Guterresek adierazi du gizateriak ez duela lortuko Lurraren berotzea 1,5 gradura mugatzea

COP30 biltzarraren atarian, NBEren idazkari nagusiak adierazi du beharrezkoa dela «norabidea aldatzea» klima larrialdiaren ondorioak geldiarazteko.

Azken sei hamarkadetan izan duten lehorterik larriena jasaten ari dira Sirian. AHMAD FALLAHA / EFE
Azken sei hamarkadetan izan duten lehorterik larriena jasaten ari dira Sirian. AHMAD FALLAHA / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2025eko urriaren 28a
11:14
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gizateriak ez du lortuko Lurraren berotzea soilik 1,5 gradukoa izatea, NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek jakinarazi duenez. Hori dela eta, hartutako norabidea «aldatu beharrean» daudela adierazi du The Guardian egunkarian eta Amazoniako Sumaúma hedabidean egindako elkarrizketa bateratuan.

Azaroaren 10ean hasiko da COP30 klima larrialdiari buruzko NBEren goi biltzarra Brasilgo Belem hirian, oihan tropikalean, eta, hara joan aurretik, Guterresek esan du «ezinbestekoa» dela gizarteak 2015ean Parisen zehaztutako helburu klimatikoak betetzea, bestela «ondorio larriak» pairatuko bailituzke Lur planetak: «Ondorio horietako batzuk mugarriak dira; esaterako, Amazonian, Groenlandian, Antartika mendebaldean edo koralezko uharrietan».

Parisko Hitzarmenean, 200 herrialde inguruk hartu zuten konpromisoa Lurraren tenperaturaren igoera 1850-1900 aldiarekin alderatuta 1,5 gradura mugatzeko ahalegina egiteko. Epe luzeko tenperatura igoera egonkor bati egiten zion erreferentzia erabaki horrek. Hori neurtzeko gutxienez bi hamarkadatako aldiak hartzen dira kontuan, baina ordutik hamar urte igaro diren honetan, Guterresek argi esan du ez dutela ezarritako helburu hori lortuko: «Onar dezagun porrot egin dugula».

Azken hamar urteak —2015etik 2024rakoak— Lur planetan inoiz erregistratu diren urterik beroenak izan dira. Aditu askoren ustetan, ziurrenik hamarkada amaitu baino lehen gaindituko da Parisen zehaztu zuten gehieneko igoera, gizakiek gero eta petrolio, gas eta ikatz gehiago kontsumitzen baitute. Horregatik, Guterresek esan du beharrezkoa dela beste neurri batzuk hartzea, eta Brasilen bilduko diren buruzagiei kontura daitezela eskatu die; izan ere, emisioen murrizketa atzeratzen den heinean, arriskua «geroz eta handiagoa» izango da. 

Bestalde, herrialde bakoitzak bere plana aurkeztu behar du 2035erako; plan horretan, karbono isuriak murrizteko helburuak ezarri behar dituzte, eta helburu horiek nola lortuko dituzten zehaztu. Guterresek adierazi duenez, NBE plan horietako bakoitza ebaluatzen ari da, eta, herrialdeek zehaztu dituzten helburuak kontuan hartuta, «urrun» daukate helburua lortzea. Gainera, herrialde horietako askok ez omen dute oraindik planaren berri eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.