Gutxienez 812 lagun hil dira Afganistan ekialdean izan den lurrikara baten ondorioz

Sei graduko seismoaren eraginez 2.500 lagun inguru zauritu dira, eta ehunka etxebizitza suntsitu. Hainbat errepide blokeatuta daude, eta zenbait herrixka bakartuta.

Afganistan eta Pakistan arteko muga Torkhametik gertu, atzo. STRINGER / EFE
Afganistan eta Pakistan arteko muga Torkhametik gertu, atzo. STRINGER / EFE
Paulo Ostolaza - Julen Otaegi Leonet
2025eko irailaren 1a
15:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lurrikara bortitz batek Afganistan ekialdea astindu du bart. Talibanen gobernuko bozeramaile Zabihullah Mujahidek gaur baieztatu du gutxienez 812 lagun hil eta 2.500 zauritu direla, eta litekeena dela datozen orduetan kopuru horiek handitzea. Ehunka etxe ere suntsitu ditu dardarak.

Ameriketako Estatu Batuetako geologia zerbitzuaren arabera, Richter eskalako sei graduko seismoaren epizentroa Nangarhar probintziatik 27 kilometro ekialdera dago, zortzi kilometroko sakoneran. 23:47an gertatu zen lurrikara, Euskal Herrian 20:47ak zirenean. Lurrikara Pakistango hiriburuan ere nabaritu da, Islamabaden, epizentrotik 300 kilometrora. Seismoak Monitorizatzeko Pakistango Zentroak bederatzi erreplika erregistratu ditu dagoeneko —horietako bi 5,2 gradukoak izan dira—, eta, zentroko zuzendari Najib Ahmad Amirren arabera, baliteke beste bi egunez erreplikak izatea.

Erreskate operazioa martxan da jada, eta, besteak beste, NBE Nazio Batuen Erakundea, Afganistango Ilargi Gorria eta gobernua mobilizatu dira. Mujahid talibanen bozeramaileak adierazi duenez, eremu horretako funtzionarioak eta biztanleak ari dira erreskate lanetan, eta laguntza emateko taldeak hara bidean dira herrialdearen erdialdetik eta inguruko probintzietatik. «Gure eskura ditugun baliabide guztiak erabiliko ditugu biziak salbatzeko», esan du. Afganistango Defentsa Ministerioak, berriz, 30 mediku eta 800 kilogramo sendagai bidali ditu Kunar probintziara —Nangarhar probintziarekin muga egiten du—, ospitaleak gainezka daude eta.

Kalterik larrienak Kunar probintzian izan dira: Pakistanekin muga egiten du probintzia horrek, eta Hindu Kush mendilerroko haranetan dago. Mendilerro horretan topo egiten dute Eurasiako plaka tektonikoak eta Indiakoak, eta lurrikarak horregatik dira hain ugariak zona horretan. Bestalde, beste zenbait faktorek eragiten dute lurrikaren kalteak are larriagoak izatea. Batetik, hango biztanle gehienak lastoz eta lokatzez egindako etxeetan bizi dira, hau da, lurrikarei eusteko ahulak diren eraikinetan. Bestetik, hara iristea ere ez da erraza, errepideak kaskarrak baitira, eta, gainera, bart gaueko lurrikarak zenbait errepide blokeatu ditu; hainbat herrixka erabat bakartuta geratu dira, eta horrek zaildu egingo du erreskate zerbitzuen lana.

AMAITU DA ERREFUXIATU AFGANIARREK PAKISTAN UZTEKO EPEA

Pakistanek 2023an ekin zion paperik gabeko migranteak deportatzeko planari, eta jopuntuan jarri ditu 1,4 milioi errefuxiatu afganiar, zeinak UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren babespean dauden. Atzo amaitu zen errefuxiatuek herrialdea uzteko epea, eta Pakistango iturri ofizialek EFE agentziari baieztatu diotenez, Pakistango Poliziak eta bestelako segurtasun erakundeek horien kontrako sarekadak hasi dituzte. UNHCRren arabera, aurten dagoeneko 2,1 milioi afganiar itzuli dira jaioterrira; tartean, Pakistan utzi duten 352.000 lagun.

Nazioartean, zenbait herrialdek doluminak eman dizkiote Afganistani. Azerbaijanek, Egiptok, Saudi Arabiak, Siriak, Turkiak, Qatarrek... Irango presidenteak, Masud Pezexkianek, elkartasuna adierazi dio herrialdeari, eta «edozein laguntza eta arta» emateko prest agertu da Telegram bidez idatzi duen mezuan: «Afganistan ekialdeko lurrikara tamalgarriak, hildakoek eta zaurituek sakon hunkitu gaituzte bai ni eta Irango nazioa». Sheshbaz Sharif Pakistango lehen ministroak ere samina adierazi du sare sozialetan. Indiako lehen ministro Narendra Modik atsekabea adierazi du lurrikaran hildakoengatik, eta «agudo» osatzea opa die zaurituei: «India prest dago kaltetuei ahal bezainbesteko laguntza humanitarioa emateko», esan du sare sozialetan. Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak laguntza eskaini dio Kabuli: «Ziur gara Afganistango Gobernuaren gidaritzapean herritarrak indarberritu egingo direla hondamendiaren ostean».

Bart gaueko lurrikara Afganistanen 2023ko urritik izan den larriena da. Orduko hartan, lurrikara sorta batek 1.500 hildako baino gehiago eragin zituen Herat probintzian.

Azken urteetako lurrikarak Afganistanen

  • 2025eko abuztuaren 31. Richter eskalako sei graduko lurrikara bat herrialdearen mendebaldeko Nangarhar probintzian. Gutxienez 812 lagun hil dira.
  • 2025eko abuztuaren 27a. 5,6 graduko lurrikara bat Afganistan erdialdetik ekialdera doan Hindu Kush mendikatean.  
  • 2025eko abuztuaren 19a. 5,2 graduko lurrikara bat Hindu Kush mendikatean.
  • 2025eko apirila. 5,6 graduko lurrikara bat hilaren 16an, Afganistan ipar-ekialdean, Tajikistaneko mugatik gertu, eta 5,8 graduko beste bat hilaren 19an, muga inguruan.
  • 2024ko urriaren 17a. 5,5 graduko lurrikara bat Hindu Kush mendikatean, herrialdearen ipar-ekialdeko Badakhxan probintzian.
  • 2024ko urtarrila. Bost graduko lurrikara bat Afganistanen eta Tajikistanen arteko mugan, eta 6,3 graduko beste bat Hindu Kush mendikatean.
  • 2023ko azaroaren 15a. 5,3 graduko lurrikara Afghanistanen eta Tajikistanen arteko mugan. 
  • 2023ko urria. 6,3 graduko lau lurrikara hilabeteko tartean, herrialdearen ekialdeko Herat probintzian. 1.500 lagun baino gehiago hil ziren.
  • 2023ko abuztua. 5,7 graduko lurrikara bat hilaren 5ean, Hindu Kush mendikatean, eta 5,1 gradukoa hilaren 6an, Afghanistanen eta Tajikistanen arteko mugan.
  • 2023ko maiatzaren 3a. 5,3 graduko lurrikara bat Hindu Kush mendikatean, Faizabad hiritik gertu.
  • 2023ko martxoaren 21a. 6,5 graduko lurrikara bat herrialdearen ipar-ekialdeko Badakhxan probintzian. Gutxienez 21 lagun hil ziren.
  • 2022ko abenduaren 19a. 4,3 graduko lurrikara bat herrialdearen hego-ekialdean.
  • 2022ko irailaren 5a. 5,1 graduko lurrikara bat herrialdearen ekialdean, Jalalabad hiritik gertu. Gutxienez hemezortzi lagun hil ziren.
  • 2022ko ekainaren 22a. 6,2 graduko lurrikara bat herrialdearen hego-ekialdean. Gutxienez mila lagun hil ziren.
  • 2022ko otsailaren 5a. 5,7 graduko lurrikara bat Hindu Kush mendikatean.
  • 2022ko urtarrilaren 17a. 5,3 graduko lurrikara bat herrialdearen mendebaldean. Gutxienez 30 lagun hil ziren.
  • 2021eko maiatzaren 19a. 4,6 graduko lurrikara bat herrialdearen ipar-ekialdean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.