Gutxienez 160 hildako eragin dituzte uholdeek Nepalen eta Tibeten

Ia mila pertsona daude desagertuta Nepalen eta Tibeten arteko mugaren inguruko eskualdeetan. Galdutakoen artean gutxienez 466 atzerritar daude.

Urak hartutako herri bat, Nepalgo Nuwakot eskualdean, gaur. NARENDRA SHRESTHA / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko abuztuaren 26a
17:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urak eta lohiak estali ditu Nepalgo eta Tibeteko hainbat herri, eta gutxienez 160 pertsona hil dira. Bat-bateko uholdeak eta luiziak izan dira gaur Nepalen eta Tibeten arteko mugaren inguruko eskualdeetan, eta ia mila pertsona desagertuta daude. Batez ere Nepalgo Bagmati probintzian eragin dituzte kalterik larrienak uholdeek.

Besteak beste, lur jausi batek Tibeten eta Nepalen arteko mugan dagoen herri bat suntsitu du, eta uholdeek errepideak, zubiak, presak eta herriguneak hartu dituzte. Nepalgo Atzerri ministro Shishir Khanalen arabera, litekeena da lurrikara batek eragin izana bat-bateko uholde horiek. Khanalen esanetan, uste dute lurrikarak luizi handi bat eragin duela, eta lur horrek ibai bat blokeatzearen ondorioz sortu direla uholdeak. AEBetako USGS zerbitzu geologikoak 4,4 graduko seismo bat erregistratu du gaur goizean Tibeten, Nepalgo mugatik hurbil. Geroago, baina, USGSk zehaztu du luizi batek eragin duela mugimendu hori, hau da, ez dela lurrikararik izan. Himalaian antzerako uholdeak gertatu izan dira, eta ez da erraza izaten zerk eragin dituen argitzea. Nepalgo meteorologia zerbitzuetako iturriek BBC hedabideari adierazi diotenez, hipotesi nagusia da izotz bloke handi bat jaustearen eraginez sortu dela lur jausia.

Nepalgo agintariak etengabe ari da hildakoen kopurua berritzen. Nepalgo Poliziak emandako azken datuen arabera, erreskate langileek 157 gorpu aurkitu dituzte. Desagertutakoen kopurua, berriz, ez da horren zehatza. Izan ere, soilik desagertutako turisten berri eman dute. Nepalgo Poliziaren arabera, 579 lagun desagertu dira; horietatik, 466 atzerritarrak. Geroago jakinarazi dute desagertuta daudela 44 militar, 41 polizia eta proiektu hidroelektrikoetako 60 langile ere. Gainera, Tibeten gutxienez beste hiru pertsona hil direla jakinarazi dute, eta 265 lagun desagertuta daudela. CCTV Txinako telebista nazionalak eman du datu horien berri —Tibeteko Eskualde Autonomoa Txinaren menpe dago—. Guztira, ia mila pertsona daude desagertuta.

Nepalen desagertutako turisten artean gutxienez 48 herrialdetakoak daude: besteak beste, 170 inguru Indiakoak dira, 54 AEBetakoak, eta 33 Erresuma Batukoak. Izan ere, Nepalen turista ugari izaten dira urte sasoi honetan. Mendizaleak izaten dira horietako asko, baina baita erromesak ere. Gainera, erromes horietako askok zeharkatzen dute Nepalen eta Tibeten arteko muga Gyirong eskualdetik. Hain justu, horixe da gaurko uholdeek eta luiziek kalte gehien eragin dituzten Tibeteko eskualdea. Indiako turismo konpainia batek jakinarazi duenez, esaterako, lur jausi batek erromesak zeramatzan autobus bat jo du, eta ibilgailua errepidetik atera da. Gaineratu dutenez, ez dute bidaiarien inguruko berririk.

Nepalgo Poliziaren arabera, bizirik erreskatatu dituzte gutxienez 114 pertsona. Horretarako, armadak eta larrialdi zerbitzuek Nepalgo helikoptero konpainia pribatuen laguntza ere izan dute.

India, kezkatuta

Ram Chandra Paudel Nepalgo presidenteak herrialde osoari eskatu dio erreskate lanetan laguntzeko. «Krisi garai honetan, gobernuari, alderdi politikoei, erakundeei, segurtasun indarrei, eta herritarrei erreskate lanak indartzeko eskatzen diet», idatzi du sare sozialetan. Balendra Shah lehen ministroak, berriz, jakinarazi du gobernuak «berehala» mobilizatu dituela bere esku dauden baliabide guztiak, eta «ahalik eta azkarren» hasi dituztela erreskate lanak. Bat-batean jazotako katastrofeak herrialde osoa «shock egoeran» utzi duela adierazi du, eta doluminak eman dizkie hildako guztien senideei.

Txinak eta Indiak ere ezbeharraren ondorioak arintzeko laguntza eman dute. Pekinek ehun milioi yuan —12 milioi euro inguru— eman ditu Tibeteko azpiegituretan izandako kalteak konpontzeko. Gainera, 249 erreskate langile eta 325 ingeniari eta azpiegitura zerbitzuetako langile ere bidali ditu. Bestalde, Indiak laguntza humanitarioa bidali du Nepalera; ehun tona, hain justu.

Desagertuen artean indiar asko egoteaz gainera, Delhik badu beste kezka bat. Izan ere, Indiako Bihar eskualdeak muga egiten du Nepalen kalteak jasa dituzten hainbat gunerekin. Horregatik, Biharreko agintariek herritarrei adi egoteko eskatu diete, arriskua baitago Gandaki ibaiak gainezka egiteko. Gandaki ibaia Bihar eskualdetik igarotzen da Nepal zeharkatu ostean, eta ondoren Gangesen isurtzen ditu urak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA