Migrazioa

Gutxienez 50 migratzaile hil dira Afrika ipar-mendebaldeko kostan, bi hondoratzetan

Efe agentziak jakinarazi duenez, Mendebaldeko Sahararen parean hamar gorpu aurkitu dituzte itsasoan, eta Mauritania parean, berriz, 40 hil dira. Kanaria uharteetara iristeko asmoa zuten, iturri horren arabera.

Kanara uharteetan topatu zuten migratzaileen ontzi bat, joan den hilean. MIGUEL BARRETO / EFE
2020ko abuztuaren 6a
23:00
Entzun

Mendebaldeko Sahararen parean gertatu den hondoratzearen berri arrantzale batzuek eman dute, eta Marokoko itsas armada joan da erreskatera. Eferen arabera, hamar migratzaile bizirik atera dituzte uretatik. Mendebaldeko Saharako Dakhla hiriko itsasbazterretik hogei kilometrora izan da ezbeharra.

Beste hondoratzea Mauritaniako Nuadhibu hiriaren parean gertatu da. Erreskate taldeek pertsona bakarra topatu dute bizirik. Efe agentziaren arabera, ontzia duela egun batzuk noraezean gelditu zen matxura baten ondorioz, eta haren bila ari ziren erreskate taldeak.

Efe agentziak dioenez, Saharaz hegoaldeko herrialdeetakoak dira bi hondoratzeetan zendu direnak —Mauritanian bizirik topatu dutena Gambiako herritar bat da—. Kanaria uharteetara iritsi nahi zuten.

Gaurko biekin, aste honetan guztira hiru dira Kanaria uharteetara bidean hondoratu diren ontziak. Joan den astelehenean, Marokoko itsas indarrek zazpi gorpu aurkitu zituzten beste hondoratze batean, eta 40 pertsona erreskatatu zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.