Gutxienez hamabi hildako Pakistanen, atentatu suizida batean

Pakistango talibanek esan dute ez dutela zerikusirik erasoarekin.

Polizia bat gaur Islamabaden, leherketa gertatu den eremuaren inguruan. SOHAIL SHAHZAD / EFE
Polizia bat gaur Islamabaden, leherketa gertatu den eremuaren inguruan. SOHAIL SHAHZAD / EFE
Igor Susaeta.
2025eko azaroaren 11
13:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Leherketa bat gertatu da gaur Islamabad Pakistango hiriburuan, eta horren ondorioz gutxienez hamabi pertsona hil dira, eta 27 zauritu. Datu horiek eman dituzte iturri ofizialek. Moshin Naqvi Barne ministroak agerraldi batean kazetariei esan dienez, eraso suizida bat izan da. 

Puntako ordu batean gertatu da leherketa, justizia instituzioekin lotutako erakundeen eraikinak hartzen dituen hiburuko barruti baten inguruan. Naqviren esanetan, «masiboa» izan da erasoa, eta erasotzaile suizidak eraikinen eremuan sartzea zuen asmo hasieran, baina atzera egin du Poliziaren agenteak ikusi dituenean.

Inork ez du erasoa bere gain hartu, baina, nazioarteko zenbait hedabidek iturri ofizialak aipatuz kaleratu dutenez, baliteke Tehreek-e-Taliban taldea egotea erasoaren atzean. Mohammad Khorasani talde horren bozeramaileak ohar batean nabarmendu du, ordea, ez dutela zerikusirik erasoarekin.

Pakistango talibanak dira talde horretako kideak, eta, 2021ean talibanak Afganistanen agintera itzuli zirenetik, areagotu egin dituzte erasoak. Denboran atzera asko egiteko beharrik gabe, joan den urriaren 11n bertan 23 pertsona hil zituzten Pakistan ipar-mendebaldean.

Indiako hiriburu New Delhin ere antzeko eraso bat gertatu zen atzo iluntzean, eta gutxienez zortzi pertsona hil ziren eta hogei zauritu, auto bat lehertuta. Gertatutakoa ikertzen ari dira iturri ofizialak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.