Errusiako armada pixkanaka, oso pixkanaka, ari da aurrera egiten Ukrainako gerra frontean. Kremlin horri garrantzia ematen ari zaio; ezin du ukatu, ordea, milaka eta milaka soldadu hil direla gatazka horretan. Moskuren datuen arabera, 2022ko otsailean inbasioa hasi zuenetik, gutxienez Errusiako 490.334 soldadu hil dira, baina estimatzen da 700.000 ere izan daitezkeela. Ukrainako eta Bielorrusiako bi hacker taldek, Silent Crowek eta Cyber Partisansek, Errusiako Gobernuaren estatistika agentzia federaleko datuak lortu dituzte, eta horiek zabaldu dituzte asteon Mediazona eta Meduza Errusiatik erbesteratutako hedabideek.
Moskuk ez du gerran hildakoen kopuruaren berri ematen, baina Rosstat estatistika agentziak jasotzen ditu. Hackerrek irailera arteko datuak lortu dituzte; hori bai, informazio zabaldu duten hedabideek ohartarazi dute Moskuk atzerapen handiarekin jasotzen dituela datu horiek, desagertutako militar asko daudela, eta oso urriak direla 2026ko datuak. Horregatik, estimatzen dute hildako militarren zenbatekoa askoz ere handiagoa izan daitekeela.
BBCren Errusiako zerbitzuak ere sarbidea izan du datu horietara, eta argitu du 2025ean gazte errusiarren heriotza kausa nagusia gerra izan dela: 18 eta 24 urte artean hildako errusiarren %65 gatazka horretan hil ziren. Gainera, 25 eta 34 urte artekoen heriotzen %59 ere gerrak eragindakoak izan ziren.
Ukrainako zenbat soldadu hil diren ere ez dago argi. Washingtongo Ikasketa Estrategikoen eta Nazioarteko Ikasketen Zentroaren estimazioen arabera, 2022tik aurtengo ekainera arte Ukrainako 150.000 militar inguru hil dira. Kontuan hartu behar da ohikoa dela inbasioa egiten duen armadan, frontean aurrera egin nahian ari denean, hildako gehiago egotea defendatzen ari denean baino.
Hildako guztiak, baina, ez dira borrokan hil. Ehunka soldaduk beren buruaz beste egin dute. Filtratutako informazioaren arabera, 1.087 militarrek baino gehiagok egin dute beren buruaz beste 2022tik. Gainera, beste 885 soldaduren heriotzaren arrazoia su armaz «zehaztu gabeko asmoz» egindako lesioak izan ziren. The Guardian Erresuma Batuko egunkariak zehaztu duenez, suizidioak ezkutatzeko erabilitako eufemismoa bat da hori. Hortaz, 2.000 soldadu ere izan daitezke, datu ofizialen arabera, beren buruaz beste egin dutenak.