ERREAKZIOAK EUSKAL HERRIAN

Gure Esku-k manifestaziora deitu du larunbaterako Donostian

Kataluniako politikari subiranisten aurkako epaia "onartezina" dela ohartarazi du erabakitzeko eskubidearen aldeko taldeak, eta gaur iluntzean kalean protesta zaratasuetan parte hartzera deitu du.

Gure Esku-k antolatuta manifestazioa egin zuten Donostian otsailean, epaiketaren harira. Larunbaterako ere antolatu dute manifestazioa. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko urriaren 14a
07:51
Entzun

Kataluniako politikari subiranisten aurkako epaia iritsi orduko, mobilizaziorako deia egin du Gure Esku Dago-k. Aurreko egunetan iragarria zuten kalean erantzungo zietela zigorrei, eta sare sozialetan presazko mezu bat zabaldu du: iluntzean herriz herri protesta zaratatsuak egitera deitu du. "Erantzun bateratua" aldarrikatu du Gure Esku-k eta larunbatean manifestaziora deitu du Donostian, baina xehetasun gehiagorik ez dute eman oraingoz.

Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak ez du ezustean harrapatu taldea. "Hilabete luzeetan aurreikusi duguna berretsi du Espainiako Estatuak: larrialdi demokratiko batean gaude". Haren esanetan, mugimendu subiranista "kriminalizatzeko" ildoa hartu du estatuak, delitu larriak leporatuta. "Erabat onartezina da. Oinarrizko eskubideak erabiltzea ezin da delitua izan demokrazian. Alderantziz, botere publikoen ardura da haien erabilera bermatzea".

Gaur iluntzean elkarretaratze zaratatsuak egingo dituzte herriz herri. Deialdi batzuk zabaltzen hasi dira: Donostian, 19:00etan bilduko dira Bulebarrean, eta Bilbon, 20:00etan, Arriagan. "Injustizia baten aurka, eta oinarrizko eskubideen alde bat eginik mobilizatuko gara gaur. Erreferendumaren kriminalizazioaren aurka, eta herrien eskubide kolektiboen alde. Errepresioaren bidearen aurka, eta elkarrizketa eta konponbide politikoaren alde".

Alderdiek eta sindikatuek ere erantzun dute

Alderdi politikoak ere hasi dira beren iritziak zabaltzen. EH Bilduko Jon Inarrituk esan du sententzia "zentzugabekeria eta bidegabekeria" dela. Baieztatu du zigor oso handiak direla, eta "Espainiako estatua nolakoa den" frogatzen duela gatazka politiko bati horrelako zigor batekin erantzuteak. "Zigor zentzagarri bat eman nahi izan dute, eta abisua pasatu, inor ez dadin ausartu Espainiako Estatua desafiatzen". Gainera, elkartasuna adierazi nahi izan die kartzelan daudenei eta Kataluniako herriari. Inarrituk esandakoaren ildotik, EH Bilduko mahai politikoa ere sententziaren aurka agertu da, eta salatu du "botere judiziala tresna politiko huts gisa hartuta" egindakoa dela. "Estatu espainiarra ez da gai arazoa modu demokratikoan konpontzeko, estatuaren plurinazionaltasuna errespetatzeko, eta ulertzeko autodeterminazio eskubidea dela bide bakarra estatuko herriekin aurrez aurre jartzen duen arazo politikoa konpontzeko".

Iñigo Urkullu ere mintzatu da epaiaz. Elkartasuna adierazi die zigortutakoei: "Ziur nago ez ziotela inori kalterik egin nahi". Aldi berean, "negoziazio politikorako mahaia" proposatu du, eta "lasaitasuna" eskatu die Kataluniako herritarrei. "Epai honekin ez da ezer amaitzen", gaineratu du. Hala ere, oraingoz, "zorigaiztoko" amaiera bat eman dio, haren ustez, "zentzugabeko" prozesu judizial eta politiko bati. Urkullu baino irmoago mintzatu da bere alderdia, gaur arratsaldean egindako agerraldian. Kataluniako ordezkari politikoak askatzea eskatu du Andoni Ortuzarrek EAJ-PNVren izenean, eta espetxe zigorrak «gogorrak»; direla azpimarratu du. «Auzi politiko bat dago, eta horren irtenbidea ez da iritsiko epaitegietatik edo 155. artikulua ezartzetik»

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok (EAJ) esan du ez dela "sententzia demokratiko bat", eta "zailtasunak" jartzen dizkiola elkarrizketan oinarritutako konponbideri. Gaineratu du Kataluniako herriarekin eta hango erakundeekin daudela. "Hori al da autogobernu gehiago eskatzen dugun nazioei ematen diguten erantzuna?", galdetu du. Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakari Xabier Ezeizabarrenak ere (EAJ) "elkartasuna" adierazi die "bidegabeki" zigortutako Kataluniako ordezkariei eta haien familiei. Auzitegi Gorenaren epaiak erdiz erdi jotzen du demokraziaren muinaren aurka", baieztatu du.

Sortuko Arkaitz Rodriguezek adierazi du "biolentziarik gabe dena posible" izango zela esaten zutela, baina gaur erakutsi dela "gezur hutsa" dela. "Arazoa ez zen ETA, herrien autodeterminazio eskubidea indarrez ukatzen duen espainiar estatua baizik", gaineratu du. "Berandu doaz, eta badakite. Lehenago edo geroago lortuko ditugu bakea eta askatasuna". Arnaldo Otegik ere zalntzan jarri du Espainiako demokrazia: "Sabotaia ekonomikoa, poliziak eta militarrak boto-emaileak kolpatzen, eta orain, 13 urteko espetxe zigorrak hautestontziak jartzeagatik. Norbaitek uste du Franco Erorien Haranean dagoela?".

EAk adierazi du Auzitegi Gorenaren epaiak erakusten duela Espainiako Estatuak ez duela "eztabaida politiko demokratikoa" onartzen. Elkartasuna agertu die zigortuei, bai haien familiei eta ordezkatzen dituzten alderdi politiko eta elkarteei ere. Horrez gain, Euskal Herrian egingo diren protesta ekitaldietan parte hartzera animatu dituzte herritarrak.

EAEko Ahal Dugu-k ere elkartasun osoa erakutsi nahi izan diete presoei eta euren senideei. "Epai hau gehiegizkoa eta bidegabea da", baieztatu dute. Lander Martinezek esan du "politikaren judizializazioak" ez duela ezer konpontzen. Elkarrizketarako deia egin die Kataluniako eta Espainiako erakundeei, "bide politikoetatik eta demokratikoetatik hitz egindako eta negoziatutako irtenbidea" aurki dezan "lurraldetasun krisitik eratorritako gatazka politikoak". "Laburtuz, askatasuna, elkarrizketa eta konponbidea nahi ditugu", esan du Martinezek.

Idoia Mendiak ere elkarrizketarako deia egin du. «Zubiak irekita mantentzea beharrekoa da», esan du. Bide beretik, Kataluniarako konponbideak,» aniztasunean, elkarrizketan eta akordioetan» oinarritu behar duela eta «legearen, erakundeen eta justiziaren erabakien barruan egon behar duela» dio.

Navarra Suma, berriz, "gustura" dago, "prozesu judizialak ondo" funtzionatu duelako. "Zigortu dituzten politikariek demokrazia mespretxatu dute, konstituzioaren legaltasunari kolpe bat emateko aprobetxatu baitute", azaldu dute. Gainera, "prozesu independentistaren aurkako sentzentzia onartzeko" eskatu diete Nafarrroako erakundeetako ordezkariei.

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Maria Txibitek baieztatu du sententzia "onartu eta bete" egin behar dela. "Beti esan izan da  prest gaudela hitz egiteko, baina legeak agintzen duenaren barruan".

Alderdi politikoak ez ezik, sindikatuak ere hasi dira erantzuten. LABek adierazi du "demokrazian sinesten dugun guztion aukako zigorra" dela. Era berean, "demokraziaren eta askatasunaren kontrako eraso oso larria" iruditzen zaio horrela zigortzea "herriari hitza eman eta herriak hitz egin izana". Mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egin diete herritarrei, "basakeria juridiko eta politiko hau salatzeko". "Eman diezaiogun benetako babesa Kataluniako herriari, haien borroka hauspotuz, gureak ere beste bultzada bat izan dezan", gaineratu dute. Elkartasuna eta babesa adierazi diete "bidegabeki zigortuak" izan diren buruzagi politikoei eta herri ordezkariei. ELAk ere elkartasuna adierazi nahi izan dio Kataluniako herriari, eta antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. EAEko CCOOk esan du arduratuta dagoela sententziak eskubide politikoetan, manifestazio eskubidean eta adierazpen askatasunean izango dituen ondorioengatik. Sententziaren aurka manifestatzera ere deitu dituzte herritarrak, baina ohartarazi dute ez dituztela babestuko "izaera transbertsalik eta pluralik" gabeko mobilizazioak, eta "aldebakarreko bideak" baztertu dituzte.

Gehiengo sindikalak elkarretaratzea egingo du asteazkenean, 11:30ean, Bilboko Arriaga plazan. Horrez gain, kontzentrazioetara deitu dute ostiralerako, enpresetan eta industrialdeetan.

Ernai gazte antolakundeak ere mobilizatzeko deia egin du. Ostegunerako, 12:00etan hasita, manifestazioak antolatu ditu Bulebarretik (Donostia), Arriagatik (Bilbo) eta Andre Maria Zuriaren plazatik (Gasteiz) abiatuta. Iruñean, berriz, heziguneetan egingo dira elkarretaratzeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.