Hong Kong

Gutxienez 300 manifestari atxilotu dituzte Hong Kongen

Ehunka lagun bildu dira hirian, Txinako Segurtasun Legearen aurka protestatzeko. Legeak eskumena ematen dio Pekini atxilotuak Txinara estraditatzeko.

Manifestari bat lurrean, poliziaz inguratuta. MIGUEL CANDELA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko uztailaren 1a
10:01
Entzun

Egun seinalatua aukeratu du Pekinek Segurtasun Legea indarrean sartzeko. Izan ere, Erresuma Batuak Hong Kong Txinaren esku utzi zuenetik 23 urte betetzen dira gaur. Hain zuzen ere, lege honekin «demokraziaren aldeko mugimenduek» hiriaren autonomia murriztu nahi izatea egozten diote Pekini, eta horren aurkako manifestazioetara deitua zuten gaurko.

Txinak debekatu egin zituen manifestaziook «osasun arrazoiak» argudiatua, baina, hala ere, goizean goiz ehunka lagun bildu dira Causeway Bay inguruan. Poliziak ur kanoiekin sakabanatu ditu manifestariak, eta gutxienez 300 pertsona atxilotu ditu; haietako batzuk gauerdian indarrean sartu den Segurtasun Legea baliatuta, zeinak hiru urte eta bizi guztiko kartzela zigorrak aurreikusten dituen «herrialdearen segurtasuna kolokan» jartzen dutenentzat.

Hong Kongeko gobernu autonomoko buru Carrie Lamek nabarmendu du «iraganeko hutsen ondorioa» dela Txinak onartutako Segurtasun Legea: «Hong Kongeko Gobernuak ez du jakin ulertarazten Herrialde bat, bi sistema eredua, eta, beraz ezin izan du egoera behar bezala kudeatu. 23 urte igaro dira [Erresuma Batuak hiriak Pekinen esku utzi zuenetik], baina ez gara gai izan segurtasunerako legedia bat bultzatzeko. Hong Kongek huts egin du hezkuntzan ere, eta ez da gai izan gazteei herri honen historia eta kultura irakasteko, ezta ere gobernu zentralarekiko harremanak bideratzeko. Horrek bultzatu du krisia, eta eragin du muturreko elementuak ugaritzea».

Hasieratik babestu du Lamek Segurtasun Legea, eta berdin egin du gaurko agerraldian ere, argudiatuz batzuetan «giza eskubideak eten» egin behar direla «egonkortasuna bermatzeko». John Lee Ka-chiu Segurtasun arduradunak ohartarazi die manifestariei ez dezatela «marra gorria» zeharkatu, eta jakinarazi du Poliziak unitate berezi bat osatu duela Segurtasun Legea urratzen duten kasuak identifikatzeko.

Estradizioa

Iaz,  protestak zirela medio, gobernu autonomoak bertan behera utzi behar izan zuen Hong Kongen onartu asmo zuten Estradizio Legea. Pekinek, baina, Segurtasun Legea baliatu du hori bera indarrean sartzeko, alegia, Poliziak eskumena izango du lege hori baliatuta atxilotzen dituztenak Txinara estraditatzeko.

Gaur bertan atxilotu dute lehen herritarra, Segurtasun Legea baliatuta; hain zuzen, Hong Kongeko bandera independentista eramateagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.