Guatemalako presidente hautatuaren alderdia, legez kanpo behin-behinean

Presidentetzarako bozen emaitzak ontzat jo eta gero eman du ebazpena Hauteskunde Auzitegi Gorenak, 2017an ustez sinadura faltsuak biltzeagatik. Ezkerreko mugimenduarentzat, «guztiz baliogabea da»

Bernardo Arevalo, Guatemalako presidente hautatua eta Semilla mugimenduko burua, herenegun, Guatemala Hirian. ESTEBAN BIBA / EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Semilla mugimendua gailendu zen duela astebete Guatemalako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian, botoen ia %61 lortuta, eta, herenegun —Euskal Herrian atzo goizaldea zela—, Hauteskunde Auzitegi Gorenak baliozkotzat jo zituen boz horiek. Bide horretan, alderdi aurrerakoi horretako Bernardo Arevalori eman zion presidente hautatuaren kargua, eta Karin Herrerari presidenteordearena. Erabakiaren berri eman baino minutu batzuk lehenago, ordea, Guatemalako Herritarren Erregistroak—Goreneko organo bat da— legez kanpo utzi zuen Semilla mugimendua, behin-behinean, Fredy Orellana epaileak uztailaren 12an emandako agindu judizial bati erantzunez, alderdiak ustez 2017 eta 2018 artean jasotako sinadura faltsuengatik.

Arratsalde nahasia izan zuten herenegun Hauteskunde Auzitegi Goreneko magistratuek. Hasieran, hauteskundeei buruzko agerraldi batera deitu zuten, baina, gero, bertan behera utzi eta 19:00ak arte atzeratu zuten; azkenean, 18:00ak aldera egin zuten, eta bigarren itzuliko emaitzak ontzat jo zituztela adierazi zuten, adostutakoa indarrean jartzeraino. Horiek horrela, Hauteskunde Auzitegi Gorenak Arevalo Guatemalako Errepublikako presidente hautatutzat jo zuen, eta kargu hori datozen lau urteetarako eman zitzaion.

Magistratuak prentsaurrekoa egiten ari zirela heldu zen Semilla behin-behinean legez kanpo uzteko erabakia, Efe berri agentziak baieztatu zuenez. Agerraldi horretan, magistratuek esan zuten ez zeudela ebazpenaren jakinaren gainean, eta erabaki horrek, zehazki, hauteskundeetako emaitzak ofizialtzea eragotzi zuen. Semillak kritikatu egin zuen ebazpena, eta helegitea jarriko dute. «Hemendik aurrera, ezerk ezin du legez eragotzi 2024ko urtarrilaren 14ko kargu hartzea. Garai historikoa da hau», Arevalok. Era berean, Herrerak adierazi zuen ebazpen hori «guztiz baliogabea» dela zuzenbide estatuan. Semillak hiru egun ditu helegitea aurkezteko, eta magistratuek ezin dute esku hartu.

Horrez gain, Semillak jakinarazi zuen babes errekurtso bat aurkeztu dutela Goreneko bigarren aretoan, Orellana epailea eta Rafael Curruchiche fiskala buru izan dituen «jazarpen politikoa» amaitzeko. Alderdiaren esanetan, auzitegi horrek prozesu egokiaren bermeak urratzen dituzten «legez kanpoko ekintzak egin ditu, eta defentsarako eskubidea eta benetako babes judiziala urratu».

Bestalde, AEE Amerikako Estatuen Erakundeak atzo salatu zuenez, Semilla mugimenduaren kontrako ebazpenak ez du «behar bezala frogatutako oinarririk edo arrazoirik», eta ohartarazi zuen Guatemalako Konstituzioaren printzipioak eta nazioarteko arauak «urratzen» dituela. AEErentzat, Hauteskunde Auzitegi Gorenaren Herritarren Erregistroak bertan behera utzi nahi ditu alderdi politiko horrek dituen eskubideak, «herritarren babes zabala» izan duela aintzat hartuta. Beraz, erakundeak uste du «legearen gehiegizko interpretazioa» izan dela.

Prensa Libre Guatemalako egunkariak zenbait adituren adierazpenak jaso zituen atzo, eta, haien eta bozetako legearen arabera, Semilla mugimendua behin-behinean legez kanpo uzteak arazoak sor diezazkieke alderdi horretako diputatuei Kongresura heltzeko. Datozen egunetan, Hauteskunde Auzitegi Gorenak erabaki bat hartu behar du, harturiko ebazpena berresteko edo atzera botatzeko.

Ustezko irregulartasunak

Joan den uztailaren 12an, Curruchichek eskatu zuen Semilla legez kanpo uzteko, Orellana epailearen eskaerari erantzunez. Fiskaltzak zioen herritarren sinadura bilketan ustezko irregulartasunak izan zirela 2017 eta 2018 bitartean Semillak alderdi gisa izena emateko. Fiskaltzaren arabera, hemezortzi hildakoren izenak ageri ziren alderdiko afiliatuen milaka sinaduren zerrendan; beste 319k, berriz, ez zuten identifikazio agiririk.

Bide horretan, fiskaltzak 24 ordu eman zizkion hauteskunde batzordeari ebazpena betetzeko, eta batzordeak berak baieztatu zuen Arevalo eta UNE Itxaropenaren Nazio Batasuna alderdiko buru Sandra Torres kontserbadorea bozen bigarren itzulian lehiatuko zirela. Halere, egoerak sumindura eragin zuen guatemalarren artean, eta Semillaren aldeko protestak egin zituzten. Ezkerreko olatua handitu egin zen bozen atarian, Arevalo erraz nagusitzeraino. Semillako hautagaiak 2,4 milioi boz lortu zituen; Torresek, 1,5 milioi.

Hauteskunde gau hartan, hautagai eskuindarrak ez zituen emaitzak onartu, eta nabarmendu zuen Guatemalako fiskaltzak Semillarekin lotutako ustezko irregulartasunak ikertu behar zituela. Torresek, ordea, ez du plazaratu afera horren inguruko froga bakar bat ere. Bien bitartean, mugimendu aurrerakoiaren aurka abiatutako ikerketak bere horretan jarraitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.