Guardia Zibileko bi buru ohi inputatu dituzte 'Pegasus auziagatik'

Bartzelonako epaitegi bat Felix Vicente Azon eta Maria Gamez Guardia Zibileko zuzendari ohiak ikertzen ari da Kataluniako mugimendu independentistako kide batzuk zelatzeagatik.

Maria Gamez Guardia Zibileko zuzendari ohia (2020-2023), artxiboko irudi batean. JAVIER ZAMORA /EFE
Maria Gamez Guardia Zibileko zuzendari ohia (2020-2023), artxiboko irudi batean. JAVIER ZAMORA /EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko otsailaren 9a
16:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehen aldiz, epaitegi batek Guardia Zibila jopuntuan jarri du Pegasus auziagatik. Bartzelonako instrukzioko auzitegi batek Guardia Zibileko bi zuzendari ohi inputatu ditu gaur: Felix Vicente Azon (2018-2020) eta Maria Gamez (2020-2023). Kataluniako mugimendu independentistako kideak zelatatzeko Pegasus eta Candiru softwareak erabiltzegatik ari dira ikertzen Azon eta Gamez. Gainera, epaile horrek Paz Esteban CNI Espainiako zerbitzu sekretuetako zuzendari ohia (2020-2022) ere inputatu du, baita bi softwareak kudeatzen dituzten enpresetako zuzendaritzako kideak ere.

Gaur egun, Azon Espainiako Auzitegi Goreneko epailea da; hortaz, foruduna da. Esteban, bestalde, aurrez ere lau bider inputatu dute auzi beragatik. Espainiako Gobernuak zerbitzu sekretuetako zuzendari kargutik kendu zuen 2022an, Pegasus auzia argitara atera ostean.

Auzi horretako bost biktimak jarritako kereila bati emandako erantzuna da gaurkoa. 2019tik 2021era espioitza programa horiekin zelatatu zituztela-eta jarri zuten kereila Espainiako Auzitegi Nazionalean, baina hark ez zuen onartu. Orduan, kaltetuek Bartzelonako epaitegietara eraman zuten kereila.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.