Gutxienez 15 lagun hil ditu Errusiak Ukrainan

Erasoaldi masibo bat egin du Errusiako armadak Ukrainako hainbat puntutan. Zelenskiren hitzetan, Errusiaren erasoa «Ukraina osoko energia sistemaren aurkakoa» izan da. Hildako gehiago egon daitezkeela ohartarazi du.

Errusiak Pryluky hirian suntistu duen eraikina, gaur goizean. EFE
Errusiak Pryluky hirian suntistu duen eraikina, gaur goizean. EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko urriaren 7a
11:41
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errusiako presidente Vladimir Putinek 72 urte bete ditu gaur, eta Ukrainaren aurkako beste erasoaldi masibo bat eginez abiatu du urtebetetze eguna. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak jakinarazi duenez, Ukrainako 15 lagun hil dira eraso horietan, zibilak denak. Zelenskik azaldu du Errusiaren erasoa «Ukraina osoko energia sistemaren aurkakoa» izan da, eta misilak eta droneak erabili dituela horretarako.

Atzo gauean jakinarazi zuen Zelenskik Errusia Ukrainaren aurkako erasoaldi masibo bat prestatzen ari zela, eta hala izan da. «Gure energia azpiegiturak jo nahi izan dituzte», adierazi du Zelenskik sare sozialetan. Gainera, Kievek Telegram bidez esan du Kiev eskualdeko zentral termino nagusiari berriro egin diola eraso Errusiako armadak —bigarren aldiz jo dute aste bakarrean—. 

Hildakoetako bederatzi Xerniguiv eskualdeko Pryluky hirian zenbatu dituzte. Zelenskik adierazi duenez, Errusiak bost pisuko eraikin bat suntsitu du aire bidezko erasoekin, eta beste 26 lagun zauritu dituztela ere esan du, tartean bost haur. Hala ere, ohartarazi du hildako eta zauritu gehiago egon daitezkeela hondakinen artean harrapatuta.

Beste bil lagun Poltava eskualdeko Kremenchuk hirian hil ditu Errusiak. Beste bi Kiev hiriburuan eta beste bi Kirovograd eskualdeko Oleksandria hirian. «Krimen krudelenetako bat da. Nire doluminak hildakoen familiei eta gertukoenei», adierazi du Ukrainako presidenteak sare sozialetan. 

Kievek adierazi duenez, guztira, Kieven eta beste hamabi eskualdetan egin du eraso Errusiak bart. Zelenskik, gainera, zehaztu du Errusiako armadak 70 misil erabili dituela erasoaldi masiboa egiteko, «horietako asmo balistikoak». Defentsa sistemak 44 misil eta 117 drone eraitsi dituela zehaztu du Kievek, baina herrialdeko hemezortzi puntu jo dituztela baieztatu du.

Zelenskik hainbat aldiz errepikatu du Ukrainak Errusiaren misil balistikoak gelditzeko duen arazoa. Eta gaurkoan ere horixe idatzi du sare sozialetan: «Errusiaren misil balistikoak gure erronka nagusietako bat izaten jarraitzen dute». Era berean, ohartarazi du Ukrainarentzat «ezinbestekoak» direla aireko defentsa fardelak, eta Europako aliatuei gogorarazi die laguntza behar dutela Patriot defentsa sistemarekin. Izan ere, Kieven arabera, sistema hori da Errusiaren erasoei «bermeekin» erantzuteko gai den bakarra. 

Errusiako Defentsa Ministerioak Ukrainaren aurkako erasoaldia aldarrikatu du, eta, azaldu duenez, helburuen artean zeuden, besteak beste, Kieveko eta beste eskualde batzuetako «gune militar eta industrialeko enpresak» eta Odesako «portuko eta ontziak konpontzeko azpiegiturak».

Bestalde, Errusiako estatu indarrek jakinarazi dute Ukrainak jaurtitako 311 drone suntsitu dituztela goizaldean herrialdeko hainbat puntutan. «Baita Itsaso Beltzean, Azov itsasoan eta Krimean ere», gaineratu dute. Azken eremu hori 2013an anexionatu zuen Moskuk.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA