Gutxienez 40 pertsona hil dira Indonesian lurrikara baten ondorioz

Richter eskalako 7,7 graduko lurrikara izan da Flores uhartean. 2.000 lagun atera behar izan dituzte etxetik.

Gizon bat negarrez, lurrikarak suntsitutako etxearen aldamenean, Mbayn. IGNASIUS KUNDA / EFE
Gizon bat negarrez, lurrikarak suntsitutako etxearen aldamenean, Mbayn. IGNASIUS KUNDA / EFE
arantxa elizegi egilegor
2026ko abuztuaren 15a
16:53
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezustean harrapatu ditu lurrikarak Flores uharteko herritarrak. Richter eskalako 7,7 graduko seismoak Ende herritik 68 kilometrora izan du epizentroa, eta gutxienez 40 hildako utzi ditu. Agintariek 2.000 lagun atera behar izan dituzte etxetik. 

Lehen orduetan, agintariek tsunami alerta ezarri dute, baina bertan behera utzi dute, ikusita itsasoaren mailan ez zela aldaketarik. Hala ere, 235 erreplika zenbatu dituzte adituek, tartean 6,1 graduko bat Sumatran. Horrek izua zabaldu du herritarren artean, eta askok etxetik alde egitea eta eremu altuetara joatea erabaki dute. 

Larrialdi zerbitzuak ez dira oraindik heldu Nagekeora, epizentrotik gertuen dagoen eskualdera. Bertako iturriek The Guardian egunkariari azaldu diotenez, komunikazioak erabat etenda daude. Errepideak moztuta daude lurrikarak eragindako luizien ondorioz, eta larrialdi zerbitzuak itsasoz iristeko ahaleginetan ari dira. 

Iturri ofizialek azaldu dutenez, hainbat eraikin erori dira, eta litekeena da biktima gehiago izatea. Izan ere, lurrikara goizaldean gertatu da, 06:00 aldera, eta ordu horretan lo zeuden bizilagun gehienak. 

Bi milioi lagun inguru bizi dira Flores uhartean, horietatik 90.000 inguru Ende hiriburuan.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA