Migrazioak

Gutxienez 1.140 migratzaile hil dira Europara iristeko itsaso zeharkaldietan, 2021eko lehen seihilekoan

Aurtengo datua iaz epe berdinean erregistratutakoaren bikoitza baino handiagoa da. Migraziorako bide seguruak bermatzeko eskatu die IOMk agintariei.

Migratzailez betetako patera bat, Atlantiko ekialdean, Kanaria uharteetarako bidean. JUAN MANUEL CABRERA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko uztailaren 14a
13:14
Entzun

Udarekin batera izaten dira migrazioarekin lotutako daturik saminenak: Europara heldu nahian, itsas zeharkaldi arriskutsuetan beren bizia arriskatzen duten eta ahalegin horretan hiltzen diren lagun kopuruaren gorakada. Udakoen aurretik, baina, urteko lehen seihilekoari dagozkion datuen berri eman du IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeak, bere azken txostenean, eta datuak kezkagarriak dira. 1.146 pertsonen heriotza erregistratu du 2021eko urtarriletik ekainera bitartean, Europara iristeko migratzaileek erabili ohi dituzten itsasbideetan. Iazko datuekin alderatuta, nabarmena da hildako kopuruaren hazkundea. Bikoiztu baino gehiago egin da. Iazko lehen seihilekoan 513 izan ziren zeharkaldi saiakeretan hildako migratzaileak.

Europara iristeko Mediterraneoan eta Atlantikoan zeharkaldiak egiten ahalegindu den migratzaileen zenbatekoa ere hazi egin da, IOMk baieztatu duenez. Iaz epe berean erregistratutakoak baino %58 gehiago zenbatu dituzte aurten. Elkartearen Munduko Migrazio Datuen Analisirako Zentroak 47.825 migratzaile zenbatu zituen iaz eta 75.562 aurten.

Txostenak ohartarazi du datuek gora egin dutela, lehendik ere uretan galdutakoen bilaketa eta erreskate operazioak «nahikoa ez» direnean.

IOMko zuzendari nagusi Antonio Vitorinok eskaera egin die estatuetako agintariei «migratzaileek Europara iristeko erabiltzen dituzten itsasbideetan heriotza kopurua murriztu dadin eta nazioarteko zuzenbidearen esparruan dagozkien betebeharrei eutsi diezaieten». Horretarako, ezinbestekotzat jo ditu «bilaketa eta erreskate ahalegina indartzea, lehorreratzeko mekanismo aurresangarriak ezartzea eta migraziorako bide erregularrak eta seguruak bermatzea».

IOMren lanak zehazten duenez, 896 pertsona hil dira Mediterraneoa gurutzatu nahian. Horietatik 741 erdiko itsasbidean —Libiatik edo Argeliatik Italiara edo Maltara—, 149 mendebaldekoan —Aljeriatik edo Marokotik Espainiara— eta sei ekialdekoan —Turkiatik Greziara—. Kanaria uharteetarako itsasbidean, berriz, —Marokotik, Mauritaniatik edo Segenaldik irteten dira— 250 migratzaileren heriotza baieztatu dute.

Datuen hutsunea

Elkarteak ohartarazi du kopuru errealak askoz ere handiagoak direla, «ehunka hondoratze kasu ikusezin» izaten direlako. Askotan, gobernuz kanpoko erakundeek pateran zeuden migratzaileekin edo horien senideekin hitz egin eta hondoratze bat izan dela abisu eman arren, «baieztatzeko ikaragarri zailak» suertatzen dira halakoak. Arrastorik utzi gabe desagertzen dira ontzian doazen guztiak.
Migrazio mugimenduei buruzko datuen hutsunea bereziki kezkagarria da Kanariak helburu dituzten itsasbideen kasuan, Afrika mendebaldeko kostaldetik irteten diren pertsona kopuruen kopuruak ez daudelako eskuragarri. Berdin gertatzen da Marokok, Mauritaniak edo Senegalek itsasoan atzeman eta beren lurretara itzularazten dituzten migratzaileen datuekin ere. «Zailagoa egiten du migrazio bide horren konplexutasuna eta arriskuak ulertzea».

Beste joera baten berri ere eman du IOMren txostenak. Bigarren urtez jarraian, hazi egin da Afrika iparraldeko herrialdeetako itsas operazio kopurua. Magrebeko estatu horiek 31.500 pertsona bidean atzeman edo erreskatatu dituzte 2021eko urtearen lehen erdian. 23.100 inguru izan ziren 2020ko lehen seihilekoan.

Gorakada esanguratsua da. Tunisiaren kasuan, esaterako, %90 egin du gora kostaldeko operazioen zenbatekoak, urtarriletik ekainera bitartean, iazko epe berarekin alderatuta. Libiaren kasuan, hirukoiztu egin da itsasotik herrialde horretara itzularazi dituzten pertsonen kopurua. 15.300 izan dira aurtengo lehen seihilabetean, eta 5.476 zenbatu zituzten iaz hilabete berberetan. Datua «kezkagarria» da IOMren iritziz, Libiara itzularazten dituzten migratzaileek oinarrizko eskubideen urraketak jasaten dituztelako herrialde horretan. «Atxiloketa arbitrarioak, estortsioa, desagertzeak eta tortura» pairatzen dutela ohartarazi du IOMk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.