Info irrati katean egindako elkarrizketa batean egin ditu adierazpen horiek, eta ziurtatu du PSk ez duela «inola ere» Lecornu buru duen gobernu talde batean parte hartuko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.