Gutxienez hamabi hildako Gazan, Israelen erasoen ondorioz hondatutako eraikin bat erorita

Ehun lagun inguru hondakinen artean harrapatuta daude; horietatik 50 adingabeak dira.

Txikitutako eraikin bat Gazan, artxiboko argazki batean. MOHAMMED SABER / EFE
Txikitutako eraikin bat Gazan, artxiboko argazki batean. MOHAMMED SABER / EFE
Igor Susaeta.
2026ko irailaren 16a
09:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israel azkeneko hiru urteotan Gazan egiten ari den sarraskiaren ondorioz, hondatutako eraikin bat erori da gaur goizaldean han, eta, horren ondorioz, gutxienez hamabi pertsona hil dira. Gainera, ehun pertsona inguru hondakinen artean daude oraindik; horietatik 50 inguru adingabeak dira. Erreskate taldeak horiek ateratzeko ahaleginean ari dira.

Zerrendako iturri ofizialek adierazi dutenez, eraikin hori Gaza hiriaren mendebaldean zegoen, eta sei solairu zituen. Oraindik ez dakite zehazki zergatik erori den, baina Gazako Defentsa Zibilak azpimarratu du hondatuta zegoela Israelen bonbardaketen ondorioz. Tel Aviven azken hiru urteetako erasoaldiak zerrendaren %80 inguru txikitu du. Bi milioi lagun inguru daude han, 360 kilometro koadroko eremu batean.

Horren guztiaren harira, Defentsa Zibilak gogorarazi du Gazan 2.000 eraikin inguru daudela egoera prekarioan, baina han daudenek ezin dituztela horiek utzi, beste alternatibarik ez dutelako, kanpin dendak ez badira.

2023ko urriaz geroztik ia 74.000 pertsona hil ditu Israelek Gazan, hango iturri ofizialen arabera. Iazko urriaren 10etik su eten bat dago indarrean, baina Israelek egunero urratzen du, eta ordutik 1.370 palestinar hil ditu.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA