Elkarren alboan zeuden hainbat etxe orratzek su hartu dute Hong Kongen, eta gutxienez 36 pertsona hil dira. Gainera, oraindik 279 lagun desagertuta daudela jakinarazi dute bertako agintariek, eta uste dute eraikinetan harrapatuta egon daitezkeela. 29 pertsona ere ospitalera eraman behar izan dituzte; horietatik zazpi, larri. John Lee Ka-chiu gobernuburuaren arabera, sutea kontrolpean hartzeko ahaleginetan ari dira.
32 solairuko zortzi eraikinez osatuta dago Tai Po auzoko bizitoki eremu hori, Hong Kong iparraldean. Obrak egiten ari ziren, eta etxe orratzak banbu kanaberazko aldamioz inguratuta zeuden. Aldamio horietan zehar azkar zabaldu dira garrak, eta zortzi eraikinetatik zazpi kiskali dira.
Ez dago argi zerk eragin duen sutea, eta gobernuburuak jakinarazi du Poliziak ikerketa bat abiatuko duela. Zortziehun suhiltzaile eta larrialdi zerbitzuetako langile inguru aritu dira sua itzaltzeko lanetan eta zaurituak erreskatatzen.
Zortzi eraikin horietan ia bi mila etxebizitza daude, eta lau mila pertsona inguru bizi ziren bertan. Orain, haientzako bizitoki bila ari dira Hong Kongeko agintariak.