Donald Trumpek ez du baztertzen indarra erabiltzea Groenlandia hartzeko. Baina hango gobernuak oroitarazi dio AEBetako presidenteari Danimarkaren parte direla, eta, hortaz, herrialde horretako kide diren neurrian, NATOko kide ere badirela; alegia, gogorarazi dio esku sartze militar bat egiten badu, aliatu bati eraso egiten ariko liratekeela AEBak. Ohar bat kaleratu du gaur, eta zera nabarmendu: «egoera edozein dela ere», «onartezina» dela AEBek uhartea kontrolatu nahi izatea.
Baina Etxe Zuriko maizterrak lehengo astean aitortu zuen ez duela nazioarteko zuzenbidea «behar», eta soilik bere «moralitateak» muga dezakeela bere boterea. Hori esan zion The New York Times egunkariari elkarrizketa batean, egun batzuk lehenago, urtarrilaren 3an, Venezuelari eraso egin eta hango presidente Nicolas Maduro bahitu ondoren.
Eta orduan Kuba hartzeko asmoa agertu zuen, bai eta tropak Mexikon hedatzekoa ere, lurrez. Groenlandiari dagokionez, esaten du segurtasun nazionaleko auzia dela hura kontrolpean hartzea, bestela Txinak edo Errusiak konkistatuko dutela munduko uharterik handiena. Eta segurtasuna hizpide, Groenlandiako Gobernuak jakinarazi dio Trumpi aliatu guztiak bat datozela uhartearen defentsan.
Hitz egiteko eskatu du gobernuak, eta, hain zuzen, Danimarkako eta Groenlandiako gobernuetako ordezkariak Marco Rubio AEBetako Estatu Idazkariarekin biltzekoak dira etzi Washingtonen, iturri diplomatikoak aipatuz AEBetako hainbat hedabidek azken orduetan kaleratu dutenez. Horren harira, Danimarkako Atzerri ministro Lars Løkke Rasmussenen argazki bat jarri du gaur Instagrameko bere kontuan, Groenlandiako bere homologo Vivian Motzfeldtekin bilduta. Bide batez, Groenlandiako lehen ministro Jens-Frederik Nielsenek ere sare sozialak baliatu ditu azpimarratzeko NATOri dagokiola uhartea defendatzea.
Eta Andrius Kubilius Europako Batzordeko Defentsa komisarioak ohartarazpen bat egin du horrekin guztiarekin lotuta: AEBek Groenlandiari eraso egiteak NATO bertan behera geratzea eragingo luke. «Bat nator Danimarkako lehen ministroak esan zuenarekin. Gainera, jendearentzako ere zerbait txarra litzateke», adierazi du Suedian egindako defentsa foro batean, Reuters berri agentziak jaso duenez.
Bruselako defentsako buruak nabarmendu du, bide batez, aliatuek «obligazio batzuk» dituztela, eta Mendebaldeko aliantza militarraren 47.2 artikuluari heldu dio. Izan ere, zera dio: «Estatu kide bati bere lurraldean eraso egiten badiote, gainontzeko estatuek hari laguntzeko obligazioa edukiko dute, eskura dituzten baliabideekin». Kubiliusen esanetan, balizko esku sartze militar baten aurrean Danimarkak nola erreakzionatu, neurri handi batean horrek baldintzatuko luke erantzuna. «Baina ez dago dudarik: elkarri laguntzeko obligazio bat dago».
Rutteren laudorioak
Mark Rutte aliantzako idazkariak adierazi duenez, aliatuak eztabaidatzen ari dira zer pauso eman, «aurrerantzean ere Artikoa segurua izan dadin». Andrej Plenkovic Kroaziako lehen ministroarekin Zagreben egindako agerraldi batean zehaztu du Artikoaren eremuan NATOko zazpi kide daudela: AEBak, Kanada, Danimarka, Islandia, Norvegia, Finlandia eta Suedia.
Trumpen asmoez ere galdetu diote Rutteri, baina ez dio belarrietatik tira egin AEBetako presidenteari; are, beste batzuetan bezala, laudatu egin du, eta iruditzen zaio «gauza onak» ari dela egiten NATOren alde. AEBak dira aliantzaren aurrekontuari ekarpen handiena egiten diotenak.