Gutxienez 81 lagun hil dira iragan astetik Libanon, hainbat talderen arteko borroketan

Herrialdearen iparraldera eta ekialdera zabaldu dira borrokak; Beiruten, aldiz, egoera baretu egin da

2008ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Joan den astean oposizioaren eta Gobernuaren aldeko jarraitzaileen artean hasitako borroka armatuei asteburuan eta atzo izandakoak gehitu behar zaizkie. Orotara, tiroketen ondorioz gutxienez 81 lagun hil eta 250 bat zauritu dira. Igandean, gehienbat komunitate druzoaren -Libanoko 18 komunitate ofizialetako bat- bizilekua den Shuf mendian, Beirutetik ekialdera, oso borroka bortitzak izan ziren, eta lekukoen arabera, azken egunotako enfrentamenduetan lehen aldiz armamentu astuna erabili zuten. Atzo iparraldean, Tripoli hirian, eta ekialdean, Bekaa haraneko Anjar herrian, izan ziren borrokak. Lerrook idazterako, Libanoko armadak Shuf eta Tripoli kontrolpean zituen.

Falange alderdi eskuindarreko buru Amin Gemaielen ustez, ordea, egunotan hildakoen kopurua ehun ingurukoa izan daiteke. «Ez da [oposizioarekin] elkarrizketarik izango, Hezbolak ez badu konpromisoa hartzen herrialdearen arazoak armak erabili gabe konpontzeko», nabarmendu du Gobernuaren aldeko buruzagiak.

Libanoko armadako jeneral ohi Michel Aunek ohartarazi du herrialdea ez dela egonkortuko harik eta Fuad Siniora lehen ministroaren gobernuak dimisioa eman arte. Aun FPM Mugimendu Patriotiko Askea alderdi kristauko burua da, Hezbolaren aliatua. Krisiari aurre egiteko, batasun nazionaleko gobernua eratzeko eta hauteskunde legea erreformatzeko eskaera berretsi du. «Krisia aspalditik metatutako arazoen ondorioa da, eta talde armatuen desarmea edota etxeratzea eskatzeak ez du gatazka konponduko». Haren iritziz,kristauek -Gobernuaren eta oposizioaren aldekoen artean banatuak- ez dute Hezbolaren beldurrik izan behar, «harekiko akordioa [2006koa] libanoarrentzako betiereko bake bermea baita».



OPOSIZIOAREN INDARRA. Siniorak (Mendebaldeak sostengatua) Hezbolaren telekomunikazio sarea desegiteko agintzean eta sindikatuek eta oposizioak deitutako greba -prezioen igoeraren kontra- debekatzean piztu ziren lehen istiluak, joan den astearen hasieran. Ondoren tiroketak piztu ziren nagusiki Amal eta Hezbola taldeetako milizianoen eta gehiengo parlamentarioko buru Saad Haririren FM Etorkizunaren Mugimenduko milizianoen artean.

Lehenagotik datorren lehiaren eta krisi politikoaren areagotzea eragin dute egunotako enfrentamenduek, eta jende eta aditu asko kezkatuta dago ez ote den beste gerra zibil baten hasiera izango. Lehena 1958an gertatu zen, eta bigarrena 1975 eta 1990 artean. Alabaina, krisia politikoa da, ez sektarioa, azken hilabeteetan eta egunotan komunitateak oso banatuta dabiltzan arren. Gobernuaren aldekoen eta aurkakoen artean denetik aurki daiteke.

Igandean Shuf mendian Hezbolako gerrillarien eta Ualid Jumblatt buruzagi druzoaren PSP Alderdi Sozialista Aurrerakoiaren miliziaren artean izandako borroketan gutxienez 36 lagun hil ziren, horietako 14 Hezbolako kideak. Hezbolak PSPren hainbat postu hartu zituen, eta Jumblattek (Gobernuaren aldekoa) bere aurkari druzoaren, Talar Arsalanen, bitartekaritza eskatu behar izan zuen. Libanoko armadari entregatu zizkioten gero PSPren postuak. Jumblatt, behiala Siriaren aldekoa, haren esku-sartzearen kontrako sutsua da azken urteetan.

Tripoliri dagokionez, Hezbolaren aliatu alauitek FMren milizia suniten kontra jardun zuten igandean eta atzo. Gutxienez lagun bat hil eta sei zauritu ziren igandean, armadak egoera baretu zuen arte.

Amal, Hezbola eta hauen aliatuen indarrari esker, atzera bota behar izan ditu Siniorak bere azken bi erabaki: Hezbolaren telekomunikazio sarea eraistea eta Beiruteko aireportuko segurtasun arduraduna (Hezbolaren aldekoa) kargutik kentzea.

Horrez gain, Israelgo hegazkinek Libanoko aire eremua urratu dute, maiz egin izan duten bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.