Gutxienez 69 lagun hil dira Filipinetan, lurrikara baten ondorioz

Seismoa Richter eskalako 6,9 gradukoa izan da. 150 pertsona zauritu dira gutxienez.

Lurrikarak hainbat eraikin bota ditu Bogo hirian, Filipinetan. JUANITO ESPINOSA / EFE
Lurrikarak hainbat eraikin bota ditu Bogo hirian, Filipinetan. JUANITO ESPINOSA / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2025eko urriaren 1a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lurrikara batek Filipinetako Bisayak eskualdea astindu du; Cebu probintzia nagusiki. Herrialdeko Defentsa Zibileko Bulegoak adierazi du gutxienez 69 pertsona hil direla lurrikararen ondorioz, horietatik 30 probintzia horretako Bogo hirian. Beste 22 hildako zenbatu dituzte San Remigio hirian ere. Zaurituei dagokienez, oraingoz 147 zenbatu dituzte, baina espero dute kopurua handiagoa izatea, baita hildakoak gehiago izatea ere; izan ere, pertsona batzuk hondakinen azpian geratu dira.

Atzo gauean erregistratu zuten lehen dardara, 21:59 zirenean —Euskal Herrian, 15:59—. Richter eskalako 6,9ko indarra izan zuen lurrikarak, eta Bogo hiritik hamazazpi kilometrora izan zuen epizentroa. Gaur hainbat erreplika izan dira, larrienetako bat 15:49an —Euskal Herrian, 09:49an—, eta Richter eskalako 4,7 gradukoa izan da. 

Bogon 90.000 lagun bizi dira, eta Cebu probintzian, 3,4 milioi inguru. Komunikatu baten bidez, Glenn Soco eskualdeko gobernadoreordeak kalamitate egoera dekretatu du, argudiatuz neurri hori beharrezkoa izango dela «baliabideak mugiarazteko, kaltetutako familiei berehalako laguntza emateko eta berreraikitze eta konpontze neurriak aplikatzeko».

Lurraldeko azpiegiturak ere «nabarmen kaltetu» dira lurrikaran, Pam Baricuato Cebuko gobernatzailearen arabera. Suhiltzaile batek The Manila Times hedabideari jakinarazi dionez, dardarek elektrizitate mozketak eragin dituzte, errepideak pitzatu, eta hainbat eraikin behera bota. Gainera, lurrikararen hurrengo orduetan euri ugari egin du, eta horrek egoera zaildu du.

(ID_15372511) PHILIPPINES EARTHQUAKE
Bi herritar kaltetutako eraikin baten aurrean, gaur, Bogo hirian. JUANITO ESPINOSA / EFE 

Alfie Reyness San Remigio hiriko alkateordeak elikagaiak eskatu ditu; esan du «euri asko» egiten ari dela eta ez dela elektrizitaterik. «Edateko ura ere falta da, hornidura kate guztiak kaltetuta baitaude lurrikararengatik», gaineratu du. Filipinetako Ongizate Sailaren arabera, gutxienez 300.000 elikagai sorta banatu dira probintzia osoan.

Aurretik, tifoia

Joan den astean, Bualoi tifoiak Filipinetako erdialdea astindu zuen. Horren eraginez, hamalau lagun hil ziren, eta 350.000 pertsona izan ziren desplazatuak. Tifoiaren ondorioz protestak izan ziren herrialdean, eta manifestariek Manilako eta hiri nagusietako kaleak hartu zituzten herrialdeko azpiegitura prekarioak salatzeko; ustelkeriari egozten diote ubideen eta sistema horien kalitate eskasa.

Filipinetan ohikoak dira hondamendi naturalak; izan ere, uhartedia Ozeano Bareko Suzko Eraztunaren gainean dago, eta jarduera sismiko eta bolkaniko handiko eremua da. Urtero 7.000 lurrikara inguru zenbatzen dira herrialdean, horietatik gehienak moderatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.