Gutxienez 1.000 pertsona atxilotu dituzte New Delhin, protesta saiakera batean

Hauteskunde batzordearen aurkako manifestazio masibo bat eragotzi dute estatu indarrek. Atxilotuen artean dago Cockroach Janta Party Indiako gazte mugimenduko liderra.

New Delhiko Polizia manifestari batzuk atxilotzen, gaur. RAJAT GUPTA  / EFE
New Delhiko Polizia manifestari batzuk atxilotzen, gaur. RAJAT GUPTA / EFE
Igor Susaeta.
2026ko urriaren 10a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Cockroach Janta Party Indiako gazte mugimenduak deituta, herritarrak hauteskunde batzordearen aurka protesta egitera deituta zauden gaur New Delhin. Azken astean herrialdean egindako mobilizazioak masiboak izan direla aintzat hartuta, Poliziak hiriburua blindatu du, 30.000 agente mobilizatu ditu horretarako, eta manifestazio saiakerak blokeatu. Operazio horretan 1.000 pertsona inguru atxilotu ditu.

Atxilotuen artean dago, hain zuzen, mugimendu horretako buru Abhijeet Dipke, zeina hegazkinean bertan atxiki duten, Bombaytik New Delhira iritsi berritan. Oposizioko kide batzuk ere atxilotu dituzte; tartean, New Delhiko eta Bengalako gobernadore ohiak, Arvind Kejriwal eta Mamata Banerjee, hurrenez hurren. Hainbat kazetari ere atxilotu dituzte, Kazetariak Babesteko Batzordea nazioarteko erakundeak jakinarazi duenez.

Gazteen mugimendua dago protesten buruan, baina munduko herrialde populatueneko oposizioak ere mobilizazio horiekin bat egin du, irudituta hauteskunde batzordearen azken erabakiak 2027an herrialdeko hainbat estatutan egitekoak diren bozen emaitzei eragingo diela, eta Narendra Modi lehen ministroaren alderdi BJP Bharatiya Janataren mesedetan hartu dutela. Izan ere, udan zehar errolda eguneratu du Indiako Hauteskunde Batzordeak, eta prozesu horretan erroldatik ezabatu dituzte hildakoak, bi aldiz agertzen zirenak, edo, besteak beste, batzordeak eskatutako baldintzak betetzen ez zituztenak. Hori diote iturri ofizialek. Estatu askotan zeresana eman du prozesu horrek, ordea, dozenaka milaka lagunek salatu baitute erroldatik ezabatu dituztela.

Hauteskunde batzordeak manipulazio salaketak ukatu ditu, eta gauza bera egin du Modiren alderdiak. Gaurko gertakariei dagokienez, BJPk esan du ohar batean mobilizaziorako deiak «porrot» egin duela, eta izan dela «indar anarkiko gutxi batzuen» saiakera bat. Hori bai, Nitin Nabin alderdiko presidentea areago joan da, eta oposizioko lider Rahul Ghandiri eta oposizioko beste kide batzuei egotzi die herrialdea «desegonkortzen» ahalegintzea, «atzerriko indarren» laguntzarekin.

130

Hauteunde erroldarik ezabatuta milioi herritarrak. Errolda eguneratzeko hauteskunde batzordeak udan egindako prozesuaren ondorioz, 130 milioi pertsona inguru ezabatu dituzte. 1.480 milioi biztanle ditu Indiak.

Oposizioak eta gazteek ezin izan dituzte hiriburuko kaleak hartu, agintariek mobilizazio masibo bat eragozteko neurriak ezarri baitituzte. Esaterako, Internet moztu dute eremu batzuetan, barrikadak altxatu dituzte, hiriaren erdigunea inguratu, dozenaka kamera jarri, trafikoa murrizteko neurriak hartu, metro geltoki asko itxi, eta herritarrei bozgorailuetatik buklean ohartarazi manifestazioan parte hartuz gero auzitara eramango zituztela. 

Indiako Gobernuak atzo jada jakinarazi zuen neurri horiek hartuko zituztela. «Gazteriaren beldur bazarete, herrialde osoa itxi», esan zien kazetariei Dipkek, gazteen mugimenduaren liderrak, agintariei erreferentzia eginez. Kontuan hartuz hartutako neurriak, Indiako Auzitegi Gorenak ebazpen bat kaleratu zuen, eta eskatu zion gobernuari berriro pentsatzeko horiei buruz. «Gauza batzuk prebenitu behar dira. Baina horrek ez du esan nahi euli bat hiltzeko mailu bat erabili behar duzunik», azpimarratu zuen Goreneko presidente Surya Kantek.

(ID_16522428) INDIA ELECTION PROTEST
Poliziak manifestari bat atxilo hartzen, gaur New Delhin. RAJAT GUPTA / EFE

Cockroach Janta Party maiatzean jarri zuen martxan Dipkek. Modu horretan izendatu zuen mugimendua, Indiako Auzitegi Goreneko presidenteak «labezomorro» deitu baitzien langabezian zeuden gazteei —labezomorro esan nahi du ingelesez cockroach-ek—.

Maiatzetik gaurdaino

Eta ordutik presio egiten ari da mugimendu hori —ez dago alderdi gisa erregistratuta—. Maiatzean bertan protesta egitera deitu zuen, Medikuntzako gradua ikasteko azterketa batzuetan izandako filtrazioengatik. Bi hilabete geroago, uztail amaieran, Dharmendra Pradhan Hezkuntza ministroak dimisioa eman zuen.

Lehengo astean indiarrek berriro hartu zituzten kaleak. The Indian Express egunkariak kaleratutakoaren arabera, hauteskunde batzordeko bi kidek gutxienez hamalau idazki aurkeztu zituzten Gyanesh Kumar erakunde horren buruaren kontra, hari leporatuz «legez kanpoko erabakiak» hartzea bozkatzaile batzuk erroldatik ezabatzeko orduan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA