Greziak ehun migratzaile erreskatatu ditu; 500 desagertuta daude oraindik

Itxaropen gutxi dute bizirik topatzeko itsasoan desagertutakoak; 79 gorpu aurkitu dituzte. Bederatzi lagun atxilotu ditu Poliziak, migratzaileen trafikoagatik. Nahikoa ahalegin ez egitea egotzi diote Atenasi

Peloponesoko uretan (Grezia) herenegun hondoratu zen ontziaren aireko irudi bat. GREZIAKO KOSTAZAIN ZERBITZUA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Greziako kostaldean, ehunka migratzaile zeramatzan ontzi bat hondoratu zen herenegun. Ezbeharraren hurrengo egunean, 104 erreskatatu zituzten, eta 79 gorpu aurkitu zituzten. Ontzian zihoazen migratzaileen esanetan, 750 bidaiari inguru zeuden ontzian—horietatik, ehun bat haur sotoan zeuden—, eta, beraz, bostehun desagertu baino gehiago egongo lirateke oraindik.

Orduek aurrera egin ahala, geroz eta itxaropen gutxiago dute topatu gabeko ehunka migratzaile horiek bizirik aurkitzeko, Greziako kostazainek atzo aitortu zutenez. Gainera, orain arte aurkitu dituzten bidaiarietako batek berak ere ez zuen salbamendu jantzirik, ezta bestelako segurtasun ekipamendurik ere. Greziako kostazainek herenegun goizean eman zuten hondoratzearen abisua. Ontzia nazioarteko uretan zegoen, Pilos hiritik hego-mendebaldera, Peloponesoko kostaldean. Haizeteak zaildu egin ditu erreskate lanak, baina gau osoan aritu dira desagertuak bilatzen, eta kostazainen zerbitzua horretan ari da orain ere.

Greziako agintarien esanetan, ziurrenik Libiako Tobruk hiritik itsasoratu zen ontzia, baina oraindik ez dute berretsi. Siriakoak, Egiptokoak eta Pakistangoak ziren ontzian zihoazen gehienak. Italiako kostazainek iragan asteartean bistaratu zuten ontzia lehen aldiz, eta Greziako agintariei eta Europako Batasuneko Frontex agentziari eman zieten haren berri. Ikerketarekin lotuta, Greziako agintariek atzo jakinarazi zutenez, Poliziak gutxienez bederatzi pertsona atxilotu ditu ezbeharrarekin harremana dutelakoan; migratzaileen trafikoa eta «talde kriminal bateko» kide izatea egozten die.

Alarm Phone elkarteak jakinarazi zuen arriskuan zegoen arrantzontzi baten abisua jaso zuela joan den asteartean, eta 750 lagun inguru zihoazela ontzi hartan. «Agintariak ohartarazi genituen», azaldu zuen. «Greziak eta Europako beste agintari batzuek bazekiten ontzi hori nola zegoen, jendez gainezka zihoala, eta ez zegoela prestatuta itsasoa zeharkatzeko». Elkarteak salatu du ez zela abiatu inolako erreskate operaziorik. «Ekainaren 14an hondoratu zen, goizean goiz».

Greziako kostazainek beste kontakizun bat egin dute. Haien esanetan, Europako Frontex agentziaren hegazkin batek eta ontziaren ondotik pasatu ziren beste bi itsasontzik eman zieten ontziaren berri. «Laguntza eskaini zitzaion ontziari, Operazio Aretotik egindako telefono deien bidez, eta ezetz erantzun zuten», azaldu zuten.

Migratzaileen eskubideen aldeko zenbait ekintzailek Greziako Gobernuari egotzi diote nahikoa ahalegin ez egitea erreskate lanetan. Mugarik Gabeko Medikuen elkarteko Jerome Tubianak Radio France irratiari adierazi zion Greziak lehenago esku hartu behar zuela. «Harrigarria da entzutea Frontexek ontzia ikusi zuela airetik eta inork ez zuela esku hartu, ontziak laguntzari uko egin ziolako. Jendez gainezka dagoen ontzi bat arriskuan dagoen ontzi bat da». Alarm Phoneren ustez, migratzaileek Greziako kostazainen laguntzari uko egin izana lotuta dago herrialdearen «kanporatze politika izugarri eta sistematikoekin». Helena Maleno Walking Borders elkarteko kideak Greziari leporatu zion «ehunka lagun hiltzen uztea».

Greziakoa baliteke «historiako migrazio hondamendirik okerrenetako bat» izatea, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Federazioaren iritziz. «Lazgarria eta onartezina da pertsona horiek segurtasunaren eta etorkizun hobe baten bila hil izana Europako Batasunaren mugetan, 2023an», esan zuen atzo Gurutze Gorriko operazioen zuzendari Frido Herinckxek.

NBE Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, 27.000 migratzaile hil edo desagertu dira Mediterraneoan 2014. urtetik. Nazioarteko Migrazio Erakundeak aste honetan bertan zabaldutako datuen arabera, 3.800 pertsona hil ziren iaz Ekialde Hurbiletik eta Afrika iparraldetik Europarako bidean: 2017tik izandako kopururik handiena da.

Hiru eguneko dolua

Greziako Gobernuak hiru eguneko dolua ezarri du herrialdean, «Grezia mendebaldeko nazioarteko uretan izan den hondoratze tragikoaren biktimengatik», eta alderdi politikoek bertan behera utzi dituzte ekainaren 25ean egitekoak diren hauteskundeetarako kanpaina ekitaldiak.

NBEk samina agertu du hondamendiagatik. Antonio Guterres idazkari nagusiaren bozeramaile Stephane Dujarricen iritziz, Greziakoa «neurriak hartzeko» beharraren «beste adibide bat» da, eta EB Europako Batasuneko estatuei eskatu die adostu ditzatela «ihes egitera behartuta daudenentzako bide ordenatu eta seguruak». Bestalde, Europako Batzordeko buru Ursula von der Leyen «atsekabetuta» agertu zen atzo, eta esan zuen EBk elkarlan estuagoa sustatuko duela inguruko herrialdeekin, giza trafikatzaileen aurkako neurriak hartzeko.

Beste erreskate operazio batean, 70 pertsona inguru zeramatzan itsasontzi bat Kretaraino eraman zuten atzo kostazainek, itsasontziko arduradunaren laguntza dei bat jaso ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.