Gutxienez hamabi hildako Thailandia eta Kanbodia arteko borroketan

Thailandiak Kanbodiako muga itxi du. Bi herrialdeek bertan behera utzi dituzte beren arteko harreman diplomatikoak.

Thailandiako armadaren kamioi bat, soldaduak Kanbodiako mugara eramaten, Surin probintzian, gaur. KAIKUNGWON DUANJUMROON / EFE
Thailandiako armadaren kamioi bat, soldaduak Kanbodiako mugara eramaten, Surin probintzian, gaur. KAIKUNGWON DUANJUMROON / EFE
2025eko uztailaren 24a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Kanbodiak eta Thailandiak elkarri eraso egin diote gaur. Bi herrialdeen arteko mugan, tiroketak eta aire erasoak gertatu dira, eta, beraz, beren lurralde eztabaida historikoa berpiztu dute. Gutxienez hamabi pertsona hil dituzte borroketan; Thailandiako 11 zibil eta militar bat, Thailandiako Osasun ministroak jakinarazi duenez. Kanbodiak ez du hildakoen berririk eman. 

Ez dago argi nola gertatu diren erasoak; izan ere, bi aldeek elkarri leporatzen diote istiluak hasi izana. Thailandiako armadak adierazi du Kanbodiako tropek hasi dituztela erasoak, eta, gaur goizean muga iparraldean hainbat eremu jo dituztela drone eta arma astunen bidez. Kanbodiakoek, berriz, ukatu egin dituzte adierazpen horiek, eta Defentsa Nazionaleko Ministerioak adierazi du Thailandiako militarrek egin dutela lehen erasoa.

Thailandiako armadak, ohar batean, Kanbodiak zibilei eraso egin izana gaitzetsi du, eta tropak herrialde mugakidean sartu direla adierazi. Armadaren bozeramaileak, hedabideen aurrean, eremu militarrak jo dituztela jakinarazi du. Bestalde, erretiratzeko eta «egoera larriagotu dezakeen beste edozein ekintza probokatzailerik ez egiteko» eskatu dio Kanbodiako Atzerri ministroak Thailandiako armadari.

Duela pare bat hilabete berriro gora egin zuen tentsioak Asia hego-ekialdeko bi herrialde horien artean, eta, gaur, haien armadek borrokari ekin diote. Maiatzean, mugan, azken hilabeteetako lehen istilua gertatu zen; Kanbodiako tropek Thailandiako indarrekin tiroketa bat izan baitzuten. Kanbodiako soldadu bat hil zen, eta tokiko agintariek su etena ezartzeko esku hartu behar izan zuten.

Azken astetan, maiatzean berpiztutako tentsioak areagotu egin dira; izan ere, Thailandiako bost soldaduk pertsonen aurkako minak zapaldu dituzte mugako gatazka eremuetan, The Guardian hedabideak kaleratu duenez. Horietako bi eztandak bertan hil ditu, eta beste hiru zauritu egin dira. 

Bangkokek bere lurraldean horrelako lehergailuak jartzea leporatu dio Kanbodiari. Horiek horrela, Thailandiako behin-behineko lehen ministro Phumtham Wechayachaik atzo iragarri zuen Kanbodian zegoen enbaxadorea erretiratuko zuela, eta baita Bangkoken zegoen Kanbodiako enbaxadorea herrialdetik kanporatuko zuela ere. Gainera, Thailandiak bi herrialdeen arteko muga itxi du gaur, Reuters berri agentziak adierazi duenez, Thailandiako militar batekin hitz egin ondoren. Horren aurrean, gaur goizean Kanbodiak bertan behera utzi ditu Thailandiarekiko harreman diplomatikoak, eta Thailandiako enbaxadorea herrialdetik kanporatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.